Aitziber Arzallus
Etorkizun oparoago baten ametsak bultzatuta Europarako bidean abiatu diren milaka afrikarretako bat da Abdoulaye Saar (Fimela, Senegal, 1995). Guztiek ez dute Saarren “zorterik” izaten, ordea. Afrikan hiru hilabeteko bidaia “gogor eta neketsua” eta Gibraltarko itsasartea zeharkatzeko hamabi saio egin eta gero, penintsulara sartzea lortu zuen gazte senegaldarrak 2018ko uztailaren 28an. “Sekula ahaztuko ez dudan egun bat”, haren hitzetan. Donostian bizi da orain, “nahiko ondo”, baina bidaian ikusi eta bizi izandakoek “markatuta” utzi dute. Amets europarra deitzen dioten horrek benetakotik gutxi duela dio. “Nire bidaiaz galdetzeko deitzen didaten senegaldarrei den-dena kontatzen diet, ez bainuke nahi nire anai-arrebek nik egin dudan bidaia egiterik”. Eta hangoei ez ezik, hemengoei ere bai. Izan ere, eskolaz eskola ibili da bidaian bizi izandakoak kontatzen.
Saar Dakarko unibertsitatean zuzenbidea ikasten ari zen Europara etortzea erabaki zuenean. Hiru hilabete besterik ez zitzaion falta lizentzia eskuratzeko. “7 urte nituela, Senegal hegoaldeko barnetegi batera bidali ninduten, eta han ikasi nuen batxilergoa bukatu arte; handik Dakarrera joan nintzen Zuzenbidea ikastera”. Jaioterrian “dena” zeukala dio. “Senegalen ondo bizi nintzen. Amaren familiak badauka dirua, eta aitak bizitza guztia darama lanean. Gainera, osaba bat irakaslea da AEBetan, eta beti lagundu izan digu. Behar nuen guztia ematen zidaten; bizitza egonkorra neukan, eta ondo bizi nintzen”. Baina anai-arrebei eta lehengusuei zer pasatu zitzaien ikusten zuen gero, eta ez zuen nahi halakorik. “Unibertsitate ikasketak eta masterrak zituzten, baina ez zuten lanik”.
Espainian bizi zen lagun batekin hitz egin, eta hara joateko konbentzitu zuen hark. Dirua behar zuen horretarako, eta zuen guztia saldu zuen: motorra, ordenagailua… Poliziari ordaindu, eta pasaportea lortu zuen, eta inori ezer esan gabe hasi zuen bidaia. Autobusez joan zen Rossora, Senegal eta Mauritaniako mugara, eta han ere Poliziari ordaindu zion muga pasatzeko eta Mauritanian legez egoteko behar zituen dokumentuak eskuratzeko. Gero, Mauritaniako hiriburu Nuakxoterako autobusa hartu zuen, eta hango lagun baten etxean egin zuen gaua. Hurrengo egunean, hegazkinez joan zen Marokora. Poltsikoan 10 euro zituela iritsi zen Casablancako aireportura, eta autobus geltokira joateko txartelean gastatu zituen. “Ezer gabe geratu nintzen; jateko dirurik ere ez neukan. Hura izan zen kalean lo egin nuen lehen eguna”. Ez zen azkena izango. “Oso gogorra izan zen. Neure buruari huts egin niola sentitzen nuen, baina ezin nuen atzera egin”.
Beldurrari aurre
Geltokian zegoela, hamar urtean han bizi izandako gizon senegaldar bat gerturatu zitzaion, eta, bazkaltzera gonbidatzeaz gain, Tangerrerako autobus txartela erosi zion. “Zorte handia izan dut bidean topatu dudan jendearekin”. Tangerrera iritsi zenean, han bizi den lagun bati deitu zion, eta hark esan zion Espainiara joateko zain dauden senegaldarrak bizi diren gunera joateko. “Eremu horri Tranquilo senegaldarra deitzen diote, eta ehunka senegaldar bizi dira han. Etxebizitza bakoitzean 120 lagunek lo egiten genuen, eta logela bakoitzean 35ek”. Egunez ezin ziren etxetik irten, “arriskutsua” zelako. Soilik euretako bat irteten zen erosketak egitera, eta logela barruan kozinatu eta jan behar izaten zuten; gauez, ur bila irten zitezkeen. “Gastuak denon artean ordaintzen genituen, baina nik ez neukan dirurik. Arreba bati deitu nion, eta hark bidalitakoari esker iraun nuen”.
Hiru egun egin zituen han sartuta, baina lan bila irtetea erabaki zuen. “Bazeuden logela hartan bost eta sei urte zeramatzatenak; bazeuden han egoteagatik burua galdu zutenak ere, eta nik ez nuen horrela bukatu nahi”. Kalera irteten hasi zen; hasieran, lan bila. “Etxera nindoan batean, jipoitu ere egin ninduten. Baina neure buruari esan nion ez nuela beldurrik izan behar, eta, eguna joan eguna etorri, azkenean lagunak eta guzti egin nituen”.
Marokon astebete zeramala egin zuen Espainiara pasatzeko lehen saiakera. “Hamalau lagun abiatu ginen txalupa batean, baina itsasoratu eta berehala atzeman gintuzten”. Bi egun espetxean, dokumentazioa erakutsi eta kalera. Izan ere, hegazkinean iristen direnei hiru hilabetez Marokon egoteko baimena ematen diete, eta artean ez ziren hiru hilabete Saar Casablancara iritsi zela. “Besteak espetxean uzten dituzte, edo sorterrira bidali”. Bigarren astean beste hiru bider saiatu zen, eta alferrik. Baina ez zuen etsi. Hiru hilabete eta huts egindako 11 saiakeraren ondoren, hamabigarrenean, lortu egin zuen.
Patroiaren laguntzaile
Beste askok izaten ez duten zortea izan zuen Saarrek: batetik, hainbestetan saiatzeko aukera izan zuelako; bestetik, haietako batean Espainiara iristea lortu zutelako. “Normalean, bidaia antolatzen duen pertsonari 2.000 edo 3.000 euro pagatu behar izaten dizkiote bidaiariek, baina ni patroiaren laguntzaile gisa joaten nintzen, eta ez nuen zentimorik ordaindu beharrik izaten”. Antolatzaileak erabakitzen du nor izango den txalupako patroia eta nortzuk izango diren haren bi laguntzaileak, eta Saar aukeratu zuen, itsasoan ibiltzen bazekielako. “Nire familiako kide askok lan egin izan dute itsasoan, eta ni ere txikitatik ibili izan naiz. Horregatik aukeratu ninduen, eta horregatik izan nuen horrenbeste aldiz saiatzeko aukera”.
Hamabigarren aldian, arraunean gurutzatu zuten Gibraltarko itsasartea. Gau guztia behar izan zuten, eta “ozta-ozta” iritsi ziren. “Beste bost minutu, eta guztiok hilko ginen, txalupara ura sartzen hasia baitzen. Hamabi lagun gindoazen berez hiruzpalau lagunentzat zen txalupa batean. Hanka bat txalupa barruan generaman, eta bestea itsasoan”. Espainiako itsas salbamenduko kideek atzeman zituzten, eta Algecirasko portura eraman, 2018ko uztailaren 28an. Egun haietan bostehundik gora lagunek lortu zuten itsasarte hori zeharkatzea. Astebete egon ziren Algecirasen. “Ez zekiten gurekin zer egin, eta beldur ginen, baina aste zoragarria izan zen”.
Taldetan banatu zituzten, autobusetan sartu, eta penintsulako hainbat lekutara eraman zituzten. Horrela iritsi zen Donostiara, nora zetorren arrastorik gabe, 2018ko abuztuaren 4an. “Autobus geltokian utzi gintuzten, eta Gurutze Gorriko boluntarioek lagundu ziguten. Bost egunez haien egoitzan lo egin ostean, kalera bota gintuzten, legeak behartuta”. Anoetako aparkaleku batean pasatu zituen hurrengo gauak. “Hau zen kontatzen ziguten ametsetako bizitza?”, galdetzen zion bere buruari. Hartan zirela, boluntario batzuek Donostiako Aralar elkartera joatea proposatu zieten, eta handik Antiguako Txantxarreka gaztetxera joan ziren. “Oso ondo portatu ziren, bai gaztetxeko kideak eta bai auzokoak. Behar genuen babes guztia eman ziguten: aterpea, janaria eta arropa”. Baina iritsi zitzaien gaztetxea uzteko eguna ere, eta Bilbora joan zen, “aitak behartuta”, han bizi den anaiaren etxera. Sei hilabete egin zituen han. Denbora horretan, Helduen Hezkuntza Etengabeko eskola batean ikasten hasi zen, eta baita Santurtziko Baobat elkartean boluntario gisa ere, etorkinei espainiera irakasten. “Aurretik zazpi hizkuntza nekizkien, eta berehala hasi nintzen gaztelania hitz egiten. Beraz, etorkin berriei nekien hura irakasten hasi nintzen, eta baita eskoletan hitzaldiak ematen ere, nire bizipenak kontatzeko”.
Bilbon sei hilabete egin ostean, Donostiara itzultzea erabaki zuen, eta, boluntarioen sarearen eta Donostiako Udalaren laguntzarekin, logela bat alokatu du, sukaldaritza ikasketak egiten ari da, eta eskolaz eskola hitzaldiak ematen. Senegaldik Euskal Herrirako bidaian bizi izandakoak kontatzen dizkie gazteei. Orioko Zaragueta Herri Eskolan izan zen orain dela gutxi, eta Orioko Arraun Elkartekoek omenaldia ere egin zioten, Gibraltarko itsasartea igarotzean patroiaren laguntzaile gisa egin zuen lana aitortzeko.
Leave a Reply