Miren Garate
Badute esperimentu kutsu bat egunotan antolatzen ari diren kultur ekitaldiek. “Jendearen erreakzioa eta portaera ikusi nahi ditugu, eta horren arabera segituko dugu programatzen”, azaldu du Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak. “Bidesaria” hitza aipatu du Iñaki Elortza EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkarteko kideak, pare bat astean ikusle gutxi izango dituztela jakin arren, irekitzea erabaki dutelako, estreinaldiak datozenerako martxa hartuta izateko. Herri batzuetan, aldiz, aretoak itxita mantentzea erabaki dute, eta, kultur jarduerak antolatzen hasiko diren arren, aire zabaleko egitaraua lehenetsiko dute.
Donostiako Viktoria Eugenia eta Antzoki Zaharra izan dira Gipuzkoan ireki dituzten lehen aretoak. “Gure balorazioa baikorra da, neurri zorrotz samarrak ezarri dira, baina jendea ondo ari da portatzen”, esan du Otamendik. Ikusleek maskararekin egon behar izaten dute emanaldi osoan, eta artistek eta langileek ere protokolo zorrotzak bete behar izaten dituzte. Hala ere, ostiralean, bete egin zen Viktoria Eugenia Zea Maysen kontzertuan —edukiera berriarekin 391 eserleku jarri dituzte— eta larunbatean eta igandean ere 180 lagun inguru joan ziren Antzoki Zaharrera Gu primer! Xentimorik gabe antzezlana ikustera. Tokiko ekoizpena lehenestea izan da Donostia Kulturak hartu duen erabakietako bat. Beste bat, berriz, programazioa batik bat gazteei bideratzea. “Pentsatu genuen gazteek beldur txikiagoa izango zutela eta errazago etorriko zirela aretoetara”.
Ekitaldiei ekin aurretik, ekainaren 10ean, 0 gala izeneko emanaldia antolatu zuen Donostia Kulturak, osasun langileei hilabeteotan egindako lana eskertzeko. Emanaldi horren ostean egindako gogoeta bat kontatu du Otamendik: “Jendeak sekulako barreak egin zituen, asko askatu zen; eta Orfeoi Gazteak Leonard Cohenen Aleluya abestu zuenean malko asko isuri ziren. Itxialdi batean egon gara hiru hilabete, eta gure emozioak gordeta izan ditugu neurri batean. Badago emozioak askatzeko behar bat, eta kulturak hor botika lana egiten du”.
Horregatik, uste du harrera ona izango dutela ekainerako antolatu dituzten ekitaldiek ere, eta sarreren salmentek ere hori pentsatzeko bidea ematen du —Harri orri ar antzezlana, Bang Bang zinema eta McEnroeren kontzertua izango dira egunotan—. Oraingoz, hilabete honetako ekitaldien berri bakarrik eman du erakundeak, baina Donostia Kulturako zuzendariak ziurtatu du COVID-19aren eraginez bertan behera geratutako emanaldi guztiak berreskuratzen saiatuko direla. Horietako gehienak urrian, azaroan eta abenduan izango dira, eta horiekin beteko dute udazkeneko agenda. Hilabete batzuk lehenago lotu ohi dira ekitaldiak, baina pandemiak joera hori aldatu egin duela zehaztu du. “Zuhurtzia handiarekin ari gara programatzen orain. Zirriborro asko egiten ditugu, eta gauza gutxi itxi. Momentu honetan beldur handia ematen du krisi ekonomikoak ere”.
Konfinamenduak iraun duen bitartean, DK Etxean egitasmoa izan du martxan Donostia Kulturak, eta, alarma egoera amaitzen denean ere, sareko eskaintzari eusteko asmoa du, DK On programaren bidez. “Ondo pentsatu behar dugu zer egingo dugun digitalean eta zer aurrez aurre”. Zenbait adibide jarri ditu Otamendik: Ipuinaren Ordua egitasmoak, esaterako, arrakasta handia izan du konfinamenduan, eta aurrez aurre nahiz digitalki eskaintzeko modukoa dela uste du. “Beste ekitaldi batzuk izan daitezke digitalak bakarrik, beharbada atzerritik eta hegazkin pila bat hartuz norbait hitzaldi bat ematera ekartzeak ez duelako zentzurik; baina dantza pieza batekin edo antzerki batekin, niri, behintzat, oso zaila egiten zait aurrez aurrekoa bezalako esperientzia bat bizitzea digitalean”. Halako kontuei bueltaka ari direla kontatu du. “Mundua aldatzen ari zaigu, eta aldaketa handi baten erdian gaude. Honek prozesu batzuk bizkortu egin ditu, eta ondo pentsatu behar dugu etorkizuna nolakoa izango den”.
Estreinaldiak, uztailean
Donostiako nahiz herrietako kultur agendei zinema eskaintza ere batuko zaie laster. Elortzak iragarri duenez, ekainaren 26an irekiko dute Donostiako Principe aretoa, eta pare bat astera Antiguo Berri eta Trueba. “Pelikulen falta handia denez, ez du zentzurik hogei sala batera irekitzeak”. Herri batzuetan, Errenterian, Azkoitian eta Beasainen, adibidez, dagoeneko zabaldu dituzte aretoak, eta datorren ostiralerako martxan egongo dira falta diren gehienak. Elortzaren esanetan, maiatzarekin batera, “urteko hilabeterik txarrena” izaten da ekaina zinementzat. “Ikasleek azterketak izaten dituzte, eguraldi onarekin jendea kanpora ateratzen da…”. Aurten, gainera, pandemiak eragindako egoera batu zaio horri. “Martxoan estreinatutako pelikulak ari gara ematen. Gehienak hainbat plataformatan daude, eta egoera oso txarra da irekitzeko, baina lehenago edo beranduago ireki behar dugu”.
Uztailetik aurrera egoera hobetuko den itxaropena dute. “Estreinaldi nahiko interesgarriak datoz. Bizpahiru aste hauek aprobetxatuko ditugu estreinaldi horiek datozenerako dena martxan izateko eta jendeari erakusteko zinema aretoak leku seguruak direla”. Elortzaren esanetan, azken hamar urteotan udarako pelikula nahiko sendoak gordetzeko ohitura hartu dute banatzaileek, jendeak oporretan zinemara joateko joera baduelako. “Aurten ere jendea animatuko den esperantza badugu”. Edukierak %60ra murriztu beharko dituzte aretoek, baina Elortzak uste du ez dela izango hainbesteko arazoa, gehienetan ez direlako guztiz betetzen.
Areto batean filmak ikusi ahal izateko, itxaron egin beharko dute beste herri batzuetan. Jokin Ansorena Tolosako kultur teknikariak azaldu duenez, Leidor, behintzat, ez dute irekiko irailera arte. “Udan, bestela ere, Leidor ez da asko erabiltzen, kalean egiten ditugu ekitaldiak. Edukiera handia daukagu, hartu beharreko neurriak nahiko zorrotzak dira eta denbora behar dugu”.
Hala ere, kultur ekitaldiak antolatzeko asmoa badutela iragarri du. Tartean, eutsi egingo diote Tolosandblues jaialdiari, eta uztailaren hasieran izango da. “Uztaileko, abuztuko eta iraileko egitaraua osatzen ari gara. Kaleko jarduerak izango dira: eskaintza musikalak, dantza eta umeentzako programa bat”. Azken asteotan egin ez diren ekitaldiak udazkenera atzeratzeko asmoa dute Tolosan ere. “Udazkenean kultur agenda betea izatea nahi genuke. Ea aurrekontuek ere ahalbidetzen diguten”.
Leave a Reply