Unai Zubeldia
Konfinamendu egoeran herritarrak balkoietan erakusten ari diren elkartasuna “kalera” ateratzeko eskatu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, neurriak leuntzen hasten direnean “tokiko denda, taberna eta jatetxeetara” joateko. Agerraldia eskatuta, herenegun Gipuzkoako Batzar Nagusietan eman zituen azalpenak Olanok —bezperan aurkeztu zuen Suspertze Ekonomikorako Plana, 28 milioi eurokoa—. “Oso gizarte solidarioa da gurea”, adierazi zuen Batzar Nagusietan. “Eta funtsezkoa izango da aurrerantzean ere arduratsu jokatzea. Norberaren konpromisoak emango die arnasa denda, taberna eta jatetxe horiei, eta horri esker aterako dira zulotik”.
COVID-19ak “osasun krisia” eragin duela eta sistema guztia “dantzan, zalantzan eta kolokan” jarri duela gaineratu zuen ahaldun nagusiak. “Eta krisi sozial eta ekonomiko bat ere eragin du”. Hain zuzen ere, arlo ekonomikoari dagokionez, neurri zehatzak hartu ditu aldundiak: Suspertze Ekonomikorako Planean, “enpresen sustraitzea, nazioartekotzea eta langileen parte hartzea” bultzatzeko baliatuko dituzte aurrekontuko 28 milioi euroetatik hamalau; “pertsonarik zaurgarrienei eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak eskatu dituztenei laguntzeko”, beste 4,8 milioi; “enpresa txikienei laguntzeko mekanismoak ezartzeko”, 2,6 milioi; eta barne kontsumoa sustatzeko, 3 milioi.
Olanok “ezinbestekotzat” jo du “lehiakorra den ehun ekonomikoa sortzea eta enpresen eta ekintzaile autonomoen balioa agerian jartzea”. Bide horretan, lehentasuna “kalitatezko enplegua sortzea eta mantentzea” izango dela azpimarratu zuen astearteko agerraldian, “enpresa proiektu lehiakor eta iraunkorren eta giza proiektuen bidez”.
Olanok aitortu du erronka ez dela samurra izango. “Zerga bilketan %20 inguruko galera espero dugu, eta 85 milioi euro murriztu behar izan dugu aurrekontua”. Baina aldundiak mantendu egingo ditu “ildo estrategikoei” lotutako programak eta deialdiak, hala nola lehiakortasuna, ekintzailetza eta I+G+B proiektuak. “Lehen sektorearen, turismoaren eta kulturaren errealitate zehatzei erantzuteko neurriak ere jaso ditugu planean”.
Bezperan krisi girotik ateratzeko hartuko dituzten neurri ekonomikoen berri emanda, koronabirusak sortutako errealitate berrian aldundiaren lan ildoak zein izaten ari diren azaldu zuen Olanok herenegun. Gizartea “egoera dramatikoan” bizi dela azpimarratu zuen. “Eta elkartasuna eta maitasuna helarazi nahi dizkiegu hildakoen senitarteko guztiei”.
Gipuzkoan ere koronabirusak oso gogor erasan du zahar etxeetan. “Eta bereziki gogoan eduki nahiko nituzke zaharren egoitzetan lanean ari diren guztiak. Pertsona horiek izan dute lanik gogorrena eta zailena”.
Aldundiak lau irizpide nagusi izan ditu krisiari aurre egiteko: “Proaktiboak izatea, bizkor ibiltzea, elkarlana eta gardentasuna”. Irizpide horiek aintzat hartuta, “bi fasetan” lan egin du aldundiak: “Larrialdi neurriak jarri genituen martxan lehenengo, adinekoen arretari lehentasuna emanda”. Ildo horretan, zahar etxeetako egoera “izugarri gogorra” izan dela azpimarratu zuen Olanok. “Dagoeneko 160 hildako dauzkagu, eta datu beldurgarria da hori, baina gure sistemak ondo eutsi dio erronkari”. Lehen fasea gaindituta, aldundiak “epe ertain eta luzerako begirada” izan du bigarrenean, “gizarte politikei eta ekonomia sustatzeko politikei eutsita”.
Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak gizarte zerbitzuen “erantzun azkarra” goratu zuen. “Koordinatuta eta sarean aritu gara lanean, eta, horri esker, koronabirusetik salbu daude zahar etxeetako plazen %75, nahiz eta egoera hori oso aldakorra den. Oso garai zailak iritsiko dira, eta neurria eman behar dugu”. Sindikatuen iritziak iritzi, zahar etxeetako langileen osasuna bermatzeko “ahalegin handia” egiten ari direla gaineratu zuen.
Oposizioa, haserre
Juan Karlos Izagirre EH Bilduko ordezkariak Olanori leporatu zion bizkortasunari eta elkartasunari dagokionez euren jarduna ez dela izan eredugarria. “Hilabete eta erdian ez dugu egin bilera bakar bat ere ahaldun nagusiarekin eta bozeramaileekin. Oposizioarentzat erabat blokeatuta dago bide ofiziala”. Moduekin ez dago batere gustura Izagirre. “Uste duzue benetan denon artean egin dugula egin duguna?”.
Horrez gain, gobernua “beste batzuen atzetik” ibili dela uste du EH Bilduko batzarkideak. “Berandu eta modu traketsean egin dituzue gauzak, testen, bonuen eta laguntzen kasuan, esaterako”. Peñari, berriz, zahar etxeetako langileekin krisi egoeran bakarrik ez gogoratzeko eskatu zion. “Aldarrikapenak egiten dituztenean ere kasu egin behar zaie. Ea aurrerantzean aitortzen diegun egiten duten lan guztia”.
David Oliden Elkarrekin Gipuzkoa taldeko batzarkideak ere oposizioa aintzat ez hartzea leporatu zion Olanori. Zentzu horretan, COVID-19aren krisiari eta horren ondorioei aurre egiteko mahai bat sortzeko eskatu zuen atzo EH Bilduk, Elkarrekin Gipuzkoa eta PPren babesarekin, baina ezezkoa bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk.
Leave a Reply