Beñat Alberdi
Enplegu gabe bizirik irautea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula gizarte honetan, are gutxiago gizarte bazterketan bizi den pertsona bat izanez gero. Horretan jarri du arreta Arrasateko Udalak, eta, joan den urteko martxotik, martxan du Lan R Bai programa. Gizarte bazterketan daudenak ditu jomugan. Hain zuzen, lan mundura txertatzeko baliabideak irakatsi nahi dizkiete. Finean, lurra ongarritu nahi diete lana bertan ernal dadin.
Herriko gizarte zerbitzuetan jada igarria zeukaten bazegoela zer landua bazterketa bizi duten pertsonen eremuan. “Ikusi genuen esku hartzeetan beharrezkoa dela prestakuntzarekin eta enpleguarekin lotutako edukiak lantzea”, azaldu du Maitane Muñoz Arrasateko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. “Zehazki, lanean hasi aurreko alderdiei buruzko ekintza espezifikoak diseinatzeko eta abian jartzeko beharra ikusi genuen”.
Funtsean, langabezian dauden eta gizarte bazterketa bizi duten pertsonei baliabideak eta tresnak irakatsi nahi dizkiete, gero jauzia emateko lan merkatura edo, hala egokituz gero, babestutako enpleguko enpresetara. Programak, berez, bi urteko iraupena du, bi ikasturtetan banatuta. 30 pertsonak jasoko dute formakuntza. Hamabost hasi ziren joan den urteko martxoan, eta datorren hilean amaituko dute. Beste horrenbestek ekingo diote ikasturte berriari.
Parte hartzaileen profila
Hainbat profili bideratutako programa bat da: familia eta egoitza harrerako baliabideetatik atera diren 18-23 urteko gazteei, Gizarteratze eta Hezkuntza Arloko Laguntza Espezializatuko Programan parte hartzen duten helduei, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei eta etorkinei (bereziki emakumeei). Hala ere, ez dute profila bakarrik hartu kontuan programako kideak aukeratzeko orduan. Arreta berezia jarri diote prozesuan gizonek eta emakumeek aukera berdintasuna izateari. Horrez gain, parte hartzaileek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren bazterketa balorazioa izan behar dute. Gainera, programak modu koordinatuan eta osagarrian lan egin du gizarte bazterketako egoeran dauden helduekin esku hartzeak egiten dituzten zerbitzuekin.
Aldez aurretik, Udalak esku artean zituen herriko bazterkeriari buruzko hainbat txosten, tartean Kalexka elkarteari eskatutakoa. “Lan horretan jasotzen zen herrian ez geneukala baliabiderik profil jakin horietako pertsonei egokituta”, argitu du Muñozek, “Eta pertsona horiek aukera gutxi zituztela bazterkeria horretatik ateratzen hasteko “.
Egoeraren diagnostikoa esku artean, garbi zeukaten zein zen lagundu beharreko sektorea. Zertan lagundu behar zitzaien definitzea zen hurrengo urratsa, hots, ikustea zerk oztopatzen zien lan merkatura sartzea. Oztopo baino, zailtasun gisa baloratu du zinegotziak: “Kasu gehienetan ez dute tresna pertsonalik prestakuntza arautura eta lan zirkuitu normalizatuetara aurkezteko”.
Gainditu beharrekoa definitu ostean, nola gainditu jakitea zen helburua. Horretarako, lan formatiboa prestatu dute; hau da, baliabideak eskuratzeko balio izango dien lana. Zehazki, udal jabegokoa den etxea berriztatzen jardun dute. Era berean, formakuntza teorikoa jaso dute arotz lanetan, elektrizitatean, iturgintzan eta pinturan. Ikasten zutena praktikan jartzeko balio izan die eraberritze lanak. Zinegotziak gaineratu du programaren arrakasta ziurtatzeko aski dela lanen emaitza begiratzea.
Horrez gain, bide pertsonalizatua eskaini zaio parte hartzaile bakoitzari. “Hasieratik garbi geneukan ibilbide inklusibo pertsonalizatuak ezinbestekoak zirela”. Bide horien bidez, kasu bakoitzean izandako aurrerapen eta zailtasun guztiak identifikatu dituzte, orientabideak eman dizkiete partaideei, eta laneratze ibilbidean aurrera egiteko estrategiak eta ekintzak landu dituzte.
Programaren balorazio “ezin hobea” egin dutela nabarmendu du zinegotziak, betiere kontuan hartuta zailtasunak eduki dituztela eta motibazioa lantzea premiazkoa izan dela prozesu osoan. Batez ere, parte hartzaile guztiak ez zeudelako ohituta programak eskatzen zituen betebeharretara: ordutegia betetzera, elkarlanean aritzera, zailtasunak lantaldean adieraztera…
Orain, prozesuaren balorazio indibiduala osatzen ari dira. Autoestimuan eragin ona izan duela azpimarratu du Muñozek. “Abiapuntu hobean daude hasi zirenean baino, zalantzarik gabe”.
Aurrera begirako urratsak
Amaituko du lehen taldeak ikasturtea, baina Lan R Bai programak planteatzen dituen helburuak lortzeko bidea ez dute bukatu horrekin. Prozesuan zehar, parte hartzaileak tutorizatzeko, dinamizatzeko eta haien ibilbidea aztertzeko jarduerak egin dira. Ikasturtea amaitu eta gero ere jarraituko dute jarduera horiekin. Besteak beste, prestakuntzak emateko zentroak hautatuko dizkiete; parte hartzaileek praktikak egingo dituzten enpresak erakarri nahi dituzte; praktiketan lagunduko diete eta haien bidea aztertuko dute; eta parte hartzaileentzako bekak eta laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko beharrezkoak diren izapideak egingo dizkiete.
Datorren hilabetean hasiko da bigarren taldea, hura ere hamabost kidekoa. Printzipioz ez dute programan aldaketa beharrik hauteman, eta lehen taldearentzat antolatutako prozesu bera egingo dute berriz.
Leave a Reply