Miren Garate
COVID-19a iritsi aurretik ere udalak “abandonatuta” zituela diote Urnietako merkatariek eta zerbitzuen arloko negozioek. “Hogei urte daramatzat dendarekin, eta inoiz ez zait etorri inor zerbait behar ote dudan galdetzera”, azaldu du optikariak. “Gizarte zerbitzuetatik Donostiara bidaltzen dituzte haurrak, ni hemen egon arren”, berriz, psikomotrizitate zentro bat duen profesionalak. “Merkatarien erroldarik ere ez dute, eta oraintsu arte ez da egon merkataritzako teknikaririk”, gaineratu du ile apaintzaileak. Eta tabernariak: “Urtero diru sail bat egoten da merkatariontzat, baina guk ez dugu inoiz ikusi diru hori; ez dakigu zertan inbertitzen duten”. Pandemiak egoera nabarmen okertu dienez, elkartzea erabaki dute 71 negoziok, eta udalera jo dute laguntza eske. Jaso duten erantzuna, ordea, “etsigarria” iruditu zaie.
Berez, Urnieta ez da herri erraza merkataritzan aritzeko; besteak beste, oso gertu dituelako Donostia eta beste zenbait herri handi. “Dena egon arren, ez dago bertan kontsumitzearen aldeko kontzientziaziorik”. Konfinamenduko asteetan, “hilda” ikusi zituzten kaleak, eta merkatariek beraiek erabaki zuten mugitzen hastea. “Bilera bat egin genuen, eta udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei esan genien etortzeko. Lanean hasi ahal izateko laguntza eskatu genien”. EAJko zazpi ordezkariek osatzen dute udaleko gobernu taldea; oposizioan, berriz, EH Bildu eta PSE-EE daude: lau zinegotzi ditu batak, eta bi besteak.
Proposamen horretan, eskaera nagusi bat egin zuten merkatariek: diru laguntza zuzen bat itxita egon den edo fakturazioa %70 baino gehiago murriztu zaion negozio bakoitzarentzat. “Gremio gisa, 3.000 euroko laguntza eskatu dugu, uste dugulako diru hori jar dezaketela”. Esan dute kopuru hori jasota ere ez liratekeela gastuak estaltzera iritsiko. Dendarietako batek dio itxita egoteak 3.000 euroko gastua eragiten diola hilean, bere soldata kontuan hartu gabe. 2.500 euro aipatu ditu beste batek. “600 euro da alokairua, 280 euro autonomoen kuota, 200 euro argia, 140 euro ura, hornitzaileen ordainketa, zergak…”.
Eta horiei segurtasuna bermatzeko egin behar izan dituzten inbertsioak batu zaizkie orain. “1.400 euro ordaindu dut ozono makina”. Bada aurrera egiteko gurasoei dirua eskatu behar izan diela aitortu duenik ere. “Aurrena gure negozioa ordaindu, eta gero gerokoak, horrela funtzionatzen dugu guk. Geratzen zaigunarekin ordaindu behar ditugu gure etxea, arropak, jana…”.
Udalaren eskaintza txikiagoa izan da diru aldetik: mila euroko diru laguntza zuzena eman nahi die merkatariei, gehigarri batzuekin: ehun euro gehiago langile bat eta bost langile artean dituztenei —ez langileko, guztira—; berrehun euro gehiago sei eta hamar langile artean dituztenei; 150 euro hipoteka edo alokairua dutenei; eta 150 euro norbera babesteko ekipamenduen gastuak ordaintzeko. Hala, beraz, 1.000-1.500 euroko laguntza zuzenak proposatu ditu udalak.
Alabaina, laguntza horiek jasotzeko bete beharreko baldintzekin ez daude ados merkatariak, eta ia negozioaren “auditoria” bat aurkeztu behar dela salatu dute. “Askoz arinagoak izan behar lukete tramiteek; guk berehala behar dugu laguntza”. Saltoki batzuk dirua jasotzeko aukerarik gabe geratuko diren beldur dira. “Fakturak eskatuko dituzte, eta nik, argiaz, uraz eta halakoez gain, ia ez dut fakturarik, aitarena delako lokala. Baina diru sarrerarik gabe nago”, azaldu du merkatarietako batek. Aurrez diru pixka bat gordeta eduki ezean edo norbaiten laguntza ekonomikoa izan ezean, negozio batzuk zabaldu ezinda geratuko direla adierazi dute. “Eta onartezina da hori”.
Merkatarien esanetan, beharrezkoa da herritarrei ondo azaltzea zergatik ez duten onartu udalaren proposamena. “Norbaitek pentsa dezake kasketa batean gaudela: 3.000 euro nahi genituenez eta gutxiago emango digutenez, jada ez dugula nahi. Baina ez da horrela”. Udalaren lehen proposamena entzun ostean, bozketa bat egin zuten merkatariek, onartu edo ez erabakitzeko. “31 geunden, eta guztiok ezetz bozkatu genuen. Horrek zerbait esan nahi du. Duintasun pixka bat merezi dugu”. Herritar batzuek beren jarrera ulertuko ez duten kezka dute. “Negozioren bat inoiz izan ez duen batek ez daki zer den bi hilabetez itxita edukitzea. Gainera, lanean hasi ahal izateko, diru pila bat gastatu behar izan dugu”.
Nabarmendu dute batik bat udalak erabilitako “formek” egin dietela min. “Pentsatzen genuen lanerako mahai bat sortu nahi zuela. Proposamen bat eskatu zigun, eta guk aurkeztu genuen, baina dekretuz erabaki zituen neurriak”. Oposizioko bi alderdiek ere elkarrekin salatu dute gobernu taldearen jarrera: “Aukera bakarreko proposamena aurkeztu zuten, eta dekretu bidez onartu, eztabaidarik gabe, besteon iritzia entzun gabe”.
Diru laguntza zuzen bat ez ezik, kontsumoa suspertzeko bonuak sortzea da saltzaileen beste eskaera nagusia. “Txarrena da berandu goazela. Jendea jada hasi da ateratzen; orain da momentua horrelako egitasmoak martxan jartzeko”. Txartel horiek sortzeko prest dago udala, baina proposatu duen eredua ez zaie gustatu merkatariei. 30 euroren truke 40 euroko erosketa egiteko aukera ematen duten bonuak iragarri ditu, hau da, hamar euro horiek udalak finantzatuko lituzke. Kopuruarekin konforme daude. “Zein da arazoa? Hurrengo hilaren 10ean kobratuko genukeela dirua. Bitartean, paperak izango genituzke kutxan. Eta zer egin behar dugu, hornitzaileei bonu paperekin ordaindu?”. Asteartean beste bilera bat egin zuten udalak eta merkatariek, eta puntu horretan hurbilketa bat egon zen. “Herri askotan erabiltzen da, eta egokia izan zitekeelakoan egin proposamen hori. Halere, garbi daukagu merkatariekin ados jarri nahi dugula, eta, beraz, ez daukagu arazorik bestelako ereduren bat aztertzeko”, esan du Mikel Pagola alkateak. Nolako sistema nahi duten proposatzeko eskatu die udalak sektoreko ordezkariei.
Bi milioi euroko jaitsiera
Hain zuzen, egoeraren bestelako ikuspegia du udalak. “Uste dugu eskuzabaltasunez jokatu dugula, eta horren adierazle da Urnietako planteamendua Gipuzkoako altuenen artean dagoela”, dio Pagolak. Zehaztu du herriko merkatarien egoera ezagutzeko egindako inkesta baten ostean udalak 195.000 euro jarriko dituela merkatariei eta autonomoei diru laguntza zuzenak emateko, eta beste 70.000 euro kontsumo bonuak martxan jartzeko. Horrez gain, beste zenbait neurri ere hartu dituztela azaldu du, tartean hauek: egutegi fiskala atzeratzea ordainketak errazteko; uraren, zaborraren eta terrazen tasak murriztea edo kentzea; tokiko kontsumoa sustatzeko sentsibilizazio kanpaina bat egitea; eta tabernetako terrazei lehen zuten edukiera bikoizteko aukera ematea, aparteko kostu ekonomikorik gabe. Esan du zergei dagozkien neurriek, adibidez, 70.000 euro inguruko eragina izango dutela diru sarreretan.
Aldundiak Udal Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztu izanak bi milioi euroko murrizketa eragingo dio Urnietari. “Aurrekontuan desoreka nabarmen bat sortuko du horrek, oraingoz gastuetan ez dugulako aukerarik bi milioi euro horiek gutxitzeko. Hortaz, gerakina desoreka ekonomiko hori zuzentzera bideratu beharko da, eta hortik haragoko laguntzak emateko zorpetu egingo gara”. Azaldu du irailetik aurrera ikusi beharko dutela laguntza gehiago emateko aukerarik duten. Horri lotuta, Pagolak dio pandemiaren eraginak jasaten ari diren gainerako sektore eta pertsonei ere lagundu beharko diela udalak. Besteak beste, gizarte larrialdietarako laguntzak indartzeko 50.000 euroko diru sail gehigarri bat sortuko dutela iragarri du. “Ezinezkoa izango zaigu saltoki bakoitzarentzat merkatariek eskatzen zuten kopurura iristea”.
Urnietako alkatearen esanetan, merkatarien eskaera nagusietako bat zen erabakiak ahalik eta azkarren hartzea, eta saiatu dira hori bermatzen. Ez du uste elkarlana falta izan denik. “Merkatariek eta udal gobernuak aurkeztu dituzte beren proposamenak”. Elkarlan horrek, gainera, oinarri sendoagoa duela adierazi du, eta horren erakusle dela aurten bertan merkataritza mahaia sortu izana. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak eta herriko komertzioetako ordezkariak biltzen dira bertan. “Gure aukeren barruan, helburua da herriko eragile guztiekin adostutako ekimenak aurrera ateratzea. Ez dugu ika-miketan indarrik xahutu nahi. Merkatarientzat eta herritarrentzat onurak ekar ditzaketen neurriak abian jartzeko ipiniko ditugu gure baliabide guztiak”.
Leave a Reply