Miren Garate
Gradu amaierako lan moduan, ikerketa performatibo bat egiteko eskatu zioten Maite Aizpuruari (Zumaia, 1990). Korrika egiteko makina bat aukeratu zuen, eta erabaki zuen makina horrekin zuen harreman pertsonala kontatu nahi zuela. Izan ere, konturatu zen korrikarako makina bat aukeratu zuela elementu performatibotzat, korrika egitea debekatua izan arren. Abiapuntu hori du Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlanak. Korrikarako makina, mediku txostenak, zapatilak eta Aizpurua bera ageri dira oholtzan, elkarrekin joko bat eginez. Autobiografiatik asko duen lan bat da, eta jaioterrian bertan antzeztuko du gaur. 22:00etan izango da emanaldia, Aita Marin.
Nondik nora etorri da antzezlan hau?
Antzezlanak prozesu luze bat izan du. Dantzertin [Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako eskola] hasi zen. Ikasketa amaierako lan moduan, ikerketa performatibo bat egin behar nuen, eta abiaduraren eta gelditzearen inguruko ikerketa bat egiten hasi nintzen. Orduan aukeratu nuen korrikarako makina elementu performatibotzat. Korrikarako makinak eta biok elkar ezagutu eta gero, bigarren fase batean, gehiago sakondu nuen makina horrekin nuen harreman pertsonalean.
Nolatan aukeratu zenuen, bada, korrikarako makina bat elementu performatibotzat?
Konturatu nintzen korrikarako makina bat aukeratu nuela sorkuntzarako, baina nik korrika egitea debekatua nuela, herrena naizelako. Orduan, beste norabide bati heldu nion sorkuntzan. Makina horrek ordezkatzen duenaren inguruko kritika sozial bat ere egiten dut, baina batik bat zein zen nire harreman pertsonala makina horrekin kontatu nahi nuen, barrutik, eta beste gai batzuetan sakontzen hasi nintzen.
Zer esan dezakezu antzezlanak kontatzen duenari buruz?
Performance pieza bat da, genero ezberdinak nahasten dituena. Korrikarako makinaren aurrean jartzen naiz, eta makina horrek promesa bat iragartzen du nolabait: norbaitek korrika egingo du hor, eta ez edozein modutan, ondo egingo du; gorputz mota jakin bat ere ordezkatzen du: funtzionala, produktiboa… Makina hori gaur egungo kulturaren elementu bat da. Ni jartzen naiz korrikarako makinarekin harremanetan, eta korrika egin baino lehen hainbat bide ikertuko ditut, korrika egiteraino nola iristen naizen aztertzeko. Alde batetik, memoria berreskuratzen saiatzen naiz, nire gorputzaren memoria, pasatu den ibilkera guztiekin; bestalde, ibiltzearekin eta korrikarekin zerikusia duten bizitzako momentuekin osatzen dut memoria hori, eta saiatzen naiz hainbat bidetatik lantzen korrika egiterainoko bidea.
Hasieran beste izenburu bat jarri zenion antzezlanari, baina azkenean Erresistentzia arazo fisikoa da deitzea erabaki duzu.
Antzezlanak dio alternatibak ezin direla eraiki gure gorputzetik kanpo, gure gorputza dela bizitza honetan alternatiba, eta bizitzak beti bueltatzen gaituela gorputzera. Horixe da egiten dudan gogoeta. Medikuntzak herrenoi edo arazo fisikoren bat dugunoi jartzen dizkigun debekuen, ematen digun trataeraren eta biolentzia medikuaren errepaso bat ere egiten dut, ikuspegi kritiko batetik. Beste hausnarketa batzuk ere agertzen dira: zer den desgaitasuna eta zer den normala, baina maila oso pertsonalean. Korrika egitearen eta gorputz funtzional horren promesa hartu, gelditu eta horraino iritsi arteko bideak arakatu nahi izan ditut, modu autobiografikoan. Hau da, gorputz perfektua aurrez aurre jarri dut kanon normala betetzen ez dugun gorputz disidenteekin.
Korrikarako makinarik badago oholtzan?
Bai, noski. Oholtza gainean korrikarako makina, mediku txostenak, zapatilak eta ni gaude. Pertsonaren, gorputz disidente horren, baldintzen eta mediku txostenen arteko jokoa egiten du antzezlanak.
Zeu zara antzezlaneko aktore bakarra; idatzi ere zeuk bakarrik egin duzu. Zer moduz moldatu zara bakardade horretan?
Lehen lan profesionala da, bai behintzat pisu honetakoa, eta beldur puntu bat ematen du, are gehiago hain pieza pertsonala izanda. Berez, ez nuen jo nahi jo dudan bidetik, baina sorkuntza prozesuan ikusi nuen ezin niela inondik inora ihes egin kontatzeko nituen gauza pertsonalei, aldi berean politikoak ere badirenei. Lizentzia batzuk hartu ditut, eta fikzioa badago, baina hala ere oso biluzik sentitu naiz, nire baldarkeria guztiak agerian geratzen ariko balira bezala. Hala ere, bakardadea gogorragoa izan da sorkuntza prozesuan. Matxalen de Pedro eduki dut laguntza artistikoa ematen, eta elkarlanean sortutako zerbait dela sentitzen dut, baina erabakiak neuk hartu behar hori gogorra egin zait .
Zeure herrian antzeztea ere berezia izango da, ezta?
Bai; gainera, umetan bai, baina profesionalki ez dut inoiz antzeztu herrian. Azken astean erresidentzia tekniko bat egin dut Miriam Ubanetekin.
Azpeitian egin duzu saio bat dagoeneko. Zer moduz joan zen?
Ondo joan zen, publikoa ere oso etxekoa zen, eta hori beti da abantaila bat. Hala ere, ez zen estreinaldi bat izan; sormen prozesua ireki nion publikoari. Nire asmoa da gaurko emanaldiarekin eta beste pare bat emanaldirekin pieza erabat biribiltzea, eta ondoren banaketarekin hastea, baina tarte bat emanda neure buruari. Ez da lan komertzial bat: lan oso pertsonala da, esperimentala, beste era batekoa, eta denbora eman behar zaio.
Zenbateko iraupena du lanak?
50-55 minutu ingurukoa. Ordubete ingurukoa zen hasieran, baina gauza batzuk erretiratuz eta beste batzuetan sakonduz joan naiz.
Leave a Reply