Ariane Vierbücher
Eraldaketa digitalerako aholkularitza teknologikoa eskaintzen du Inplantalariak zerbitzuak. Oinarrian, autonomoei eta enpresa txikiei tresna digitalen erabilera sustatzen laguntzea da helburua. Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa da, SPRI enpresa garapenerako euskal agentziaren eskutik martxan jarritakoa. Hain justu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresei garatzen laguntzea eta eremu horretako industria ehuna babestea da SPRIren erronka. Gaur-gaurkoz, Gipuzkoan, lau garapen agentziak eskaintzen dute programan parte hartzeko aukera: Bidasoa Bizirik agentziak, Debagoienak, Debegesak eta Goiekik.
Aro berrietara egokitzeko aukera eskaintzen du, beraz, programak. Maialen Sanchez Goieki Goierriko Garapen agentziako Enpresa Ekimen Berrietako teknikariak eta Ainhoa Imaz Goiekiko Ekintzailetza arloko teknikariak eman dituzte egitasmo horren inguruko xehetasun guztiak. “SPRIren doako zerbitzua da, konponbide teknologikoen bidez autonomo, ekintzaile eta enpresa txikien lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin sortua”, adierazi du Sanchezek. “Teknologiaren konponbideen integrazioa da erronka, proiektua negozio txikien taldean integratzea, eta parte hartzaile bakoitzarentzako modu pertsonalizatu eta orientagarrian aholkularitza eta teknologia arloko laguntza ematea”.
Imazek argitu du ez dela formakuntza ikastaro bat: “Ezarpen pertsonalizatu eta praktiko bat da, enpresa eskatzaile bakoitzari ondoen egokitzen zaion irtenbide teknologikoa emateko saiakera, bakoitzak bere negozioa hobetzeko, eta, teknologia berriei esker, lehiakortasun handiagoa lortzen saiatzeko”. Merkataritza eta ostalaritza alorretarako izan ezik, beste edozein enpresa sektoretako ekintzaileentzat, autonomoentzat eta enpresa txikientzat ere bada proiektua, “beren eguneroko lan profesionalean teknologiak integratzeko interesa eta jarrera dutenentzat, negozio ereduen balio ekarpena lortu nahian”.
Gero eta partaide gehiago
Goierrin, Goiekiren egoitzan egiten dituzte saioak. 2017an elkartu ziren lehenengoz, eta Imazek azaldu du ordutik 128 autonomok eta enpresa txikik parte hartu dutela proiektu horretan. “21 izan ziren 2017an, 43ra igo zen 2018an, eta 64 izan ziren iaz”. Imazek gaineratu du partaiderik gehienak autonomoak direla, “tradiziozko negozioak”. Sektoreei dagokienez, “pertsonei zerbitzuak eskaintzen dizkietenek” parte hartzen dute gehien, “nahiz eta, pixkanaka, industria munduko enpresa txikiak ere parte hartzen hasi diren eta horiek ere gero eta interes handiagoa daukatela erakusten duten”.
“Beharren araberako aholkularitza” eskaintzen du Inplantalariak programak: zibererasoen prebentzioan aritzen dira, mikroenpresentzat zibersegurtasuna bermatzen, kudeaketa optimizatzen, fakturazio elektronikoa egiten, Interneten presentzia eta posizionamendua hobetzen, Internet bidez sustatze lan aktiboa egiten, negozioa arintzeko eta eraginkorrago egiteko aplikazioak erabiltzen, eta zeregin errepikakorrak automatizatzen.
Ioritz Imaz idiazabaldarra da programan parte hartu dutenetako bat. Buruan bueltaka zebilkion negozio ideia bati forma emanda jaio da Abatza proiektua. Donostiako San Martin azokan du denda. “Proiektu ekintzaile bat abiarazteko asmotan nenbilen. Euskal Herriko ekoizle txikien produktuak merkaturatzea zen helburua, eta Goiekira jo nuen aholkularitza eske. Han izan nuen Inplantalariak programaren berri”.
Idiazabaldarrak bi saiotan parte hartu zuen iaz: sarean presentzia egokia izateko Sustapen Digitala izenekoan, eta negozioa eraginkorragoa izan dadin laguntzeko sakelako gailuetarako aplikazioak ezagutzekoan. “Oso interesgarria” iruditu zaio esperientzia. “Hasieran, gainera, berria zen dena, eta ikasteko aukera ematen zidanez, are interesgarriagoa iruditu zitzaidan. Orain arte, sare sozialak erabili, erabiltzen nituen, baina ez gaur egungo helburuarekin, maila pertsonalean baizik”. Alde horretatik, Inplantariak programa “oso lagungarri” izan zaiola azaldu du negozioa martxan jarri eta sortu zaizkion beharrak betetzeko.
Imazek gaineratu du saioak “oso biziak eta ondo bideratutakoak” izan zirela. “Oso lagungarria izan da egunero erabiltzen nituen tresnei beste erabilera bat emateko; pentsatu ohi dugu dena oso ondo menderatzen dugula, baina ez da horrela”. Negozio ideia gauzatuta, ikasitakoa praktikan jartzeko ordua da orain.
Ane Otegi ekintzaileak ere parte hartu zuen programan. “Osoa Sukaldaritza & Ikaskuntza proiektua sortuta, kontsulta bat egitera joan nintzen Goiekira, eta horren harira jakin izan nuen Inplantalariak programaren berri”. Bi saio aukeratu zituen Otegik: Gailu Mugikorrak eta Sustatze Aktiboa. Esperientzia “oso positiboa” izan da haren hitzetan, “oso gomendagarria”. Saio horiek “agendak kudeatzen eta kontuak bikoizten dituzten aplikazioak ezagutzen” lagundu diote, besteak beste. “Eta nire egunerokoan oso praktikoak dira aplikazio horiek”.
Elkar ezagutzeko gunea
Otegik azpimarratu du horrelako saioetan parte hartzeak “teknologia berrien inguruko ezagutza handitzeko” balio izateaz gain “sarea zabaltzeko” ere balio duela. Negozio ideia oso desberdinak abiarazi dituzten pertsonek parte hartzen dute Inplantariak programan, eta elkar ezagutzeko gune bat da, azken batean. “Lanketan jarraitzeko aukera handia dago oraindik”.
Osoa Sukaldaritza & Ikaskuntza proiektuko kideak “gomendagarritzat” jo du edozein zalantzarekin Goiekira jotzea, “bertan daukaten eskaintza zabala bertatik bertara ezagutzeko, ziur bainago herritar askok, ekintzaileak izan edo ez, ez dakitela Goiekik nolako zerbitzua ematen duen”.
Leave a Reply