Leire Narbaiza
Aurreko batean, eta aspaldiko partez, Debara joan nintzen. Eta, normalean ez bezala, automobilez egin nuen bidaia, errepide nagusitik. Elgoibarko autobide sarreratik hurbil dagoen biribilgune inguru horretan ikusi nuenak zur eta lur laga ninduen. Mendi oso bat magal guztiak soilduta, hutsik, biluzik, gorri. Zuhaitz guztiak moztuta, pinuak izango zirelakoan nago. Ez zen ezer gelditzen, ezta sasi txikiena ere. Sarraski demasa. Ederto azaldu zuen Onintza Enbeitak pasa den igandean Basoak? izeneko BERRIAko zutabean. Arbola guztiak kenduta, eta gainera maldan egonda, ez dago lurrari zerk eutsi, eta lur emankor guztia, grabitatearen ondorioz, behera. Euria eginez gero, lur gehiago galdu, eta lokatzez bete inguruak. Desastrea, edozein aldetatik begiratuta.
Amazonia luzaroan sutan egon zenean, penatan begiratzen genion. Australiako suteek albistegiak zabaldu zituzten. Ezin dira konparatu baso horiek eta gure pinudiak, baina gure txikian halako arboladiek badute garrantzia, pinuak ere bai, bere kontu txar guztiekin, ekologikoki soilgune horiek baino hobea da eta.
Enbeitak bere artikuluan eukaliptoak aitatzen ditu, Bizkaian sartzen hasita daudenak. Portugal eta Galizian ere eukaliptoa nonahi. Suteak ere bai. Ez dugu ezer ikasi. Eta ez dut uste ikasiko dugunik, negozioak agintzen duelako edozeren gainetik, eta jabetza pribatuaren mantra errepikatuko dute zuritzeko.
Egunero automobilez joaten naiz lanera, A-8 autobidetik, kutsatzen. Iurretatik Zornotzarako bide-tartean hor ikusten ditut jo eta su hondeamakinak, abiada bizian AHTa eraikitzen, luzaroan geldirik bada ere. Presaz berreskuratu nahian urteetan galdutako denbora. Mendiari terrenoa jaten, lurra zauritzen.
Pasa den larunbatean manifestazio bi izan ziren Donostian eta Bilbon. Gipuzkoakoa Zubietako erraustegia ofizialki martxan jar ez dezaten, eta Bizkaikoa Supersurren bigarren zatiaren kontra. Zubietako errauskailua probetan ei dago, eta laster jarriko omen dute martxan. Supersur errepidearen bigarren zatiak Bilboko azken basoa suntsituko du, Bolintxu, zer eta inork gutxik erabiltzen duen hegoaldeko saihesbidearen luzapena egiteko.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak beste proiektu bat aurkeztu du: tunel bat itsasadarpetik, ezker eta eskumako ertzak lotzeko. Metroz? Ez, errepidez. atzera ere, automobila bultzatzeko, zulatu, txikitu eta porlanez bete bazterrak.
Jakina, hainbeste errepide izanda, ezin ibili auto zaharrean. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak renove plan moduko bat jarri du martxan. Automobil elektrikoa erosteko? Bai, baina… diesel edo gasolina motordun ibilgailuak erosteko ere bai! Biba erregai fosilak eta autogintza!
Eta Eitzagako zabortegia, Zaldibarko hondamendia, burutik kendu ezinda. Lau aste, ia hilabete lur-jausia, zaborra, amildu zenetik. 29 egunera gai toxikoen pean segitzen dute Albertok eta Joaquinek. Eta ez da ezer gertatzen.
Eusko Jaurlaritzak pasa den irailean larrialdi klimatikoa deklaratu zuen. Bistan denez, itxurakeria baino ez da adierazpen instituzional hori, hutsala da goiko guztia jakinda. Berba azalutsak. Plantak egiten dabiltza. Argazkirako baino ez. Negozioak baino ez dielako axola.
Euskal oasia zabortegi bat da, eta gu gaude azpian lurperatuta.
Leave a Reply