Beñat Alberdi
Egoera bitxi asko sortu ditu koronabirusak, Oñatiko Oñatz dantza taldearena kasu. 1970ean sortu zuten, eta, 50. urteurrenaren harira, urte osorako, hilabetez hilabete, prest zeukaten egitaraua. Berrogeialdian sartu behar izan dute, ordea, urteurrena. Ez dute aurreikusi aurten ekitaldirik antolatzerik, baina, ekitaldirik gabe ere, urteurren berezia da nahitaez; 50 urteko historia daukate atzean.
Duela mende erdia, antolatzen ari zen Oñatiko gazteria. Aisialdiari begira bereziki, baina euskal identitatea mantendu ahal izateko helburuarekin. Horrela sortu zuten Oñatz aisialdi taldea, eta Jesus Irizar Txutxin-i, sortzaileetako bati, bertatik iritsi zitzaion dantza talderako jendea batzeko proposamena. “Aurretik bazeuden hiru edo lau talde; gehienak Elizaren inguruan sortuak”, azaldu du Irizarrek. “Garai haietan, bai Oñatin, bai Euskal Herrian, Eliza zen kulturaren jabe”.
Haurrei irakasten aritu ziren hasieran, euskal dantzak transmititzea eta ez galtzea zelako taldearen erronka. Beste afera bat izan zen helduen taldea sortzea. “50 urte daramatzagu dantzak irakasten eta 45 dantzak eskaintzen”. Orduan, udalak berak zeuzkan bederatzi dantzari, denak gizonezkoak; emanaldi bakoitzagatik ordaintzen zioten bakoitzari. Bost urteko lanak fruituak emanda, 1975ean lortu zuten aldaketa: batetik, emakumeak sartu ziren taldean, eta, bestetik, udalak emandako dirua norberarentzako hartu beharrean, taldera bideratu zuten. Oraindik zutik dirauten oinarriak jarri zituzten dantza taldean.
Bide luzea eginda, urteurrenera “osasuntsu” heldu da Oñatz. Izan ere, berrogei irakasle zein dantzari ari dira transmisio lanean, eta hirurehun bat haur aritzen dira eurekin. “Gorabeherekin”, baina mende erdiari “ondo” eutsi diotela gaineratu du Maite Irizarrek, Oñatz dantza taldeko kideak eta urte askoan jardunak. “Herrian klaseak doan eskaintzen dituen kultur talde bakarrenetakoa gara”, nabarmendu du. “Klaseak hartu eta gero, halako zor bat sentitzen duzu taldearekin”. Irakasleek ez dute kobratzen klaseak ematearen truke.
“Talde izaera ederra” dutela argitu dute kideek. Jesus Irizarrek txantxetan gaineratu du eztei agentzia bat daukatela. “Taldean sortutako bikote bat baino gehiago ezkondu da”. Arkaitz Bengoak, berriz, egungo taldekideak, oinarri dituzten balioak ekarri ditu hizpidera: “Irakasteko balio onak transmititzen ditugu: taldean egindako lana eta umore ona. Horren ondorio naturala da lagunak izatea”.
Urteurrena diseinatzen hastean ere kontuan hartu dute aurrez egindako lana, eta lan egiteko modua. Hiru euskarritan oinarritu dute programa: nortasuna, transmisioa eta elkarlana. “Gure berezko nortasun hori nabarmen gelditu da Oñatzen ibilbide osoan; transmisio lanean aritu gara, eta borondatezko lan horrek bermatu du soka mantentzea”, azaldu du Maite Irizarrek. Gure sokaren gorulariak leloarekin barneratu dituzte oinarriak.
Antolakuntzan sakontzen
Urtarrilean ekin zioten urte osorako plangintzari, baina aurretik eginda zeukaten egin beharreko lanketa guztia. “Iazko uztailean, jada, elkartzen eta egindakoa trukatzen hasita zeuden lantaldeak”, zehaztu du Bengoak. Hamazazpi lantalde sortu zituzten guztira: koordinaziokoa, komunikaziokoa, merchandising arlokoa, finantza taldea…
Hilabete bakoitzari Oñatzentzat garrantzitsua den gai bat eman zioten: inauteriak, jantziak, harrobia… Hala ere, presente izan dute, betiere, 50 urteko historia daukatela atzean: “Horregatik, saiatu gara hilabete bakoitzean belaunaldi desberdineko jendea batzen. Ez dadila izan gaur egun taldean dabiltzanek soilik antolatutako zerbait”, azaldu du Bengoak. Jesus Irizarrek berak osatu zuen helduen taldean ibili diren dantzarien zerrenda, nahiz eta beste batzuen laguntza ere izan duen. Guztiei aukera eman zieten antolakuntzan parte har zezaten.
Horrela hasi zen urtarrila, urteko ekitaldien aurkezpena eginda, eta sokadantza bat prestatu zuten ondoren. “50 pertsona animatu ginen, eta urte bat irudikatu zuen bakoitzak”, nabarmendu du Maite Irizarrek. “Taldearen sortzaileak zihoazen aurrean, eta belaunaldiz belaunaldi osatu zuten soka”. Belaunaldi guztiak batu nahi izan zituzten hasierako argazki hartan, elkarri eskua emanda, transmisio lana irudikatzeko.
Inauterietako dantzak eskaini zituzten otsailean, baina koronabirusaren gaitza iritsi zen martxoan. “Ondorioz, aurten beste ezer ez antolatzea erabaki genuen”, argitu du Maite Irizarrek: “Ez dago gozatzeko baldintzarik”. Ospakizunak erdizka egitea baino nahiago izan dute bertan behera uztea eta hurrengo urtera atzeratzea.
Leave a Reply