Miren Garate
Bizi eta egoera ziurtagiria jasotzera joaterik izango ote zuen galdetzen zuen emakume batek www.justizia.eus atarian, beste herrialde batera bidali behar zuelako, eta epea agortzen ari zitzaiolako. Bidali ezean, pentsio bat jasotzeko eskubidea galduko zuela zioen, betirako. Webgune berean, beste batek kontatzen zuen zaintzari buruzko epaiketa baterako datu guzti-guztiak eskuan zituztela, eta epaiketa data ere, berez, finkatuta zegoela. Beharrezko segurtasun neurriak hartuta, halako epaiketak egiteko aukera aztertzeko eskatzen zuen, gurasoetako batekin egoteko aukerarik gabe, haur asko sufritzen ari direlako. Noiz ezkondu ahal izango diren da beste batzuen zalantza, eta naziotasuna sinatzeko hitzorduekin zer gertatuko den jakin nahi duenik ere bada.
Adibide horiek eta beste askok erakusten dute herritar askoren bizitzak erabat baldintzatuta daudela, justiziak zer erantzungo zain. “Eskubideei eta eskubideen bermeei buruz ari gara hizketan; horregatik, benetako talka plan bat beharko dugu. Ikusi beharko dugu zer egoera geneukan martxoaren 13an, zer egin dugun, eta zer gerta daitekeen alarma egoera bertan behera geratzean. Azterketa horretatik abiatu beharko dugu”, azaldu du Iñaki Subijana Gipuzkoako probintzia auzitegiko presidenteak. Kezka da nagusi epaitegietan; izan ere, auzi asko pilatuko direla uste dute, eta kolapsorako arriskua ikusten dute.
Beste sektore askotan bezala, justiziaren arloan ere oinarrizkotzat jo diren zerbitzuak bakarrik egon dira martxan alarma egoera indarrean jarri zenetik —emakumeen aurkako indarkerien epaitegietako guardiako zerbitzuak, erregistro zibilak, alarma egoerari berari zegozkion erabakiak hartzeko zerbitzuak eta abar—. Funtsezko jarduera hori “erabat bermatuta” egon dela nabarmendu du Subijanak. Alabaina, ohiko jarduera judizialaren %7-8 inguru bakarrik osatzen du horrek.
Espediente digitalik ez
Espediente digitala garatu gabe dago Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Subijanak azaldu du hori dela jarduera tasa hain txikia izatearen arrazoi nagusietako bat. “Benetako telelanik ezin dugu egin, ez dugulako etxetik sistema nagusira konektatzeko aukerarik, ez guk, ez funtzionarioek. Prozedura batzuk etxera eraman ditugu, eta han landu ditugu. Orain, sisteman sartzen hasiko gara, eta telematikoki jakinarazpenak egiten abokatuei eta prokuradoreei”. Espediente digitala egon izan balitz, %40 inguruko jarduerari eustea ere posible izango zela uste du Subijanak. Haren esanetan, aspalditik eskatu izan diote Eusko Jaurlaritzari sistema hori martxan jartzeko ahalegin handiagoa egiteko. Dagoeneko abian dagoen tokietan, adibidez, epaiketak eta abar ere egin dituzte birtualki. “Egoera honetan telelanak protagonismo handia hartu du, eta badirudi aurrerantzean ere hala izango dela. Joan-etorri fisikoak eta pilaketak saihestea zen kontua, eta prestatuta egon izan bagina, guk ere izango genukeen halakoak egiteko aukera”.
Dena den, azken asteotan zertxobait suspertu da justiziaren jarduera Gipuzkoan ere, gauzak arintzen joateko. Hala, hasi dira martxoaren 13an dekanotzan erregistratuta zeuden idatziak, jarduerak, eskaerak eta abarrak, pixkanaka-pixkanaka, bakoitzari dagokion epaitegira bideratzen. “Dagokion epaitegi horrek erregistratu egiten du iritsitakoa, eta hor geratzen da kontua, gehiago ezin da egin oraingoz”.
Beste urrats bat ere egin dute aste honetan; izan ere, astelehenean, prozedura judizialak hasi ahal izateko idazkiak aurkezteko aurretiazko hitzordu telematikoko zerbitzua jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak. Tresna horren bitartez, profesionalek eta herritarrek epaitegietan hitzordu presentzialak eskatzeko aukera dute. Sei barruti judizial daude Gipuzkoan, eta guztietan dago zabalik bulego bat halako tramiteak egiteko. “Horrek esan nahi du eskaera berriak hartzen ere hasi garela”. Orain arteko berbera da dinamika: erregistratu egiten dute iritsitakoa, dagokion epaitegiari bideratu, han ere erregistratu, eta hor gelditzen da, oraingo legez egoera mantendu bitartean. Hain zuzen, sistema telematikorik ez dagoelako jarri da martxan lan egiteko modu hori, prokuradoreek barruti judizialera joateko aukera izan dezaten, baina pilaketak eragotziz. Profesional bakoitzak astean behin bakarrik du epaitegira joateko aukera, eta lau idatzi aurkez ditzake gehienez.
Alabaina, jarduera judiziala ugaritzearen neurria ez da guztien gustukoa izan. ELA sindikatuko ordezkaria da Oldasne Bengoetxea, eta haren esanetan, alarma egoera amaitu arte etxean egon behar lukete langileek, besteak beste, norbere burua babesteko ekipamendurik ez dagoelako guztientzat eta lan egiteko ezinbestean joan behar dutelako epaitegietara. “Espedienteak pilatzen ari dira, noski, zeren abokatuek beren buruari begiratzen diote eta idatziak aurkezten ari dira. Baina espedienteak pilatzen ari direlako ezin digute lanera joateko eskatu, ez, behintzat, gure osasuna bermatzerik ez badago”. Etxetik lan egiteko aukerarik ez dutela nabarmendu du hark ere. Gutxieneko zerbitzuak egin ahal izateko lantaldeak finkatuta dituzte, eta gainerako langileak etxean daude zain, deitzen badiete ere. “Ez dago halakorik gertatzen den beste administraziorik. Epaileek ere badakite ezin dugula telematikoki lan egin, baina, hala ere, langileak eskatzen dituzte; gainera, ez dute behar hori argudiatzeko inolako daturik ematen”.
Bengoetxearen esanetan, etorkizunak kezka eragiten die justizia administrazioko langileei ere, badakitelako lan karga handia etorriko dela. “Eta guk ere nahi dugu kalitatezko zerbitzua eman. Azken batean, guk ematen diegu arreta herritarrei, eta desesperazio egoera asko ikusten ditugu. Baina langileentzako babesa eskatzea dagokigu orain”.
Gutxienez, maiatzaren 9ra arte egongo da indarrean alarma egoera, eta ia bi hilabeteko geldialdia esan nahi du horrek. Aurretik zegoen lan karga ere batu behar zaio asteotan egin ez denari. Subijanak emandako datuen arabera, 3.300 epaiketa inguru geratu dira bertan behera sei barruti judizialetako, lehen auzialdiko epaitegiko, merkataritza arloko epaitegiko, administrazioarekiko auzien epaitegiko, lan arloko epaitegiko, instrukzioko epaitegiko, emakumearen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiko, adingabeen epaitegiko eta zigor arloko epaitegiko datuak kontuan hartuz gero. Maiatzeko lehen hamabostaldira bitartean ziren egitekoak epaiketa horietatik gehienak.
Pilatutako lan horrekin zer gertatuko den galdetuta, Subijanak esan du idatzizkoak diren jarduera judizialetako asko dagoeneko landuta egongo direla, asteotan etxean egindako lanagatik, eta jakinarazpena egitea faltako dela orain. “Arazo gehienak epaiketetan eta agerraldietan izango ditugu, zer osasun jarraibide jartzen dituzten ikusi beharko dugulako”.
Hain zuzen, behin jarduera judizial guztiak baimendutakoan ere, egoera berrira egokitu beharko dutela nabarmendu du Gipuzkoako probintzia auzitegiko presidenteak. “Donostian, adibidez, Atotxako epaitegietan bederatzi sala daude, eta, edozein egunetan joanez gero, jende pila bat egoten da bere epaiketaren zain. Hori, noski, ez da posible izango orain, eta baldintza berrietara egokitu beharko dugu agenda”.
Era berean, koronabirusak eragindako aferak medio, uste dute aparteko lan karga bat ere etorriko zaiela, besteak beste, erregulazio espedienteengatik, konkurtso prozesuengatik, kontsumitzaileek jar ditzaketen salaketengatik, alarma egoeran jartzen ari diren isunengatik eta abar. “Badirudi zigor arloari eragingo diola gutxien. Hala ere, ikusi egin beharko dugu nola datorren panorama: guztia batera etortzen den, sakabanatuago…”.
Abuztuan ere zabalik
Balizko lan karga horretarako prestatzen hasita dago Espainiako Gobernua ere, eta ministroen kontseiluak asteartean onartu zuen epaitegietako kolapsoa saihestu nahi duen dekretua. Bi txandatan banatu nahi du eguneko lanaldia, 08:00etatik 14:00etara eta 14:00etatik 20:00etara, eta arratsaldeetan ere auzi saioak egiteko aukera emango du horrek. Langileak kutsatzeko arriskua murrizteko, telefono bidez edo posta elektroniko bidez emango da arreta zerbitzua, eta ezinbestean aurrez aurre eman behar denean, derrigorrezkoa izango da lehenago hitzordua hartzea. “Elkarrengandik bi metrora egon beharko dugula esan digute”, zehaztu du Bengoetxeak.
Telelana egiteko aukera ematera ere behartu nahi ditu Espainiak eskumena duten erkidegoak. Helegite guztiak batera ez etortzeko, horiek aurkezteko epea luzatu egingo du, eta tramitatu beharreko prozeduretan lehentasunak finkatu ditu. Hala, familia gatazkei, erregulazio espedienteei eta enpresen porrotei lotutako auziak ahalik eta gehiena bizkortu nahi ditu, bai eta adingabeen babesarekin zerikusia duten auziak eta hipotekaren eta alokairuaren luzapenari lotutakoak ere.
Indarrean jartzen denetik, hiru hilabetean egongo da indarrean dekretua, eta aipatutako horiez gain, beste zenbait neurri ere bilduko ditu. Batek eragin du, ordea, polemikarik handiena: abuztuan ere jarduera judizialari eusteak. Hilabete horretan, funtsezko zerbitzuak soilik ematen ziren orain arte, baina aurten, abuztuaren 11tik 31ra, justizia zerbitzu guztiak martxan egotea onartu du ministroen kontseiluak.
Abokatu, epaile eta fiskal askok ez dute begi onez hartu neurri hori, eta Subijana ere ez da neurri horren guztiz aldekoa. “Esperientziak esaten digu abuztuan epaiketak egitea oso zaila dela, jendea oporretan edo baimenekin egoten delako hilabete horretan. Jendeari begirako neurri bat da gehiago, baina zenbateraino izango da eraginkorra?”. Subijanari egokiago iruditzen zaio justiziaren arloan aritzen diren kolektibo guztien oporrak abuztuan pilatzea, eta gainerako hilabeteetan %100ean funtzionatzea. “Abuztuan lan eginez gero, oporrak beste hilabeteetan hartu beharko ditu jendeak, eta horietan ere ezingo dugu nahi bezalako martxan aritu”.
Leave a Reply