Unai Zubeldia
Antsorena Anaien kalea, Karmelo Labaka eta Gartzia Goldaraz kaleak, Felipe Sagarna Zapa kalea ere bai, baita Viktor Hugo kalea ere… Hernaniko hainbat kaleren izenak dira horiek. “Laurogei bat kale izenetatik, 24 gizonezko errealenak dira”, zehaztu du Maialen Apezetxea Hernaniko udaleko Berdintasun teknikariak. “Eta orain gutxi arte bost bakarrik zeuden emakumezkoenak, baina santuak edo Ama Birjinak ziren guztiak”.
Hernanin, 2014 eta 2015 artean eman zuten aldaketarako lehen pausoa, Kardaberaz kaleari Andre kalea izena jarri ziotenean. “Asko kostatu zitzaigun herriko alderdi politiko guztiak ados jartzea, batzuek kontrako iritzia zeukatelako; azken finean, ordura arte jesuita baten izena zeukan kale horrek [Agustin Kardaberaz], eta horrelakoetan ez da erraza izaten aldaketak egitea”, hasi du azalpena Ixiar Pagoaga Hernaniko Berdintasun Kontseiluko kideak. “Sei urtez ibili ginen aurrera eta atzera, ez genuelako nahi inolako konfrontazio girorik, eta lorpen handia izan zen azkenerako”. Pagoagak gogoratu du garai batean Andrekale izenez ezaguna zela kale hori; 1896tik 1900era horixe izan zuen izen ofiziala, Urumea izenarekin batera. “Guretzat pisuzko arrazoia zen hori, eta kontrako erreakziorik ez izatea lortu genuen azkenerako”.
Behin aldaketa eginda, azken urteotan emakumezko guztien ikur bihurtu da Andre kalea. “Baina, horretan gelditu gabe, txosten bat egin genuen kale guztien izenekin”, zehaztu du Apezetxeak. Izenetan “erabateko desoreka” zegoela jabetuta, pauso gehiago eman beharra zeukatela erabaki zuten Berdintasun Kontseiluan —hala nahi duten herritar guztiek eta udaleko zenbait ordezkarik osatzen dute batzorde hori—. Eta, hain zuzen ere, lanketa horren ondorioz inauguratu berri dute Carmen Adarraga Elizaran parkea, egungo atletismo pistaren ondoan dagoen parke estali berria. “Emakume kirolaria zen Carmen, eta garai hartan ez zen hain ohikoa emakumeek kirola egitea”, azaldu du Apezetxeak. 1921ean jaio zen Adarraga, eta Gipuzkoako lehen saskibaloi taldea sortzeko lanean aritu zen. “Eta pentsa, Hernanin, gizonezkoen saskibaloi taldea baino lehenago sortu zen emakumezkoena”. Eskubaloian eta belar hockeyan ere aritu zen Adarraga.
Biek ala biek argi dute Carmen Adarragarena ez dela izango izendapen bakan bat. “Eta, alde horretatik, ondo zehaztuta dauzkagu irizpideak: emakume esanguratsuak goraipatzea da asmoa, herriko emakumeak eta kanpokoak goraipatzea; askotariko emakumeak behar ditugu, hainbat diziplinatakoak; eta lehentasun gisa jarri dugu emakumeen zapalkuntzaren aurka borrokatu zirenak edo garai hartako rolak zalantzan jarri zituztenak izatea”, azaldu du Apezetxeak.
Izen zerrenda udalari
Berdintasun teknikariak gaineratu duenez, “izen propioak” izango dira batzuk, eta “kolektiboak” beste batzuk. “Baina argi daukagu pausoak ematen jarraitu behar dugula, handia baita gizonen eta emakumeen arteko arrakala”. Izen-abizenik ez dute proposatu oraindik. “Baina bertsolariren baten izena eduki dezake kale batek, maistraren batena ere bai; LGTBI kolektiboa ere aintzat hartuko dugu, industria arloan herrian izandako greba garrantzitsuetan parte hartu zutenak ere bai; gerra garaiko emakume milizianoak…”.
Pagoagak zehaztu du helburua dela Berdintasun Kontseiluak udalari “hamar bat izeneko zerrenda bat” ematea. “Aukerak sortzen diren neurrian, kaleei izenak aldatuz joateko”. Hala ere, biek onartu dute errazagoa dela gune berri bati emakume izena ematea, aurretik gizonezko baten izena daukan bati emakumezko batena ematea baino. “Baina lan hori ere egin beharra daukagu”. Emakumezkoek Hernaniren historian “merezi duten erreferentzialtasuna berreskuratzea” da egitasmoaren erronka. “Emakume horiek itzaletik argitara ateratzea, eta belaunaldiz belaunaldi oreka lortuz joatea”.
Leave a Reply