Juan Luis Zabala
Hortaz, hik benetan uste dun —galdetu nion— aginte konputerizatua behar duela munduak, algoritmoen mende utzi beharko duela gizakiak erabaki politiko, sozial eta ekonomikoak hartzeko ahalmena?
—Gure panorama ikusita, aukerarik egokiena ez ezik mundua eta gizateria salbatzeko modu bakarra ere izango duk laster.
—Baina gizakiek kontrolatzen ditizten konputagailuak.
—Gizakion artean mundu mailako gutxieneko akordio orokor nagusi batzuk lortuko bagenitu, ordea, giza eskubideen bertsio berrikusi bat adibidez, eta konputagailu nagusi indartsu bati behar diren irizpideak eta datuak emanez gero…
—A zer erokeria!
—Erokeria gaur egungo egoera duk. Gero eta premiazkoagoa duk mundu mailako erabakiak hartzea, baina estatu bakoitzaren norabidea estatu horren interesen arabera erabakitzen jarraitzen diagu, edo, zehatzago esateko, unean uneko agintarien interesen arabera, gero eta epe laburragoko interesen arabera gainera, eta botere ekonomikoen kontrol gero eta handiagoaren mende. Hori amildegirako bidea duk.
—Ezinezkoa iruditzen zaidan mundu mailako horrelako akordio batera iristea.
—Orain bai, baina gero eta beharrezkoa izango duk, harik eta azkenean derrigorrezkoa izan arte. Gutariko gehienontzat eskuko telefonoa, Interneteko konexioa eta abar edukitzea beharrezkoa bihurtu den bezala, eta azken hilabeteetan aurpegi erdia estaltzeko maskara.
—Oso estututa egon beharko liketen agintariek horretara iristeko.
—COVID-19ak erakutsi dik bidea. Oso estututa egon dituk agintariak eta aurrez ezin pentsatuzkoak ziren erabakiak hartu behar izan ditiztek. Ez zegok premia larria baino eragile eta akuilatzaile hoberik, eta planeta hau gero eta premia larriagoan zegok.
—Aginte globala konputagailu handi baten eskuan uztea ez al litzateke gizakiaren dimisio edo amore emate lotsagarria izango?
—Lotsagarria al da gure harremanek, are intimoenek ere, azken urteetan izan duten konputerizazioa? Gero eta gutxiago lotsatzen gaitik horrek, eta gaurko giza agintaritza politiko, ekonomiko eta sozialaren lotsagabekeria maila ikusita…
—… aginte globala ere konputerizatuta, hobe, ezta?
—Egokiagoa eta pozgarriago izango lukek gizakiak konputerizaziorik gabe lortutako harmonia unibertsal bat, eta hori izan duk pentsalari eta ekintzaile utopiko askoren asmo ederra, baina, gaur egungo kapitalismo unibertsala iritsi den punturaino iritsita, utopia horiei begira bizitzea arrazoiaren bideetatik ikaragarri urrundutako lilura batean bertan goxo egitea iruditzen zaidak.
—Beraz, utopiek ez dute ezertarako balio gaur egun?
—Bai, baina tokian tokiko lorpen txikietarako baino ez. Esperientzia txalogarriak zeudek eta egongo dituk gero ere, baina kapitalismoaren aurkako borroka globala gaur egun ameskeria hutsa duk. Horregatik, gutxieneko oreka bizigarri bat lortzeko bide bakarra duk gizakiek ahalik eta epaile neutralenen bidez ebaztea beren arteko desadostasunak. Gero eta arlo eta kontu gehiagotan ari gaituk ematen konfiantza handiagoa konputagailuei gizakiei baino, eta azken pausoa, egun batean derrigor eman beharrekoa, hil ala bizikoa, horixe izango duk, munduaren aginte globala konputerizazioaren esku uztea.
—Konputerizatu ala hil?
—Horixe bera.
Leave a Reply