Pilotakada txokora, tokirik badelako

Pilotakada txokora, tokirik badelako

Beñat Alberdi

Izatez, ez da herri handia Antzuola; 2.201 biztanle zituen iaz. Pilotan ere, akaso, ez dauka beste herri batzuek daukaten sonarik. Baina pilotarako zaletasun handia dago herrian, eta harrobia ere badauka; zortzi urte eta erdian profesionaletan aritu da Aitor Mendizabal, esaterako —iaz hartu zuen erretiroa—. Baina, oraingoan, emakumezkoetan dago arreta jarrita. Herriko hiru emakume ari dira parte hartzen Emakume Master Cup txapelketan, 16 urtez azpikoen lehian: Nagore eta Leire Galeano ahizpak eta Olatz Insausti; 15, 13 eta 12 urte dauzkate, hurrenez hurren. Dena den, ez dira herriko neska pilotari bakarrak; izan ere, Antzuolako pilota eskolan emakumeak dira lautik bat.

Ibilbideak, egungo pilotari askoren moduan, eskola kirolean dauka hasiera. Benjaminetan izaten dute lehen aukera herri artean pilotan jokatzeko, 9-10 urterekin. Kimuak dira 11 eta 12 urte artekoak, eta haurrak 13 eta 14 urtekoak. Antzuolan, beraz, mailarik apalenetan izaten dute aukera lehen urratsak egiteko: “Eskolan dabiltzanak Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan gonbidatzen ditugu pilotan jokatzera”, azaldu du Andoni Balerdik, Antzuolako Olalde pilota klubeko kideak.

Eskola kirolak ez dauka beste misteriorik. Lau pertsonako taldeak aurkezten dituzte, eta Gipuzkoako Pilota Federazioak izaten du egutegiaren ardura. “Ondo pasatzea eta pilotarekin disfrutatzea bultzatzen dugu umetan”, argitu du Patxi Olaberria klubeko kideak. “Lehiatzen hasten direnean ere, emaitza izaten da gutxienekoa. Pilotan ikastea da kontua, eta gustura ibiltzea”. Duela bost urte, testuinguru horretan azaldu zen, aspaldiko partez, neska bat pilota klubean.

“Ez dakit zaletasuna nondik datorkidan”, hasi du azalpena Leire Galeanok. “Aita pilotaria izan zen, eta horrek eragingo zuen”. Gurasoek frontoira eramaten zituztela nabarmendu du Leire Galeanok, nahiz eta Jose Mari Galeanok, aitak, kontrakoa azaldu duen aldamenetik; hots, pilotan hastearena “alaben kontua” izan zela. Bi ahizpetan gazteena da Leire, baina, nolabait, berak zabaldu zuen frontoirako atea. Olatz Insausti LHko 3. mailan batu zen pilotara; erdi serio eta erdi txantxetan aipatu du aurretik “pilotak txapa azpira botatzen” jarduna zela.

Erreferentziak sorrarazten

Ez zen makala izan Galeano ahizpetan gazteenaren hasiera. Izan ere, herriko pilota txapelketa irabazi zuen pilotan jokatzen hasi berritan. Kadete mailara arte, oro har, nahasian jokatzen dute neskek eta mutilek. Leireren txapel hark izan zuen ondoriorik, beste bederatzi neskak eman baitzuten izena pilota eskolan. “Antzuolan, eskola kirolean, neskek eta mutilek elkarrekin jokatzen dute kirol denetan”, gehitu du Balerdik. “Haientzat oso naturala da hori”. Arrazoiak arrazoi, egun 34 gaztetxok jokatzen dute Antzuolako frontoian, bederatzi neskak eta 25 mutilek.

Txapelak biltzen hasi, eta balentria hark ez zuen etenik izan Antzuolan. Izan ere, iaz Insausti nagusitu zen kimuetan, herrikide batekin bikotea osatuta, eta Galeano ahizpek irabazi zuten haurren mailako txapelketa. Leireri, berez, kimuetan lehiatzea tokatzen zitzaion, baina ahizparekin parte hartu zuen, helduagoekin.

Olaberriak azaldu duenez, neskek federatutako txapelketetan parte hartzeko aukera izaten dute haurren mailan: “Eta aurten takoekin jardutera animatu ditugu maila horretan. Salto hori eman ezean, hortxe gelditzen zara”. Pilota goxoak erabiltzen dituzte ordura arte, eta pilota mistoak sartzen dituzte federatuen mailan; gutxienez, pilota takoak jarrita astindu beharrekoak. Dagoeneko nahikoa ikasita daude takoak nola jarri behar diren. “Egun batean modu batera jartzen dut, eta hurrengoan beste batera, ondoen nola moldatzen naizen ikusteko”, argitu du Leire Galeanok.

Haurren kategorian lehen urtea du Galeano ahizpetan gazteenak, eta Insaustik azkena du kimuetan. Nagore Galeano, berriz, kadete mailan ari da jada, eta, eskolarteko lehiarik ez izateaz gain, federazioak berak ere, espresuki, ez ditu antolatzen emakumeentzako txapelketak. Olalde pilota klubeko kideek azaldu dutenez, orduan agertzen dira mugak, generoarenak baino gehiago, sexuarenak: “Indar eta altuera kontua izaten da normalean. Neskak ezin izaten dira mutilekin lehiatu”.

Lehia ofizialetatik kanpo, badaude beste aukera batzuk ere; hots, txapelketa pribatuak. Emakume Master Cup da horietako bat, baina ez da bakarra. Nagore Galeano hirugarren aldiz ari da parte hartzen txapelketa horretan. “Igartzen da jendea gehiago entrenatzen dela, eta gero eta zailagoa da”. Iaz elkarren aurka lehiatzea egokitu zitzaien bi ahizpei, eta orduan parte hartu zuen, lehen aldiz, Insaustik: “Partidaren hasieran larritu egin nintzen, baina berdin-berdin jokatu nuen gero”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.