Miren Garate
Errenta aitorpena aurkezteko modalitate mekanizatua martxan da Gipuzkoan asteazkenaz geroztik. Zerbitzu hori abian jarri duen Hego Euskal Herriko lurralde bakarra da, gainerakoek, koronabirusak eragindako egoera dela medio, atzeratu egin baitute aurrez aurreko arreta. Hain zuzen, horixe ari da izaten aurtengo ekitaldiaren berezitasun nagusietako bat: Internet bidezko modalitateak izandako gorakada —aste honetako datuen arabera, %60 igo da—. “Oro har, balorazio positiboa ari gara jasotzen zergadunengandik. Erraztasunak eman ditugu, telefono zerbitzua nabarmen indartu dugu, eta zergadunek antzeman egin dute”, azaldu du Jokin Perona Ogasuneko zuzendari nagusiak.
Oraindik ere aitorpena Internet bidez aurkezteko gomendioari eusten dio Ogasunak, eta gogoratu du Zergabide aplikazioaren bidez zergadun guztiek dutela gaur egun etxetik mugitu gabe eta paper fisikorik erabili gabe errenta aitorpena egiteko aukera —%60k autolikidazio proposamena jasotzen dute—. Baina bulegoak ere irekita egongo dira uztailera bitartean. Ohiko lantaldea izango dute, berrehun langile inguru ari baitira lanean errenta kanpainan, nahiz eta %25 hitzordu gutxiago emango dituzten egunean, pilaketak saihesteko. Bestelako segurtasun neurriak ere hartuko dituzte: garbiketa indartzea, ilaretan bi metroko distantzia mantentzea, hitzordu bakoitzera pertsona bakarra joatea, eta abar.
Neurri horiek, ordea, ez dute ase Gipuzkoako Diputazioko langile batzordea, eta aurrez aurreko arreta martxan jarri izana gaitzetsi du aste honetan: “Badaude alternatibak, baina aldundiak ez ditu aplikatu nahi, alarma egoeran egon arren”, esan du. Bulegoak ireki ahal izateak herritarren joan-etorriak bultzatuko dituela uste du, eta, horrez gain, zaila izango dela langileen segurtasuna bermatzea. Ez dago ados Perona. “Errenta mekanizatua atzeratu genuenean esan genuen zergadunen eta langileen osasuna bermatzea posible zenean berreskuratuko genuela zerbitzua. Orain, konfinamendutik ateratzen ari garenean, posible da hori egitea, eta horregatik ireki ditugu bulegoak”.
Haurdun zeuden bost emakume ez kontratatzea ere egotzi dio langile batzordeak Ogasunari. Erabakia “lotsagarria, ulertezina eta diskriminatzailea” iruditu zaio, “legez, kontratu bat edukitzeko eskubidea behar luketelako”. Langileen ordezkarien esanetan, langile horiek beste lan batzuk egiteko gai dira; esate baterako, telefono bidezko arreta emateko. “Eta hori ere posible ez izanez gero, gaixo baimena hartzeko aukera behar lukete, arriskua duen beste edozein langilek bezala”. Gaiari buruz galdetuta, Ogasuneko zuzendariak esan du haurdun dauden pertsonak arrisku taldetzat hartzen direla egungo egoeran. “Eta pandemia iritsi zenean babestu genuen lehen kolektiboetako bat izan zen”.
Ogasunak eginak dituen aurreikuspenen arabera, 390.000 aitorpen jasoko ditu; 288,8 milioi euro itzuliko dizkie zergadunei, eta haiek 264,2 milioi Ogasunari. Beraz, 24,6 milioi euroko saldo negatiboa izango du. Oraintxe bertan, 191.000 aitorpen daude eginda, eta Ogasunak 120 milioi eurotik gora itzuli dizkie zergadunei. “Esan dezakegu, gutxi gorabehera, kanpaina osoaren erdia egin dugula”. Aurten iazko diru sarrerak eta gastuak aitortzen direnez, COVID-19aren arrastorik ez da igartzen diru kontu horietan, baina igarriko dira hurrengo urteko ekitaldian: “Dauzkagun aurreikuspenen arabera, %20-%25 inguru jaitsiko da zerga bilketa aurten. Aurreikuspen horren arabera egokitu ditugu bai gure aurrekontua, bai udalen finantzaketarako funtsa”. Hain zuzen, lehen lauhilekoan jada %24,4ko jaitsiera izan du zerga bilketak.
Peronak azaldu du presa ez dela bidelagun egokia erabakiak hartzeko, baina komenigarria iruditzen zaio begi bat etorkizunean jartzea. “Gizarte politika eta ekonomia sustapena dira guretzat lehentasun nagusiak, eta bi arlo horietako partidak mantendu eta indartu ditugu, eta gainerako dena berrantolatu, gastua murriztuz”.
Zenbait proposamen
Bestelako erakundeak ere hasita daude haien ustez zerga arloan hartu behar liratekeen neurriak proposatzen. Confebaskek, kasurako, errenta eta sozietate zergak igotzea proposatu dio Jaurlaritzari, “beti gehien eman dezakeenak gehien emateko printzipioari jarraituz”. Enpresaburuen elkartearen ustez, zorpetzea beste aukerarik ez da izango, eta ahaleginik handiena krisia ondoen jasaten ari direnek egin behar dutela dio, hots, enplegua eta mozkinak mantentzen dituztenek eta errentarik handienak dituztenek.
LABek, berriz, aberastasunaren gaineko zerga bat sortzeko eskatu du aste honetan, gaur egungo ondare zergaren mugak gainditzeko. Harago joanda, sindikatuak “egiturazko erreforma bat” nahi du, eta ez aldi baterakoa bakarrik. Tartean, PFEZ berriz diseinatzeko eskatu du. Adierazi du “langileen bizkar” dagoela zerga presioa, errenta zergan eta BEZean oinarritzen delako, eta hori aldatzeko premia ikusten du: “Foru ogasunek biltzen dituzten ehun euroko, euskal familiek 75 euro baino gehiago ematen dituzte”.
Proposamen horiei buruzko baloraziorik ez du egin Peronak, oraindik ez dituztelako esku artean. “Baina, inoiz baino gehiago, kolaborazioa, komunikazioa eta egoerarekiko sentsibilitatea beharko dira”. Alde horretatik, nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundia gizarte eragileekin ari dela elkarlanean krisia hasi zenetik. “Hartzen ditugun erabakiak une oro ahalik eta koordinatuenak eta eraginkorrenak izatea da helburua”.
Leave a Reply