Beñat Alberdi
Enpresa handiez gaindi, beste hainbat enpresa ez horren handik osatzen dute herri askoren paisaia. Zer gertatzen da, ordea, jabea erretiratzen bada, edo jabeak enpresa saldu nahi badu? Egoera horiei ahalik eta modurik egokienean erantzuteko antolatu ditu Debagoieneko Mankomunitateak Geroa bermatuz jardunaldiak. Kontua ez da inor egoera luzatzera behartzea, haria ez eteteko bitartekoak eskaintzea baizik.
“Enpresa jabe batzuek, askotan, ez dute aurkitzen edo ez dute ikusten aukerarik euren jarduerari jarraipena emateko”, azaldu du Koldo Azkoitiak, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen agentziako arduradunak. “Enpresa likidatzea eta ixtea izaten da irtenbide bakarra eurentzako”. Testuinguru horri erantzuteko sortu zuten Geroa bermatuz programa. Hiru eskaera jaso zituzten enpresari jarraipena emateko; bi ondo atera ziren, bestea ez.
Debagoieneko Mankomunitateak eskaintzen duen ekonomia aholkularitza zerbitzua da Garapen agentzia. Pertsonei bideratutako aholkuak ematen dituzte, batetik. Besteak beste, lanik gabe daudenak bideratzen dituzte edo enpresa bat sortu nahi dutenei bitartekoak eskaintzen dizkiete. Eta, bestalde, enpresa txiki eta ertainentzako zerbitzuak ere badauzkate. “Horrelako prozesuetan laguntzeko behar bat zegoela ikusi genuen”, gaineratu du teknikariak.
Geroari bidea zabaltzen
Hamaika arrazoi egon daitezke enpresa bat aldaketa beharrekin parez pare jartzeko: jabea erretiratu egingo dela, langileen partaidetza handitu egin nahi dutela enpresari jarraitutasuna emateko, enpresa saldu egin nahi dutela… Kasu guztietan bide berbera hartu behar izaten dutela argitu du Azkoitiak: prozesu bat abiaraztea. “Plan bat egin behar izaten da horrelakoetan, eta garaiz, gainera. Jarduna ez dadila bukatu denbora faltagatik”.
Dokumentu, txosten eta abarrek, burokraziaz gaindi, badute euren garrantzia. Azken finean, euren muinean daukate behar dena; hots, informazioa. “Ondo ezagutu behar da enpresaren errealitatea”, zehaztu du Azkoitiak. Urte askoan lanean ari denak ondo ezagutuko ditu fabrikaren kontu gehienak; nekez, ordea, jabeak egin beharreko lanak.
Informazio horrekin, dena den, bidea hasi baino ez da egiten. Kasu guztientzako “formula magikorik” ez dagoela nabarmendu du agentziako arduradunak; kasu oro, adibidez, ez delako berdina izaten interesa dutenen borondatea zein langile kopurua. Egoera bakoitzak behar du bere formula.
Zer aztertu behar izaten dute, dena den? Zerga sistema da lehenengo puntua. “Zerga onurak egon daitezke edo ez, bai enpresa saltzen duenarentzako, eta baita erosten duenarentzako ere”, zehaztu du Azkoitiak. Dokumenturik formalena da horretarako tresnarik egokiena, baina lan hori zuzen egiteak baldintza dezake Gipuzkoako Foru Aldundiaren programetako batean sartzea edo kanpoan gelditzea.
Etorkizuneko enpresak izan behar duen egitura juridikoa ere aztertzen dute Debagoieneko Mankomunitatearen Garapen agentzian. Langileek hartu behar dute jabetza? Eta, baiezko kasuan, zer komeni da? Kooperatiba bat edo elkarte mugatu bat sortzea? Sozietate anonimo bat, akaso? “Bere alde onak eta ez hain onak dauzka bakoitzak”, argitu du ekonomia aholkulariak. “Enpresa hartu behar duenari edo dutenei dagokie hori erabakitzea”.
Enpresari jarraipena emateko egin beharreko bidea izango litzateke hori guztia, baina Geroa bermatuz programaren erronka ez da bide hori zuzenean egiten laguntzea. “Gure asmoa da horrelako zerbait buruan darabilten enpresa jabeak eta langileak sentsibilizatzea eta horiei informazioa helaraztea”. Horren erakusgarri, enpresez gain, teknikari publikoei zein aholkulari pribatuei ere bidali zieten parte hartzeko gonbita, horrelako egoeretan zein bitarteko dituzten azaltzeko.
Jardunaldiak sakonean
Martxoaren 12an egin zuten lehen saioa, eta hamazazpi lagunek parte hartu zuten bertan. Teknikariak ziren gehienak, baina bazeuden enpresetako ordezkariak ere. Horrelako egoera batean kontuan hartu beharrekoak lantzeaz gain, plangintza bat osatzen ere ikasi zuten, eta baita egoera juridikoki bideratu ahal izateko kontuan zer eduki behar den ere.
Atzo ziren egitekoak bigarren saioa, baina atzeratu egin behar izan zuten, koronabirusak eraginda. Egoera baretzen denean, gizarte ekonomiak eskaintzen dituen formulak izango dituzte mintzagai. “Eta beharra ikusten badugu, aurrerantzean ere jarraituko dugu horrelako gaiak lantzen”, gaineratu du teknikariak.”Enpresen jarduerak ez daitezela ezerezean gelditu informazio edo aholkularitza faltagatik”.
Leave a Reply