Tere Madinabeitia
Gipuzkoako ibai, erreka eta urtegietako arrainak lasai asko ibili dira uretan azken aste hauetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoaren erdialdean ireki zuen arrantza garaia, baina alarma egoerak joan den astelehenera arte bertan behera utzi zituen urtetik urtera gero eta gutxiago diren arrantzaleen asmoak eta nahiak.
Gipuzkoan, aldundiarena da ibaietako, erreketako eta urtegietako arrantzaren eskumena, eta foru aginduz garatzen du dagokion araudia. Aurten, martxoaren 14tik irailaren 30era arte luzatuko da arrantza garaia, martxoaren 2ko 0070/LI/2020 foru aginduak jaso zuenez. Zein espezie eta non arrantzatu daitezkeen ere zehazten du agindu horrek.
Baina alarma egoeran ezarritako debekuaren eraginez, bi hilabete eta erdiz ezbaian egon da arrantza garaia. Egin al dio mesederik etenaldi horrek ibai, erreka eta urtegietako faunari? Eta arrantzaleek zer diote kanaberak eta amuak ezin harturik egon diren tarte luze horretaz?
Aldundiko Fauna zerbitzuburua da Iñigo Mendiola, eta, azaldu duenez, etenaldiak ez du izango ondoriorik arrainen kopuruan, arrantza jarduerak berak ere ez duelako ia eraginik ibai, erreka eta urtegietan. Batetik, ezin delako arrantzarik egin Gipuzkoako ibai eta erreka guztietan. “Erreka txikietan ezin da arrantzatu, arrainak ere txikiak izaten direlako, eta ez direlako iristen eskatzen den gutxieneko tamainara”. Horregatik, ibai handietan eta zehaztutako tarteetan bakarrik arrantzatu daiteke, arrainek tamaina jakin bat daukaten lekuetan bakarrik. Gainera, Gipuzkoan “hil gabeko arrantza” praktikatzen da; hau da, arraina harrapatu ondoren, uretara itzultzen da. Gehien arrantzatzen diren espezieak amuarraina eta barboa dira. Izokina, berriz, Bidasoa ibaian bakarrik harrapa daiteke, nazioarteko tartean.
Bestetik, Gipuzkoan oso arrantza gutxi egiten dela azaldu du Mendiolak, eta arrantzaleek ez dutela kalte handiegirik eragiten ibaietan. “Arrantzaleak gero eta gutxiago dira, desagertzen ari dira”. Kirol edo zaletasun hori praktikatzen dutenen artean gazte gutxi dago, eta arrantzaleen adina gora doa nabarmen. “Alde handia dago. Duela hamabost bat urte, arrantza garaia irekitzen zenean, jende pila bat ibiltzen zen, urduri. Gaur egun, berriz, oso lasaia da denboraldi hasiera”, dio Mendiolak.
Arrantza egin ezinik
Zenbakiek baieztatzen dute arrantzarako zaletasunaren beheranzko joera. Aldundiak 7.000 bat baimen tramitatzen zituen arrantza garai bakoitzeko duela hamabost urte, eta gaur egun 3.000 besterik ez. Baimen horietako baten jabea da Santos Fernandez legazpiarra. Aspaldiko arrantzalea da, “betikoa”. Jaioterrian ikasi zuen arrantzan, Burgosko Villarcayo herrian (Espainia), eta, Legazpira etorritakoan, Urola ibaian jarraitu zuen zaletasunarekin, etxe ondotik igarotzen dela baliatuta. Aurten inoiz baino beranduago hasiko da, debekua astelehenean amaitu zelako. “Arrantzatu ezina etsipenez hartu dugu”. Baina baimena eman eta berehala joan zen arrantzara, asteazkenean, “kanaberak prestatu eta zizareak hartu bezain azkar”. Beste arrantzale batzuk aurretik ibili direla azaldu du, “kirola dela eta ez dela” baimendutako jarduera zela uste zutelako. “Nahasketa handia egon da”.
Fernandezek Zegama aldean du arrantzarako toki kutuna; Altzania inguruan dagoen urtegian eta Aizkorritik behera jaisten diren erreketan botatzen du amua batez ere. Amuarrainak harrapatzen ditu, “22 zentimetrotik 35era artekoak. Handiak errekara itzuli behar dira, erruteko”. Harrapatutakoak jaten ote dituen galdetuta, “bat edo bi bai”, erantzun du, “eta besteak emaztearen kontu gelditzen dira”.
Arrantza debekatuta egon den tartean ibaiak ez direla asko aldatu uste du Fernandezek, eta aurrerantzean ere amuarrainak lehen bezala egongo direla. Arrantzaleak, berriz, aurten iaz baino gutxiago izango direla azaldu du, urtetik urtera jaisten ari delako afizioa.
Arrainez gain, beste espezie batzuek ere osatzen dute ibaietako fauna. Mendiolak azaldu duenez, bisoi europarra eta mutur luzea dira aipagarrienak: “Biek lotura handia daukate ibaiarekin, eta oso gutxi daude”. Bi espezieak desagertzear daude. Hegaztien artean, ibaien inguruan ugariak dira martin arrantzaleak eta ur zozoak, eta gero eta gehiago ikusten dira ahateak eta koartzak.
Landaredia edo flora ere oso garrantzitsua dela azaldu du Mendiolak,”ibaia ez baita ura bakarrik, ekosistema oso bat da”. Alboetan dagoen landarediak bere garrantzia du, besteak beste abereen janari iturri delako. Horregatik, sistemak behar bezala funtzionatzeko, ibaietako flora ere babestu egin behar dela azpimarratu du.
Ibaien egoera “ona” dela azaldu du Mendiolak, batez ere 1950eko hamarkadako industrializazioaren eraginez kutsatutakoak berreskuratu zirenetik. “1980ko eta 1990eko hamarkadetan arazketa sistemak jarri zituzten kutsadura kontrolatzeko, eta hori lortu da, neurri handi batean”. Kutsadura murriztuta eta ura garbituta, bizitza itzuli da lehen bizitzarik ez zegoen ibaietara.
Leave a Reply