Aitziber Arzallus
Iragan igandean, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeek eta haien aldarrikapenek Euskal Herriko hiriburuetako eta herrietako kaleak bete zituzten. Manifestazio jendetsuetan bildu ziren haietako gehienak, baina ez denak. Hitzez Urola Kostako baserriko emakumeen elkarteko kideak Zugarramurdin (Nafarroa) izan ziren, Hazi fundazioak antolatutako irteeran, eta hango emakume baserritarrekin elkartzeko eta harremanak egiteko baliatu zuten eguna. Martxoaren 8a zela ahaztu gabe, elkarretaratzea ere egin zuten, eta dozenaka lagun bildu ziren Berdintasunik gabe, bakerik ez zioen pankartaren atzean.
Egun “bete-betea” izan zutela azaldu du Ana Mari Eizagirre Hitzez elkarteko presidenteak. Zugarramurdira iritsi eta hango emakume talde batekin elkartu ziren Gipuzkoatik joandako hogeitik gora lagunak, “Hitzez elkarteko kideak batzuk, baina baita kide ez direnak ere”. Emakumeek kudeatzen dituzten ustiategi txikiak ezagutzeko aukera izan zuten han, protagonisten eskutik. Ondoren, Martxoaren 8a zela eta, elkarretaratzea egin zuten elkarrekin; jarraian, Zugarramurdiko kobazuloa bisitatu zuten, eta, ondoren, bazkaltzera joan ziren.
Eizagirrek berak ez zuen gainontzekoekin batera joaterik izan, “lanagatik”. “Nik ez nuen goizean autobusean joaterik izan, eta 12:30ean abiatu nintzen hemendik, autoan”. Joan, bazkaldu, eta buelta egin behar izan zuen, ez zeukalako gehiago egoterik. “Askotan, ez joatea errazagoa da, 06:00etan jaikiz gero egunak luze egiten baitira, baina inportantea da horrelako egitasmoetan parte hartzea eta jendearekin egotea, urte guztian ikusten ez dugun jendearekin egoteko aukera izaten dugulako”. Hain zuzen ere, horretarakoxe sortu zuten Hitzez baserriko emakumeen elkartea, “emakume baserritarrei ikusarazteko zenbateko garrantzia duen eurentzat denbora hartzeak eta euren burua zaintzeak”. Eizagirreren hitzetan, baserritarren lanbidea “oso bakartia” da. “Elkarrekin egon eta hainbat egoerari buruz aritzeak, ulertuta sentitze hutsak, babes izugarria ematen digu. Horrelako irteerekin arnasa hartzen dugu, eta indarberritu ere egiten gara, eguneroko bizitzarako gogoa eta grina izateko”.
Urola Kostako bost emakume izan ziren behar horretaz jabetu eta elkarte batean biltzeko urratsa egin zutenak, duela hamahiru bat urte. Eta bateragune horrek beretzat duen garrantzia nabarmendu du elkarteko presidente Eizagirrek. Izan ere, elkartean egiten dituzten bilera eta topaguneak ezinbesteko bihurtu zaizkio. “Bat askotan egon daiteke behea jota, baina bilera eta hitzaldien bidez ikusten duzu beste batzuk ere igaro direla hortik, eta batez ere ikusten duzu besteak nola eman zion buelta egoera horri, eta lagungarria eta pozgarria egiten zaizu hori”.
Eizagirrek, beraz, argi du elkartea laguntza psikologiko handia ematen ari zaiela emakume horiei, baina beste hainbat arlotan ere jarduten du. Hala, formakuntzari garrantzi handia ematen diote Hitzez-en, eta, arazoak sortzen direnean, aholkularitza juridikoa ere eskaintzen dute.
Martxoak 8ko irteerarekin, aurtengo ekitaldien egitarauari ekin diote elkarteko kideek. “Horrela egin ohi dugu: Gabonei eta otsaileko hotzari pasatzen uzten diegu, eta, normalean, hitzaldiren bat ez bada, ez dugu ezer egiten Martxoaren 8ra arte”, azaldu du Eizagirrek. Urtea bukatu artekoak antolatuak dituzte berez, baina ez dakite dena pentsatutako moduan egiterik izango duten, “koronabirusa dela eta”.
Hurrengo ekitaldiak
Urteko batzarra, esaterako, kolokan dagoela aurreratu du. “Datorren astean ez hurrengoan geneukan urteko batzarra, baina segur aski bertan behera utzi beharko dugu, koronabirusagatik”. Osasun Saila ematen ari den gomendioei adi daudela esan du, eta haien arabera erabakiko dutela batzarra egin ala ez. “Guk txikitatik dakigu eztul egiterakoan ahoaren parean zapia edo ukondoa jarri behar dela eta zerbait ahora eraman aurretik eskuak garbitu behar direla, baina ohitura on horiek denak ahaztu egin zaizkigu, eta, gaur, animaliak ohera eramaten ditugu, eta mahaian jartzen ditugu, eta gero kexatu egiten gara animaliengandik gaitzak datozkigulako”.
Ondo bidean, hurrengo irteera maiatzaren hasieran egingo dute, Errioxara (Espainia). El Colletero nekazaritza elkartearen jarduna bertatik bertara ezagutuko dute irteera horretan. Erabilerarik gabe geratzen diren nekazaritzako lurrak ekoizpenerako berreskuratzen eta herritarren parte hartzearekin salmenta sare bat ehuntzen ari da elkarte hori.
Irailean, berriz, Emakumeen Topaketa egingo dute Mutrikun, eta han izango dira Hitzez elkarteko kideak ere. Emakumeen arteko barne dinamika eta barne harremanak sendotzeko jarduerak egingo dituzte topaketa horretan, eta emakume orok izango du parte hartzeko aukera, baserritar izan edo ez.
Leave a Reply