Miren Garate
1980rako urte pare bat falta zela, uztaileko arratsalde gorri batean” iritsi zen Kutsidazu bidea, Ixabel liburuko protagonista Aranguren baserrira, maleta handi bat eskuan zuela, bere burua “Josechu el vasco” bihurtu nahian. “Zibilizazioaren azken portura” iristeko, lanrroberrean zetorren auzoko bati eskatu zion “Marino Lejarretaren amesgaiztoetan azaltzen zen aldapa” hura igotzeko laguntza. Joxean Sagastizabal idazleak eleberri hartan irudikatutako errepidearen antza izan dezake Ataungo Aldarreta baserrira arteko bideak ere. Herritik abiatuta, ia bi kilometro eta erdi egin behar dira maldan gora hara iristeko. Otsaila izateko epel egiten duen astelehen arratsalde batean, elkarrekin datoz autoan Maialen Fuertes eta Paula Albeniz. Iluntzen hasita dago dagoeneko. Maleta txiki bana atera dute autoko maletategitik, eta irribarretsu agurtu dute Maite Lardizabal, ate ondoan zain dagoen baserriko nagusia. Han pasatuko dute astea bi ikasleek. Duela 25 urte pasatxo argitaratutako liburuan bezala, euskara maila hobetzea dute helburu.
Orain urte batzuk, zabalduago zegoen familia euskaldunetan egonaldiak egiteko ohitura. Gaur egun, gutxiago dira hautu hori egiten dutenak, baina oraindik ere badaude aukera eskaintzen duten euskaltegiak. Lazkaoko Maizpide da horietako bat. Lehen, uda partea baliatu ohi zuten ikasleek egonaldiak egiteko; orain, aldiz, udan atseden hartzen dute familiek, eta ikasturte osoan egoten da martxan programa.
Euskaltegian eskolak hartu ostean joaten dira Aldarreta baserrira Albeniz eta Fuertes. Iruñeko Alde Zaharrekoak dira biak, eta biak irakasleak ikasketaz. “Kasualitate hutsa da, etorri aurretik ez baikenuen elkar ezagutzen”. 23 urte ditu Fuertesek. “Lehen Hezkuntza euskaraz egin nuen, baina unibertsitateko gradua gaztelaniaz. Nik klaseak euskaraz eman nahi ditut, eta horregatik erabaki dut hona etortzea”. Aitak ere izan zuen zerikusirik. Orain dela 30 urte, Maizpide ireki eta gutxira, han aritu zen hura ere euskara ikasten. “Lau hilabete egin zituen, lanerako deitu zioten arte. Esperientzia zoragarria izan zela esaten du. Euskara ikasi nahi banuen inbertsiorik onena hona etortzea izango nuela esan zidan”. Albenizek, berriz, 29 urte ditu, eta lanik gabe geratu ostean erabaki zuen euskara ikasteari buru-belarri heltzea. “Betidanik izan dut euskararekiko maitasuna. Nire helburua euskaraz bizitzea da, eta oraintxe zen horri heltzeko une egokia”.
Urrian hasi ziren Maizpiden, eta aurreneko pare bat hilabeteetan han bertan egiten zuten lo —hala egiten dute ikasle gehienek—. “Oso aukera ona iruditzen zitzaigun Aldarretara etortzea: batetik, Maizpidetik pixka bat ateratzeko; eta, bestetik, belarria egiteko eta Goierriko euskara ezagutzeko”. Pello senarrarekin bizi da baserri horretan Lardizabal. “Maiteri Pellori baino gehiago ulertzen diogu; itxiago hitz egiten du Pellok”, diote, barrez, bi ikasleek. Hogei urte baino gehiago daramatzate euskara ikasleak etxean hartzen.
Landetxea ere bada Aldarreta; hala, astelehenetik ostiral goizera arte izaten dituzte etxean Maizpideko ikasleak, baina asteburuan bakoitza bere etxera joaten da. “Jende asko ez da fidatzen edo ez du nahi izaten kanpoko jendea etxean hartzea. Ni oso gustura nago; bestela, akaso, isil-isilik hemen egongo ginen senarra eta biok”. Seme-alabak etxean bizi zirenean ere hartzen zituzten ikasleak. “Seme gazteak parranda ederrak egin izan ditu Maizpidekoekin”.
Ez ditu zenbatuak urte hauetan guztietan etxean izandako ikasleak, “baina akaso berrehundik gora” izango direla uste du. Kontatu du azkenaldian Nafarroako jendea joaten zaiela gehienbat; Gasteizko ikasleak ere askotan hartu izan dituzte, baita Bizkaikoak ere. Eta “tantaka-tantaka”, Iparraldetik ere hasi dira Ataunera joaten. “Ez dago ikasleen profil jakin bat: adin eta toki guztietako jendea etorri izan zaigu”. Hilabeteko konpromisoa hartu behar izaten dute familiek, ikastaroek ere hala irauten dutelako, jarraitzeko aukerarekin. Otsailean, Fuertes eta Albeniz ez ezik, beste bi ikasle ere badaude Aldarretan. “Ikasle batzuk, batik bat erretiroa hartua dutenak-eta, urtero-urtero bi aldiz etortzen dira, eta bakoitzean hilabete pasatzen dute gurean”. Etxekotzat ditu jada, eta beste batzuekin ere jarraitzen du harremana izaten. “Denekin ez da erraza, akaso aurreneko urtean-edo bai, baina gero bakoitzak bere bizitza egiten du”.
Maila lortu arte
Nahi duten maila lortu arte geratzeko asmoa dute Fuertesek eta Albenizek. Arazorik gabe hitz egiten dute euskaraz, zuzen, ia akatsik egin gabe. EGA azterketaren atariko proba ere egin berri dute. Hain zuzen, familia euskaldunetan egonaldiak egin ahal izateko, euskaraz komunikatzeko gaitasuna izatea eskatzen zaie ikasleei. Euskara mailan igartzen dutela azken hilabeteetan egindako hobekuntza diote. “Lehenengo hilabetean izugarrizko buruko minarekin iristen nintzen ohera. Asko kostatzen zitzaidan ideiak euskaraz azaltzea”. Egun batzuk besteak baino hobeak izaten direla diote. “Batzuetan, etsita joaten gara Maiterengana, ez garela aurrerapenik egiten ari esanez”, esan du Fuertesek. “Alde horretatik, lehen urratsak atseginagoak dira, aurrerakadak handiagoak direlako. Ikasketa prozesuak bere gorabeherak ditu, eta hori onartzea kostatu egiten da batzuetan”, uste du Albenizek. Ikasleei animoak ematea askotan tokatzen zaiola esan du Lardizabalek; alabaina, irakasle lanik ez duela egiten azaldu du. “Gaizki esaten dituztenak zuzentzen dizkiet, baina galdetzen badidate zergatik dagoen gaizki, ez dut jakiten azalpena ematen”.
Fuertesen esanetan, batzuetan nagitasun pixka bat ematen die astelehena iritsitakoan Goierrirako bidea hartzeak. “Baina luxu bat da hemen egoteko aukera izatea”. “Bai, pribilegio bat da. Euskara ikastea bakarrik da gure lana, ez dugu erosketarik egiten, ez garbiketarik… Gainera, baserria bera ere zoragarria da, izugarrizko bistak ditu”, gaineratu du Albenizek.
Gosaria 08:00etan izaten da Aldarretan, 09:00etan hasten baitituzte eskolak Maizpiden. Bazkaldu Lazkaon egiten dute ikasle guztiek, euskaltegian bertan lo egiten dutenekin batera, eta, arratsaldean, berriro izaten dituzte eskolak, 18:30ak arte. Horiek amaitutakoan itzultzen dira baserrira. Eta 20:00etan izaten dute afaria. “Oso ondo jaten dugu hemen”, nabarmendu dute biek behin baino gehiagotan. Tertulia pixka bat egiten dute afalostean, eta handik bakoitza bere gelara. Etxean ere izaten dute zereginik ikasleek: “Idazlanak…”, egin dute hasperen biek.
Aitortu dute noizbehinka izaten dutela elkarrekin gaztelaniaz hitz egiteko tentazioa. “Hasieran, errazagoa zen euskaraz hitz egitea, baina, denborarekin, gure arteko harremana ere estutu egin da, eta gauza sakonagoak kontatu nahi dizkiogu elkarri. Edo arazoren bat dugunean ere batzuetan esaten dugu: ‘hau gaztelaniaz azalduko dut'”. Une horietan, elkar animatzea tokatzen dela kontatu dute, elkar euskaraz hitz egitera bultzatzea.
Baserri batean, lehen aldiz
Ikasleetako askorentzat baserri batean egonaldi bat egiten duten lehen aldia izaten da. Hala da Fuertesentzat eta Albenizentzat ere. “Niri asko gustatzen zait baserriko bizimodua”, dio Fuertesek. Kutsidazu bidea, Ixabel-eko protagonistak baserriko lanetan ere laguntzen zuen, baina etxean hartu izan dituzten pertsonek, oro har, ez dutela baserriko bizimoduarekiko interes handirik izaten kontatu du Lardizabalek. Behiak dituzte baserrian. “Bizkaiko mutil bat eduki genuen behin, eta hura ukuilura joan gabe ez zen inoiz euskaltegira joaten. Beti berandu iristen zen, baina lortu zuen EGA ateratzea”.
Anekdota moduan, Fuertesek kontatu du ez zekiela bere logelaren azpian zegoenik ukuilua. “Aurretik beste ikasle bat egon zen logela horretan, eta gauez zaratak entzuten zituela esaten zuen. Esaten genion armairuarena-edo izango zela, egurrezkoa zelako. Baina ni joan nintzenean gela horretara ikusi nuen ezetz, ez zela armairuarena. Eskerrak esan zidaten ukuilua zegoela behean, mamuak zeudela pentsatzen hasita bainengoen”. Kalekume hutsak direla esaten die Lardizabalen senarrak. “Eta arrazoia dauka”.
Lardizabalek eta Albenizek ikusia dute eleberrian oinarritutako filma. “Polita iruditu zitzaidan, barre pixka bat egin nuen. Hala ere, errealitatetik urrun dago. Hauek beste era batera ibiltzen dira, zapatak asko zikindu gabe”, esan du bi ikasleei begiratuz. “Pelikulakoek, gainera, oso ondo hitz egiten zuten”, nabarmendu du Albenizek. Alde horretatik, ez dagoela alderik esan die etxeko ugazabak. “Zuek ere oso ondo egiten duzue. Hemen euskara ikasten egon diren batzuk euskara irakasleak dira gaur egun”. “Ea ba guk ere lortzen dugun, horixe da gure helburua”, erantzun diote ikasleek.
Leave a Reply