Laida Goiburu
Koronabirusaren eraginez, hainbat denda, jatetxe eta enpresak jarduera eten dute tarte batez, eta etxe askotan ez da diru sarrerarik izan. Horren jakitun, hainbat talde edo elkartek laguntzak eskaini dituzte zaurgarritasun egoeran dauden herritarrentzat, Caritasek, esaterako. Gipuzkoan, 1.023 etxetan aritu da lanean Caritas alarma egoera ezarri zenetik, martxo erditik; guztira, 2.340 pertsonak eskatu dute haien laguntza martxoaren 18tik, eta %37k aurretik ez zuten izan harremanik elkarte horrekin.
Ordiziako Caritaseko kide batek azaldu du —ez du izenik eman nahi— herriko hamabi kide inguru ari direla elkarlanean elkarte horrekin. Haren esanetan, migratzaileak dira eskaera egin duten herritarretatik gehienak, baina ez dira bakarrak: “Lana galdu duten asko eta diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak betetzen ez dituztenak ere badaude tartean”. Zehazki, herrian bertan jaiotakoek egin dituzte eskaeren %22.
Bazkideek, herritarrek eta hainbat kolektibok egindako ekarpen ekonomikoen bidez finantzatzen dituzte laguntzak, eta janaria, sendagaiak eta bestelakoak lortzera bideratu dituzte itxialdian: 67.000 euro baino gehiago eskuratu dute Gipuzkoa osoan.
Kaleko saltzaileak ere lanik gabe egon dira konfinamendu garaian, eta oraindik ere galarazita daukate kaleko salmenta. Mohamed Gueyek ia bi urte daramatza Ordizian. Senegaldik iritsi zen Goierrira, eta kaleko saltzailea da. Horixe du diru sarrera bakarra, eta, lan hori ezin izan duenez egin, Caritasen eta Gurutze Gorriaren diru laguntza jaso du: “Latza da egoera hau; hiru hilabete daramatzat lanik egin gabe, etxean. Ezin izan dut ezer saldu, eta ez dut besterik”, adierazi du Gueyek.
Beste hiru lagunekin bizi da Ordizian, baina ez du etxebizitza kontraturik, eta udaletxearen edo gizarte zerbitzuen diru laguntzak jasotzeko ezinbestekoa da kontratua izatea: “Kontraturik ez daukanak ez dauka inolako eskubiderik; hori da arazoa, eta egoera honetan areagotu egin da hori”, adierazi du Caritaseko kideak.
Bestelako laguntza publikorik jaso ez izana, ezaugarri hori izan dute kontuan Caritaseko kideek: “Gizarte zerbitzuen lana konpentsatzen saiatzen gara, batera lan egiten, nolabait esatearren”. Martxotik ekainera, beharrean zirenen artean dirua eta janaria banatu ditu Caritasek Goierriko hainbat herritan. Alarma egoera ezarri zutenean, elkarte horrek janaria erosteko dirua eman zien eskaera egin zutenei. Hala igaro zuten lehen hilabetea, eta bigarren eta hirugarren hilabeteetan kopuru hori handitu egin zuten beste behar batzuetarako: “Etxea ere ordaindu beharra daukatela konturatu ginen, eta 100 euro ez da nahikoa kasu horietan.
Normaltasunerako bidean
Tabernak eta dendak ireki dituzte jada, eta mugimendua konfinamendu aurreko egoerara itzuli da ia-ia. Kaleko saltzaileek, baina, oraindik ere ezin dute egin lanik. Gueyek berak nahiago du baimena izan arte itxarotea; beste batzuk, ordea, hasi dira jada: “Udaltzainek esan zidaten oraindik ezin dela saldu kalean, eta nik nahiago dut legea errespetatu eta etxean geratu”. Oraindik ez diote esan noiz has daitekeen, baina datorren astean izan daitekeela azaldu du Caritaseko kideak: “Aste honetan ez bada, hurrengoan izango dela uste dugu; pertsona horiek kaleko salmenta dute bizitzeko modu bakarra, eta oso gogorra da egoera”. Diru sarrera bakarra hori izanik, hasteko zain dago Gueye; Caritasen laguntza jasoko du ordura arte: “Gero ikusiko dugu nola dagoen egoera eta zein behar dituen bakoitzak”, azaldu du Caritaseko kideak.
Paperak lortzeko, migratzaileek hiru urtez jarraian bizi beharra daukate Euskal Herrian, eta gutxienez urtebete egin beharra daukate lan: “Hori da arazorik handiena. Gurpil zoro bat da: paperak behar dituzte, baina, era berean, inork ez ditu kontratatzen”. Gueyek ez dio begiratu nahi etorkizunari; nahiago du “pixkanaka” egoerara egokitu. Uzten dioten bezain pronto itzuliko da kalera saltzera: “Ez dut asko saltzen. Jendeak laguntzeko erosten dizkit gauza gehienak; berez ez dituzte behar”.
Eskaerak dauden bitartean, laguntzen jarraituko dute Caritasek eta gisa horretako taldeek, gizarte zerbitzuek bete ezin ditzaketen beharrei aurre egiteko eta guztiek elkarrekin lan egiteko.
Leave a Reply