Juan Luis Zabala
Gaur bai, gaur koronabirusaz hitz egin beharko diagu —esan zidan joan den igandean, artikulua entregatu behar nuen egunean—. Gaur ez didak futbolaz hitz egingo, ezta?
—Koronabirusaz? Gelditzen al da ba ezer esateko?
—Esadak, besterik gabe, nola eramaten ari haizen konfinamendua.
—Gaizki ere ez. Beti izan naun nahiko etxezuloa. Ikusi egin behar, ordea, denborak aurrera egin ahala nola moldatzen garen. Eta hi?
—Antzera.
—Beldurrik bai?
—Batzuetan. Irakurtzen edo entzuten dudanaren arabera, egun berean pasatzen nauk hau laster ahaztuko dugula pentsatzetik aurreikuspenik beltzenekin izutzera. Oraindik ere badituk alarma hau gehiegizkoa dela dioten birologo, epidemiologo eta denadelakologoak. Beste batzuei entzunda, aitzitik, hau apokalipsia duk.
—Baina gero eta gutxiago ditun alarma gehiegizkoa dela diotenak. Eta badaezpada ere… Kantore zaharreko ürzo lüma-gris gaixoak esaten zuen bezala: “Fida niz zure erraner, fidago ene hegaler”. Hala gauden denok konfinatuta eta konfinatzen ez denari errieta egiten, geure eta inoren askatasunari uko eginda.
—Eta zer esaten didak konspiranoiaz? Duela hiruzpalau aste ziurtzat jotzen zitean askok hau Estatu Batuen trikimailu maltzurra zela Txina ahultzeko. Orain, Txina duk indartu dena.
—Agian Estatu Batuei okerreko bidetik atera zaien tiroa.
—Edo akaso Txinak berak sortu dik birusa, besteak ahultzeko.
—Luistxo Fernandezen Tetris liburuarekin gogoratu naun egun hauetan. Gogoan daukan?
—Bai, 1995ean argitaratua —ekarri dit gogora, eskuko telefonoan kontsulta azkarra eginda—. Errealitate gero eta aldakorrago baten aurrean di-da erreakzionatu beharrean geundela esaten zian, ezta?
—Tetris bideojokoan bezala.
—Eskuliburu ideologikoek ez zutela balio errealitate gero eta aldakor eta konplexuagoaren aurrean.
—Hori… duela 25 urte!
—Bai. Eta gaur egun neurri prebentibo guztiak hartu behar direla ohartarazten ari duk Luistxo, aho aurreko maskaren erabilera masiboa aldarrikatzen.
—Baina hori gaur egungo Tetris honetako jokaldi posible bat baino ez dun. Egokiena? Onena? Auskalo!
—Zuhurrena bai behintzat, ezta?
—Bai, baina ez dun hautu ideologikoa, Tetriseko jokaldi soila baino, unean unekoa, bat-batean eta ahal bezala hartutakoa. Denok dinagu hire asmakizun horren premia handiagoa, iritzilari neuronalarena, Tetris honetan ezin dugulako behar adinako bizkortasunez eta ganoraz erreakzionatu.
—Baina ez ahaztu iritzilari neuronalak, inoiz halakorik asmatzen baldin bada, emandako datu, informazio eta irizpideekin funtzionatuko duela. Ez diagu hutsetik pentsatzen, ematen zaigun informazioaren eta transmititzen zaizkigun balioen arabera baizik.
Eta komeni zaigunaren, edo komeni zaigula uste dugunaren, arabera.
—Hori ere bai. Kontua duk ea nork kontrolatuko duen hori guztia, nork bideratuko duen gure iritzia.
—Bilderbergek?
—Bilderberg ezaguna ez ote da izango Bilderberg ezezagun eta akaso beldurgarriago baten estalkia?
—Beldurgarriagoa? Ez din zertan. Halakorik baldin bada, koronabirusaren aurka gogor jokatu beharko din, handi-mandiei ere erasotzen zien eta. Denentzat dun kaltegarri. Baita, ibili-ibili eginda, klima aldaketa eta planetaren endekapen ekologikoa ere.
—Oraingoz bai. Ikusiko diagu aurrerago. Ez nauk batere fio.
—Ematen din, bai, zer pentsatua eta zertaz hitz egina koronabirusaren kontu honek. Izango dinagu zertaz hitz egin aurrerago ere Tetris gero eta zorabiagarriago honetan.
Leave a Reply