Miren Garate
“Pedagogia feminista egiteko balioko duten tresnak” sortzeko premia zegoela iritzita, emakumeen eta feminismoaren aztarnen proiektua sortu zuen orain urte batzuk Zaida Fernandez Perezek (Bilbo, 1984). Eibarko Emakumeen Mahaiak erabaki zuen herriko industrializazioan emakumeek egin zuten ekarpena ezagutu nahi zutela, eta udaleko Berdintasun Zerbitzuak eskatu zion ikerketa hori egiteko Fernandezi. Bilbotarrak Savina Lafita Sole eta Luz Maceira Ochoa izan ditu lankide, eta liburu batean bildu dituzte ateratako ondorioak.
Nondik sortu zitzaizuen Emakumerik gabe, Eibar, ez litzateke gaur egungoa izango liburua egiteko ideia?
Orain dela urte batzuk, nire prozesu pertsonal eta militanteari esker —Ermuko Emakumeen Asanbladako kidea naiz—, herriko emakumeen eta feminismoaren oroimen kolektiboa (ber)eraikitzeko, berreskuratzeko eta ikusarazteko premia zegoela konturatu nintzen. Ikusi nuen beharrezkoa zela pedagogia feminista egiteko balioko duten tresnak sortzea, eta emakumeen eta feminismoaren aztarnen proiektua sortu nuen. Basaurin, Ondarroan, Ermuan, Errenterian, eta, azkenik, Eibarren gauzatu da proiektu hori. Herri bakoitzeko emakumeek erabaki dute zer berreskuratu, eta zertarako. Oro har, emakumeentzat edo herriko mugimendu feministarentzat esanguratsuak diren edo izan diren leku, garai eta prozesuak berreskuratu ditugu.
Zer berreskuratzea erabaki zuten Eibarko emakumeek?
Emakumeen Mahaiko kideek erabaki zuten Eibarko emakumeek industrializazio prozesuari egindako ekarpenak berreskuratzea. Izan ere, Eibarren, fenomeno sozial, kultural, urbanistiko eta ekonomiko esanguratsua izan da industria, eta herriaren izaera markatu du. Helburu nagusia izan da industria garaian arlo horietan emakumeek egindako ekarpenak berreskuratzea eta aitortzea, ikuspuntu feminista batetik. Aldi berean, ikerketa prozesua bera hausnarketa eta jabetze prozesu bat izatea nahi izan dugu, eta, horrez gain, industrializazio prozesuak emakumeengan izan zuen eragina islatzea.
Zer esango zenuke industrializazio prozesuak emakumeengan izandako eragin horretaz?
Industria, batetik, mesedegarria izan da emakumeentzat, lan eta askatasun aukera gehiago ekarri zituelako, baina, bestetik, bidegabea ere bai: soldatetan berdintasunik ez da egon lan berdina egin arren, lana generoaren arabera bereizi da, diskriminazioa, esplotazioa, sexu jazarpena…
Gainera, oso inportantea da aipatzea zelan ulertu dugun industria kontzeptua. Guretzat, lantegietako produkzioaz harago doa industrializazioa. Arlo erreproduktiboan egiten zen lana ere izan zen industria: zaintza, etxeko lana, apopilotza… Industriaren oinarria, motorra eta erdigunea izan da lan hori.
Zein lan egin zituzten emakumeek lantegietan nahiz lantegietatik kanpo?
Lantegietan, piezak muntatzen, josteko makinak probatzen, piezak egiaztatzen, damaskinatuan, bizikleten piezak egiten eta muntatzen eta abar aritzen ziren, baita bulegoko lana egiten, lantegiko kontabilitatea eramaten eta administrazio lanak egiten ere. Eta garbiketan. Baldintzak nahiko prekarioak zirela aipatzen dute: lan karga handia zuten, gizarte segurantza barik aritzen ziren eta gutxiago kobratzen zuten. Lantegietatik kanpo, berriz, bizitza sostengatzen duten zereginak egiten zituzten: umeak eta jende nagusia zaindu, etxeko lanak egin, apopilotza, etxean bertan ezkutuko ekonomian aritu (piezak egiaztatzen, josten, brodatzen…).
Beste herri batzuekin alderatuta, Eibarrek badu berezitasunen bat emakumeek izan zuten rolari dagokionez?
Bai. Batetik, Eibarren giro liberala zegoen. Taladrina usainaz aparte, askatasuna eta oparotasuna arnasten ziren. Bestetik, Eibarren, ekintzailetza handia zegoen, eta enpresa asko sortu ziren. Eta damaskinatua ere aipagarria da. “Eibarko objektuak” deitzen ziren, eta emakume asko aritu ziren damaskinatuen langintzan.
Industriaren eraginez, herriko biztanle kopurua asko handitu zen 1940ko hamarkadatik aurrera. Zer eragin izan zuen horrek emakumeengan?
Batez ere apopilotza ekarri zuen. Hemengo familiek apopiloak edukitzen zituzten etxeetan; gehienak gizonak ziren, eta dirua ematen zuten janaria prestatzeagatik eta garbiketagatik. Etxeko lan eta zaintza lan horiek emakumeek egiten zituzten, eta ugazabandra izena hartu zuten. Bestalde, Espainiako probintzietatik etorri ziren emakume gehienek zaintzan edo ostalaritzan egiten zuten lan. Baldintza prekarioetan.
Zein iturri erabili dituzue?
Adituekin hitz egin dugu; Eibarko Udal Artxibotik, Elgoibarkotik eta udal liburutegitik atera dugu informazioa; hainbat elkarrizketa egin ditugu, taldekakoak eta pertsonalak… Baina, batez ere, memoria kolektiboko hainbat saio egin ditugu, lehen aipatu bezala, jabetze eta hausnarketa prozesua egiteko. Saio horiek 2015ean egin genituen, Untzagako erretiratuen etxeko gela batean.
Zer kontatu zizueten emakumeek saio horietan? Jabetzen dira egin zuten ekarpenaz?
Hasieran, esaten dute ez dutela ezer inportanterik egin, ez diotela apenas ekarpenik egin hiriko industriari. Bukaerarako, ordea, konturatzen dira euren ekarpenak ezinbestekoak izan direla Eibar gaur egun dena izateko. Hortik dator liburuaren izenburua: Emakumerik gabe, Eibar, ez litzateke gaur egungoa izango. Beraien esaldi bat da, eta horregatik esaten dugu jabetze eta hausnarketa prozesu bat ere izan dela. Liburua ilusioz hartu dute. Harro sentitzen dira. Gu kanala izan gara, baina beraiek egindako liburua da.
Liburua argitaratzearekin batera, erakusketa bat jartzeko asmoa ere bazenuten, baina, alarma egoeraren eraginez, atzeratu egin behar izan duzue. Nolakoa izango da?
Parte hartzailea da Eibarko Martxoaren 8ko lantaldeak antolatutako eta egindako erakusketa. Emakumeen ekarpenak Eibarko industrian jarri diogu izena. Industria garaiko emakumeen ekarpenekin lotutako objektuak aurkituko ditugu erakusketan: tresnak, argazkiak, aipuak… Gure asmoa da erakusketaren aurkezpenean emakume protagonistek zuzenean kontatzea erakusketak biltzen duena. Liburuan oinarrituko da, eta hainbat ardatz bilduko ditu: baserriak, lantegiak, ekintzaileak eta aitzindariak, damaskinatua, zerbitzuak, eta, noski, baita ardatz inportanteena ere: bizitza sostengatzeko zereginak. Espero dugu bai liburuaren eta bai erakusketaren aurkezpena egiteko aukera izatea aurrerago.
Leave a Reply