Mikel Orbañanos Iribar
Mendian ibiltzeko usadioa aspaldikoa da Euskal Herrian. Urte osoan, bertako eta inguruko gailurrak milaka mendizaleren topagune izaten dira. Gaur-gaurkoz, ordea, COVID-19 birusagatik Hego Euskal Herrian indarrean sartu den alarma egoera dela eta, mendiek zein basoek bestelako irudi bat dute, eta ondorengo asteetan ere egoerak berdintsu jarraituko du. Izan ere, Espainiako Gobernuak hainbat neurri hartu ditu koronabirusari aurre egiteko; horien artean, kaleko aisialdi ekintzak debekatzea, baita mendiko jarduerak ere. Alarma egoera indarrean dela mendiko istripu bat gertatzen bada, zaurituak erreskatea ordaindu beharko du, eta ez da batere merkea.
Azken hamarkadan, mendizaletasuna areagotu egin da, nola turismoagatik, hala imitazio efektuengatik. “Aldi berean, udaberritik udazkenera bitarte, erreskate kopuruak nabarmen hazi dira; hogei urte eskasean, erreskateak hirukoiztu egin dira, eta horrek hilkortasun indizearen igoera ekarri du”. Asier Alonso Osakidetzako Larrialdietako medikuaren adierazpenak dira. Mendiak ere badu bere alde iluna.
1996tik 2018ra arteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mendi erreskateen bilakaera aztertu dute Alonsok eta osasungintzako zein segurtasun arloko zenbait profesionalek. Deigarria da erreskate kopuruak izan duen gorakada: 1996an, 78 erreskate egin zituzten; 2006an, berriz, 115; eta 2018an, 267. Iazko urtea ez da hobea izan: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak plazaratu dituen datuen arabera, iaz 331 mendi erreskate egin ziren, eta Gipuzkoan, zehazki, 116. Nagusiki, 45 eta 60 urte artekoak izan ohi dira erreskatatuak. Hilen kopurua hamabost eta hogei artean egonkortu da azken urteetan.
Datu horiek mahai gainean jarrita, ikerlariek ondorioztatu zuten erreskate lanean mendian espezializatua dagoen mediku baten beharra zegoela. “Erreskateen %80etan arrazoi sanitarioak daude: bihotzekoak, hausturak, erorikoak… Horregatik, erreskatatzaileekin batera medikuak ere joan behar duela uste dugu, biktimari lehen sorospena egin diezaion: in situ artatzeak hiltzeko arriskua murriztuko luke”.
Osasungintzako profesionalak joatearen aldarria ez da ikertzaileena bakarrik, baita Euskadiko Mendi Federazioarena ere. “Mendizaleok betidanik eskatu dugu medikuak erreskate taldean egon behar duela”, azaldu du Igor Lasa Gipuzkoako Goi Mendi Eskolako zuzendariak. Federazioko aholkularitza medikoa ere eskaera bera egiten ari da, baina Osasun Sailak standby egoeran du gaia.
EAEn Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitatekoak edota suhiltzaileak jarduten dira erreskateetan, lekuaren edota kasuaren arabera. Gaizka Etxabe Larrialdiko arduradun teknikariak azaldu duenez, erreskate dei bat jaso orduko telefono konferentzia bat egiten dute Ertzaintzaren, Osakidetzako larrialdi zerbitzukoen eta suhiltzaileen artean. “Une oro, egoeraren berri dakite”, zehaztu du.
Oro har, helikopteroa edota autoa erabiltzen dituzte garraio gisa. Helikopteroaren kasuan, esaterako, pilotuaz eta kopilotuaz gain, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko mendiko bi agente joaten dira, garabilari batekin. Guztira, beraz, bost lagun. Horrez gain, mendizaleak lokalizatzeko Segurtasun Saileko larrialdietakoek bi aplikazio erabiltzen dituzte: 112 SOS Deiak eta Safe 365. Etxabek esan du bi aplikazio horiei esker “erraztasun handiagoarekin” aurkitzen dituztela pertsonak. Halere, Lasak dio erreskate taldeak erreskatatua inmobilizatu besterik ez duela egiten. “Zauritua ohatilan jaso besterik ez dute egiten, eta Osakidetzako helikopterora lekualdatzeko denbora asko galtzen dute. Horrek bere ondorioak ditu”.
Bestalde, erreskate taldean nolako ertzainak joaten diren ere aztertu behar dela uste du Lasak. “Nik batzuk ezagutzen ditut, eta asko beste ataletatik etorritakoak dira. Ez dira berez erreskatekoak”. Urrunago ere joan da: “Istiluen aurkako ertzainak ere jarduten dira”. Hortaz, erreskate taldeak mendizale eta teknikarien talde bat izan behar duela dio, “eta ez polizia talde bat”. Suitzako eredua jarri du adibide gisa: “Mendiko formakuntza duten bi mediku jarduten dira. Zauritua dagoen lekura iristen direnean, aurrena teknikaria jaisten da, ingurua segurua dela ziurtatzeko, eta gero medikuaren esku egoten da zauritua”. Espainiako zenbait autonomia erkidegotan ere antzeko eredu bat dute, besteak beste Aragoin, Asturiasen eta Kantabrian.
Etxabek, ordea, bestelako iritzi bat du. Haren arabera, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban erreskatatu dituztenek “zauri larririk” ez dute izaten, argudiatuta bertako erliebeak ez duela zerikusirik Pirinioetako eta Alpeetako mendiekin. “Guk egiten ditugun erreskate gehienak landa eremukoak izaten dira, eta ez goi mendikoak”. Gipuzkoan, esaterako, Aizkorri, Aralar, Aiako Harriak, Adarra eta Hernio aipatu ditu mendi “arriskutsu” gisa. Zehaztu du ezbeharrik gehienak mendi ibiltaritzan suertatzen direla, eta ez arriskutsutzat hartzen direnetan. Aitzitik, erreskate zailenak mendian esperientzia handia duten mendizaleekin izaten dituzte. “Gogortasun handia dagoen lekuetan ibiltzen dira”.
Ardura eta zentzua
Alonso, Etxabe eta Lasa bat datoz: diotenez, istripuak ugaritzearen arrazoi nagusiak mendiaren erakargarritasun turistikoa eta mendizaletasuna areagotzea dira. Askotariko jarduerak egiten ditu jendeak: mendi ibiltaritza, espeleologia, eskalada, txirrindularitza… Alonsok azaldu duenez, asteburuero 66.000 pertsona inguru joaten dira mendira, eta horietatik ia erdiak dira mendizale federatuak 30.000. Gipuzkoako Federazioan, zehazki, 15.400 pertsona daude izena emanda. Bestalde, zehaztu du mendizaletasuna areagotzearen saltoa batez ere 2012tik 2013ra eman zela, baita erreskate kopuruen igoera nabarmena ere. “150 erreskate inguru izatetik 280 izatera igaro zen”.
Igoera hori ikusita, 2012an, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak erreskateak ordaintzeko disuasio neurri bat jarri zuen indarrean, erreskateak ez baitira merkeak; Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, Ertzaintzaren helikopteroa ordubetez erabiltzeak 2.220 euro balio du. Disuasio neurri horren arabera, baldintza batzuetan mendi istripu bat gertatuz gero, zaurituak ordaindu beharko zuen erreskatea. Alta, Lasaren esanetan, lege hori ez da aurrera eraman. Alonsori, bestalde, neurri hori ez zaio eraginkorra iruditzen: “Datuek erakusten dute neurriak ez duela eraginik izan, aurkakoa baizik: erreskatatuen egoera lehen baino larriagoa da orain”. Hezkuntzarako eta formakuntzarako gai bat dela uste du.
Hain justu, Lasak ikusten du istripu asko mendiko esperientzia faltarekin lotuta daudela. “Ezbeharrak izaten dituztenen %15 soilik dira mendizale federatuak. Beraz, jende asko ezagutzarik gabe joaten da mendira, eta, aldi berean, ausartegi”. Gaur egun, gehienek Internetetik eskuratzen dute informazioa. Lasak dioenez, jendeak uste du ibilaldiaren track-arekin nahikoa dela: “Horrek ezagutzen ez dituzten leku askotara joatea eragiten du”. Segurtasuna erabat teknologian jartzeak orientazio sena galtzea dakarrela ohartarazi du. “Jendeak ez du pentsatzen, eta, mendian ahalmen hori galtzen badugu, erabaki onak hartzeko ahalmena gutxitu egingo zaigu”.
Euskal Goi Mendi Eskolak formakuntza saioak ematen ditu federatuak dauden mendizaleentzat. Nagusiki orientazio eta segurtasun arlokoak izaten dira ikastaroak, “istripuak ekiditeko helburuarekin”, esan du Lasak. Haren arabera, segurtasuna bermatzeko hiru ardatz nagusi daude: lehena, formakuntza egokia izatea arlo fisikoan, elikaduran, orientazioan…; bigarrena, plangintza egoki bat egitea meteorologia, distantzia, denbora…; eta azkena, material eta arropa egokia eramatea. Halere, betebehar horiek ondo finkatuak eduki arren, Lasak dioenez, segurtasuna “momentuan hartzen diren erabakiekin” lotua dago: “Istripuen %60tik gora erabaki okerren ondorioz gertatzen dira. Esperientziak eta formakuntza egokiak erabaki onak hartzea errazten du”.
Gauzak horrela, mendira joatean zentzuz, arduraz eta errespetuz jokatu behar dela azaldu du Lasak. “Jendeak jabetu behar du arrisku puntu bat beti egongo dela; edozein momentutan eta gutxien espero duenean, eroriko batengatik bizitza osorako ondorioak izan ditzake mendizaleak”.
Leave a Reply