Beñat Alberdi
Garaiak aldatuz doazela gauza nabarmena da. Auskalo nolakoa litzatekeen konfinamendua Internet egongo ez balitz. Harremanak sortzeko, esaterako, azken hamarkadan erabat aldatu da smartphone-en rola. Teknologiaren erabilerak berak zuzenean jo du Elgeta. Izan ere, bertako bulegoa ixtea erabaki du Kutxabankek. “Garai berrietara egokitzeko bidean hartu beharreko erabakia” dela argudiatu du bankuak. Udalak, berriz, “aukera murrizketatzat eta atzerapausotzat” jo du. Dirua ateratzeko leihatilak zabalik jarraituko du; arreta jasotzeko, ordea, Bergarara joan beharko dute herritarrek. Orain artean zeukaten banku bulego bakarra zen Kutxabankena. Eustat Euskal Estatistika Erakundearen iazko datuen arabera, 1.139 biztanle ditu Elgetak.
Herriko bulegoa ixtea ez da erabateko ezustekoa izan elgetarrentzat: “Zurrumurruak eta beldur hori ez dut esango betidanik egon direnik, baina aspaldikoa da kontua”, azaldu du Iraitz Lazkanok, Elgetako alkateak. Aurrezki kutxek bat egin zutenetik zerbitzuaren murrizketa “poliki egindakoa baina etengabea” izan dela nabarmendu du alkateak. “Eragiketak egiteko egun jakin batzuk zehazten hasi ziren lehenengo; abuztuan bulegoak ixten hasi ziren gero…”.
Koronabirusak sortutako egoeraren eraginez, behin-behinean Elgetako bulegoa ixtea erabaki zuen Kutxabankek, eta Bergarara eraman zuen zerbitzua. Behin ondoko herrira joanda hasi ziren beste mugimenduak. “Duela pare bat aste deitu zigun Kutxabankeko arduradun batek, eta, zalantza pixka batekin, baina herriz aldatzea aztertzen ari zirela esan zigun”, gaineratu du alkateak. Erabaki horrekin ez zeudela ados azalduta eta berriren bat egonez gero Kutxabankek jakinaraziko ziela adostuta itxi zuten gaia.
Joan den astean, ordea, bezeroek bulegotik bertatik jaso zuten deia; erabakita zeukaten Elgetan jada ez zutela zabalduko bulegorik. “Herriko banku bulego bakarra izateak erakusten du zein den egoera eta errealitatea”, adierazi du Endika Ruiz de Zaratek, Kutxabanken komunikazio arduradunak. “Digitalizazioa dela eta, gero eta eragiketa gehiago egiten dira Internetez, eta ez da hain beharrezkoa bulego fisiko bat izatea”. Zerbitzua mantenduko dutela argitu du Ruiz de Zaratek, baina Bergaratik. “Zerbitzu guztiak bulego handiagoetan elkartzen ari gara denok, bai Kutxabank eta bai gainontzeko bankuak”. Eguneroko zenbait kudeaketa ere bulegotik bertatik bideratu ahal izango dituztela gaineratu du komunikazio arduradunak.
Irtenbide bila
“Ulertu nezake herrian denda txiki bat ixtea”, aitortu du Lazkanok. “Pertsona batek, akaso, ezin du lortu bizirauteko moduko soldatarik. Baina Kutxabankek 300 milioi euro irabazi zituen iaz”. Bulegoa ixteak eragin dituen ondorioei buruz galdetuta, bi egoera planteatu ditu alkateak, adibide gisa: adinekoak batetik, eta herriko komertzioak bestetik. “Demagun pentsioko dirua atera nahi duela adineko batek. Ez da moldatzen txartelarekin, eta Bizum aplikaziorik ere ez dauka. Zer egin behar du?”. Alkateak bi irtenbide ikusten dizkio arazoari: txartela eta PINa emanda dirua ateratzeko aukera norbaiten esku uztea, edo norbaiten laguntzarekin Bergarako bulegora joatea. “Baina autonomoa zen pertsona bat beste baten mendeko bihurtzen da horrela”.
Erabaki horrek merkatariei sortuko dizkien arazoak ere zehaztu ditu Lazkanok: batetik, txanponak-eta lortu ahal izateko Bergarara joan beharko dute herriko dendariek eta komertzioen jabeek. “Eta zer gertatuko da norbaitek 500 euroko billeteaz ordaindu nahi badu?”. Bestetik, arazoak sor daitezke lokalen jabeek eguneko irabaziak bankura eramateko. “Billeteak sartu ahal izango dituzte, akaso, kutxazainetik, baina txanponak?”.
Lehen bezala, herrian bulegoa zabaltzeko eskatuko dio udalak Kutxabanki, eta herritarrak ere antolatzen ari dira jada. Alkatea bera ez dago hain baikor, ordea, sortu berri den egoerarekin. “Erakunde pribatu bat da, eta eurek egokien ikusten dutena egingo dute. Tokitan gelditu dira garai bateko aurrezki kutxa erdi publiko haiek!”.
Leave a Reply