Beñat Alberdi
Udan sartzearekin batera, jaiek indarra hartu dute toki askotan; sanjoanek, esaterako. Udalekuak nola antolatu ere izan dute hizpide batean eta bestean, udaleku itxien kasuan gehienbat. Kasu horietatik gaindi, ordea, bada beste eskaintza bat: futbol campusena. Gipuzkoako hainbat herritan ohikoa izaten da uztail partean kirolera bideratutako aisialdi guneak prestatzea. Eta, normaltasun berria behar den bezala errespetatuta, uda honetarako planak prest dituzte Aretxabaletako eta Arrasateko futbol taldeek.
“Gaztetxoenek badute gogoa eurentzako prestatutako ekintzetan parte hartzeko”, argitu du Ainara Mugak, Aretxabaleta kirol elkarteko kudeatzaileak. Antzeko hausnarketa egin dute Arrasaten ere. Uztailean lan egin behar dutenek etxeko txikientzako aukera bat izatea eskertuko dutela uste du Josu Zubiak, Arrasateko campusaren arduradunak. Kirol jarduera jarri dute oinarri gisa, konfinamenduan, finean, gaztetxoek ez dutelako izan horretarako beta askorik.
Bi kasuek badituzte antzekotasunak. Biak izango dira uztailaren 6tik 24ra, eta bietan dituzte ateak zabalik 2008an, 2009an, 2010ean eta 2011n jaiotakoek. Egoera berriko araudia aplikatzeko ere badaude antzekotasunak. Izan ere, ekintzak garatzeko hamar haurreko multzoak izango dituzte gehienez, eta ez dituzte elkartuko ekintza batetik bestera; multzo berberak errespetatuko dituzte beti. Talde bakoitzak, gainera, bere monitorea izango du.
Bai Arrasaten, bai Aretxabaletan, abantailak ikusten dizkiote talde txikietan batzeari eta bakoitzak bere arduraduna izateari. “Hezkuntza mundutik gatoz arduradun guztiak, eta esperientzia daukagu haurrekin”, nabarmendu du Zubiak. “Nagusien futbol taldekoak ere egongo dira, baina laguntzaile gisa”. Bestalde, haur gutxiagorekin egonda monitoreek eskain dezaketen arreta goraipatu du Mugak: “Gertukoagoa izango da tratua, eta gehiago hobetzeko balioko die haurrei”.
Emakumeen gorakada
Bi futbol campusek badituzte ezberdintasunak ere, normaltasun berriaren eraginean, batik bat. Aurreko urteetan “egun osoko jardunak” izaten zituztela zehaztu du Mugak; hots, bazkaldu eta lo elkarrekin egiten zutela parte hartzen zuten gaztetxoek. Aurten ez da hala izango. “Ekintzak amaituta, bere etxera joango da bakoitza”.
Arrasaten, berriz, Donostiara surf ikastaro bat egitera joateko ohitura daukate. “Beti saiatzen gara futboletik kanpoko beste jarduera batzuk sartzen”, azaldu du Zubiak. Aste bakoitzean bestelako ekintzetara bideratuko dituzte ikasleak, eta, aurten surfik izango ez den arren, ingurumena bera eta kirol egokitua ezagutuko dituzte.
Bi campusen koordinatzaileek nabarmendu dute emakumeen presentzia igotzen ari dela pixkanaka, eta aldaketa igarri dela aurten. Parte hartzeko ez dute jartzen inolako genero mugarik. “Eta gurean emakumezkoen futbol taldeak gehiago hazi dira gizonezkoenak baino”, argitu du Mugak. Zubiarentzat ere nabarmena da emakumezkoen futbola interesa sortzen ari dela: “Erreferente bihurtzen ari da pixkanaka”.
Leave a Reply