Danel Agirre
Azken hogei urteetako ametsak unibertsitateko etsaminak egiten pasatu ditut. Akigarria izan da, baina behingoz kontzientzia lizentziatu zaidala dirudi. Nire REM faseko bizipenak irakurleria zabal eta leiala duen berriemaile batenak izatera pasatu dira, eta arraioa: lotan kazetaritzak beste grazia bat du, ez da nik ezagutu izan dudan ofizio patetiko samarra. Esnaerak, hori bai, zeharo trakestu zaizkit. Lehen, azterketa guztiak aspaldi bukatu nituela jabetu, eta arinduta ekiten nion egunari. Orain, pijamarekin batera bokazioa ere erantzi ohi dut, eta nire errealitate profesional askoz grisagora itzuli behar izaten dut goizero.
Pare bat hilabete daramat Kontsumo ikuskaritza izeneko zutabea ametsetan idazten, eta nire bizitzako obratzat dut. Marka da gero: inoiz burutu dudan proiektu interesgarri bakarra ez dut paper eta tintaz inprimaturik ikusiko; fantasia hutsa da. Gizarte garaikidearen produktutzat jo daitekeen edozer iruzkintzen dut artikuluetan: Armintzako Begotxuren jatetxeko hiru kiloko eskalopea, normala baino MDMA gehiago omen duen pilula, Munilla gotzainaren sexualitateari buruzko liburua, barizeentzat ezin aproposagoa den Decathloneko konpresiozko galtzerdi parea, azazkalak apaintzeko modako tratamendua, Donostiako Gabonetako noria… Guztiak kabitzen dira nire sail onirikoan. Notarioaren zehaztasunaz osatzen ditut asteroko sei piezak, fitxa tekniko eta guzti, gogaikarri bilakatzen ez den ironiaren errematearekin. Ordu txikietako nire imajinazioan, Kontsumo ikuskaritza benetako bonba da.
Bart gauean, zurrunga eta hasperen artean, taberna iskanbilatsu baten berri eman zidan Inaxiok. Lagun minarekin bertara hurbiltzea okurritu zitzaidan, bisitak merezi ote zuen alegiazko nire irakurleei abisatzeko. Kaña bat eskatzearekin (Bilbin zela esango nuke), Eskorbutoko Iosu eta Juanma hauteman genituen barraren beste aldean. Minutua pasatu gabe, aulki bat bota zien norbaitek, eta zelai beteko bataila bat hasi zen. Topolinoak burutik metro erdira pasatuta ere, Inaxio eta biok mugitu ere ez ginen egin: koadernoa atera, eta ostatuaren erreseina prestatzeari ekin nion. BERRIAko harpidedunei gomendatzeko moduko tokia iruditu zitzaidan, esan gabe doa. Bost izar eman nizkion, kontsumo ikuskariaren kalifikazio gorena.
Amak berripoz esaten zidan txikitan (berari baino ez diot entzun hitz hori; oriotarren asmakizuna izango da). Puzten ziren Reebok haiek atera zituztenean, esaterako, negarrez hasi nintzen, eta bi urte geroago erosi zizkidan arte ez nintzen baretu. Bizkor ikasi nuen. Maitasuna, zoriona, solidaritatea, inori ez zaizkio axola; berripozkeriak bizi gaitu. Eta mila aurpegitu ditu: testu honekin ari naizen bitartean —benetakoa, Hitza-koa—, Txinako birusarekin kutsatu diren gaixoak isolatzeko astebetean altxatuko duten erietxearen eraikuntza lanak streaming bidez ikusten ari naiz, beste lau milioirekin batera.
Kontsumo ikuskaritzak ezingo luke sekula Youtubeko unboxing kanal txatxu horietako bat izan; aztertutako ekoizkin asko ez lirateke pantailari erakusteko modukoak. Egilearen parafilia guztien inbentarioa legoke hor, finean. Subkontzienteak, alaen horrek, nire eguneroko jardunarekin bateragarria dirudien idatzizko formatuan aurkeztu dit. Eta existentzia hutsal batera kondenatu, katedrala eraiki gabe utziko dudala jakinda.
Leave a Reply