Juan Luis Zabala
Jolastu nahi al duk nirekin? —esan zidan. —Ze ba ez ba? — “Ze ba ez ba”? Hori ondo esanda al dago?
—Ze ba?
—Ba…
—Ez hadi hain garbizalea izan; “auskalo” hitza asmatu zuenari ere esango zionan zer edo zer norbaitek. Ez alferrik!
—Zertan ari haiz?
—Jolasean.
—Ez. Harpa jotzen.
—Jolasteko modu bat.
—Ados. Baina nik beste jolas bat proposatu nahi nian.
—Esan ba.
—Jakina! Ze ba ez ba, ezta?
—Horixe bera. Tip eta Coll ematen dinagu.
—Zein dira horiek?
—Gazteegia haiz horiek ezagutzeko. Jolasa aipatu dun. Zertan jolastu nahi dun?
—Iritzietara: hi nire iritzilari neuronala izango haiz eta nik esandako gaiari buruzko iritzia emango didak.
—Zutabegile baten antzera?
—Gutxi gorabehera. Ezagutzen al duk The Punsetes taldea? Kantu bikaina zeukak gai horri buruz.
—Arrastorik ere ez.
—Gero azalduko diat nahi baduk.
—Ados. Aurrera ba jolasarekin.
—Adibidez: zer iritzi duk koronabirusaz?
—Barkatu, baina esan huen iritzilari neuronalari datuak, informazioa eta irizpideak sartu beharko zitzaizkiola. Eta koronabirusaren kontu horretan, gehienok bezala, zeharo nahastuta nagon, funtsezko oinarririk gabe.
—Zertaz hago, hortaz, hire iritzi neuronala emateko prest, datuz, informazioz eta irizpidez ondo hornituta?
—Futbolaz, nik uste. Nahi gabe ere horretaz dena zekinagu denok, blaituta gauden.
—Futbolaz oro har?
—Ados. Bazakinat nora jo nahi dunan. Gizonezkoen futbolaz. Esan gabe zoan.
—Ez likek ba joan behar.
—Baina halaxe joaten dun ia beti.
—Eta… gizonezko futbolaz oro har?
—Ez. Espainiako Erregearen Kopako finalaz. Final “euskalduna” deitzen diotenaz.
—Eta zer irizten diok ba?
—Iritzi neuronala baino gehiago, nirea sentimendu irrazionala dun. Goragale espirituala eragiten zidan final hori Euskal Herriaren eta abertzaletasunaren eta auskalo zeren aldeko aldarri bihurtzeko sumatzen dudan irrikak.
—Espainiako erregearekiko errespetu falta iruditzen zaik? Txapelketaren antolatzaileekikoa? Espainiarekikoa?
—Bai zera! Geure buruaren aurkako errespetu falta.
—Zergatik? Arrazoitu hori, ahal baduk.
—Hara! 45 urte laster Franco gabe eta nori ematen diogu botoa? Zer telebista daukagu eta zer telebista ikusten dugu? Zer ikus-entzunezko fikzio? Zer tratu ematen diogu euskal literaturari? Zer egunkari irakurtzen ditugu? Interneteko zein gunetan bilatzen dugu informazioa? Zer garrantzi eman diogu euskal herritarrok euskalduntzeari eta, batez ere, niretzat hori dun mingarriena, euskaldunok alfabetatzeari, Rikardo Arregi hil ondorengo 40 urteetan? Ez al dugu kopa “irrikatu”, “preziatu”, “historiko” bat emango digun erregeari txistu jotzea baino zerbitzu hoberik eskaintzerik Euskal Herriari eta euskarari?
—Aukera paregabea duk, ordea, lau haizeetara aldarrikatzeko ez dugula onartzen Espainiako monarkia.
—Hark emandako karamelu jainkozkoa jan, eta gero purrustaka hasi. Dotorea denik behintzat ez didan esango. Bestela ez niken gaitzetsiko, baina, bizi garen bezala bizi izanda, gure egunerokotasuna aintzat hartuta, hipokrisia ariketa iruditzen zaidan.
—Ez nagok ados baina aitortu behar diat iritzi neuronalarena nahiko ondo egin duala.
—Orain niri tokatzen zaidan galdetzea. Zer kantu dun lehen aipatu dunan talde horrena, hain bikaina omen dena?
—The Punsetesena? Itxaron, telefonoan jarriko diat… —Telefonoko bideoarekin batera kantatuz:— “Que no pase un día sin que des tu opinión de mierda…”.
Leave a Reply