Juan Luis Zabala
Irakurri al duk 22 elkartek ETBko Barre librea saioaren aurka plazaratu duten salaketa? —galdetu zidan joan den larunbatean—. Saioko esketx batzuk arrazistak direla, black-face delakoa “estereotipo iraingarriz” betetako praktika dela…
—Oraintxe irakurri dinat. Zer pentsatua eman zidan, eta elkarte mordo horrek sinatu duenerako egia izango dun bakarren batzuk minduta sentitu direla esketx batzuekin… Serio hartzeko kontua dun arrazismoarena. Baina, kontxo!, bart, lotara joan aurretik, Mission Pays Basque ikusi dinat ETB2n, eta, konparazio bat eginez gero, ez zakinat ez ote den iraingarriagoa pelikula hori euskaldunontzat Barre librea-ko blackface-a eta gainerakoak beltzentzat baino…
—Baina horrelako kontuak ezin dituk neurtu eta konparatu; irainmetroa asmatzen ez duten bitartean behintzat. Eta asmatzen duenak berarentzat ahalmen handiko aparatua gorde dezala, ez ditik eta berak ere nolanahiko irainak jasoko.
—Gone with the Wind eta beste pelikula batzuen aurkako neurriak ere hartu ditizten hortik zehar. Aurretik azalpen batzuk emanda ikusi behar omen ditun. Horrela hasiz gero, ordea, ezer gutxi salbatuko geniken. Nobelarik, pelikularik eta abarrik ezagunenak, gure kulturan eragin handiena izandakoak, gizarte arrazista eta patriarkal batean egin ditun hamarretik bederatzi, eta gizarte horretako egiturazko desparekotasunak eta injustiziak normalizatzen ditizten gehienek. Denak ezabatu behar ote ditugu edo aldez aurreko azalpenik gabe irakur ala ikus daitezen eragotzi? Hain ergelak al gara?
—Barre librea-ren kasuan beste osagarri bat zegok: ahula duk, kasu honetan, ahulak salatu duena: euskarazko umorea. Nik euskarazko umorea ume txiki bat bezala irudikatzen diat, hazi nahi duena baina ezin, anaia nagusiak, erdarazko umoreak, eta haren lagunek ez diotelako hazten uzten, beti txiki eta etxeko nahi dutelako, bere betiko ume jostailuekin, bere betiko kaka-pixa-puzker dosiarekin, bere betiko Ondarruku Na jator-zigilu egiaztatuarekin.
—Alde horretatik, Barre librea, bere akats eta bertuteekin, niri aurrerapauso bat iruditzen zaidan, oso aurrekontu apalarekin egina, jakina, ez alferrik baita euskarazko produkzio bat, eta dirua, benetako dirua, El Conquis bezalako saio hezitzaile eta etikoki-moralki-linguistikoki zuzen eta eredugarrientzat gorde beharra zegon.
—Desbideratzen ari gaituk. Nik beste kontu txiki batzuk ere aipatu nahi ditiat 22 elkarteek egindako salaketari buruz: baga, ez diat ulertu zergatik dioten Korinba izen “estereotipatua” dela; biga, kasu honetan behintzat ume zaintzaile beltza aita zuria baino askoz azkarragoa duk; higa, blackface praktika askotan arrazista eta iraingarria izango duk, baina ez diat uste beti hala izatera kondenatuta dagoenik; eta laga eta azkena: bai, hobe aktore beltza beltzez pintatutako aktore zuria baino, baina ba al dakigu berariaz jo duten black-face-ra ala… beste aukerarik izan ez dutelako?
—Esandakoa: ahula ahularen kontra.
—Ahulak ahulari, alua!
Leave a Reply