Miren Garate
Bospasei urte daramatzate Gipuzkoako autoeskolek aztertzaileak falta direla esaten. “Erretiroa hartzen joan da jendea, eta plaza horiek bete gabe daude. Hamar aztertzaile dagozkio Gipuzkoari, baina orain bost bakarrik ari dira lanean”, esan du Javier Sarriegi Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteko (GAE) idazkariak. Arazoaren zati bat da hori, zati nagusia. Baina beste bat ere batu zaio orain. Lehen, aztertzaile bakoitzak egunean hamabi laguni egiten zien azterketa; orain, hamarri, COVID-19aren eraginez, azterketa batetik bestera ibilgailua garbitzeko agindua dutelako. Hala, pixkanaka-pixkanaka, azterketa teorikoa gainditua duten eta praktikoa egiteko zain dauden ikasleen kopurua handituz joan da. GAEren datuen arabera, 5.000 lagun inguru daude gaur egun egoera horretan Gipuzkoan.
Kalkuluak eginda ditu Sarriegik: hamar aztertzaile egongo balira, eta lehen bezala egunero hamabi laguni egingo baliete azterketa, egunean 120 azterketa egingo lirateke. Baina bost aztertzaile egonda, eta bakoitzak hamarri eginda, 50 azterketa egiten dira. “Arazoari konponbiderik ez zaionez ematen, egunetik egunera okerragoa da egoera”. Orain hilabete batzuk, CAPA izeneko sistema jarri zuen martxan Trafiko Zuzendaritza Nagusiak: autoeskola bakoitzak hamabost egunean behin izaten du ikasleak azterketara eramateko aukera, baina ez nahi dituen guztiak, kupo moduko batzuk finkatzen baitira.
Autoeskola bakoitzari zenbat ikasle dagozkion kalkulatzeko, azterketa teorikoa gainditua duten zenbat ikasle dituen begiratzen da, eta kopururik handiena dutenek izaten dute gehien eramateko aukera —gutxienez bi ikasle eraman ditzakete guztiek—. Minutuka egiten da banaketa: B motako gidabaimena ateratzeko azterketek 30 minutu irauten dute, motorren baimenek 35 minutu, eta ibilgailu astunenek 50 minutu. Hala, autoeskola bati 300 minutu egokitzen bazaizkio, erabaki egin behar izaten du mota bakoitzeko zenbat ikasle aukeratu; adibidez, ezin izango ditu eraman autoko azterketa egin behar duten bederatzi eta motoko azterketa egin behar duen bat, bost minutugatik kupoa gaindituko duelako.
Sarriegiren esanetan, sistema horren alde ona da badakitela noiz izango den azterketa. “Lehengo sistema erabat tamalgarria zen: eraman nahi genituen ikasle guztiak eramateko modua izaten genuen, baina azterketak hilabete eta erdian behin edo bi hilabetean behin izaten genituen, eta gainera, azkenera arte ez genuen jakiten azterketaren eguna”. Puntu hori hobetu den arren, azterketetako ikasle kopurua mugatuta izateak lana geldiarazi diela salatu du. “Ikasleak izan arren, baldin badakizu urrira arte ezingo dutela egin azterketa, aurretik beste ikasle batzuk dituzulako, ez zara hasten klase praktikoak ematen; niri, behintzat, ez zait ateratzen. Badakigu komenigarriagoa dela jarraian egitea prestaketa”. Ikasleen hautaketa egitea ez dela samurra gaineratu du. “Guretzat oso biolentoa da egoera, azterketara eraman beharreko ikasleak aukeratu egin behar ditugulako. Igual 30 ikasle izaten ditugu prestatuak, baina horietatik hamar bakarrik eraman ditzakegu”. Batik bat, uda garaian izaten dituzte halako arazoak.
Aspaldiko kontua
Hautaketa egitea zaila izaten dela berretsi dute Azpeitiko Azpeitia autoeskolako Maite Agirrezabalak eta Zarauzko Jolmar autoeskolako Arantxa Arrutik ere. “Beti egoten dira batzuk segurtasun gehiago ematen dizutenak, baina, noski, besteek ere nahi izaten dute azterketa egin, eta ulertzekoa da hori ere”, esan du Agirrezabalak. Gainditu ez duten ikasleekin nola jokatu ere erabaki behar izaten dute. Bakoitzak antolatzeko bere modua duela kontatu du Arrutik. “Nire kasuan, ikasle batek gainditzen ez badu, ez dut hurrengo azterketara eramaten, txanda hori saltatu eta hurrengora eramaten dut, lehen aldiz zain daudenei ere eman nahi izaten diedalako aukera. Gainditu ez duten horiek hilabete barru egiten dute berriz”.
Aztertzaile falta “arazo handia” dela kontatu dute autoeskoletako ordezkariek, eta nabarmendu dute denbora asko daramatela egoerarekin arrastaka. 2017an, aztertzaileek beraiek egin zuten greba, besteak beste, soldata igoera eskatzeko eta aztertzaile falta salatzeko. Sei hilabete iraun zuen protestak, ekainetik abendura bitartean, eta 3.000 azterketa geratu ziren bertan behera Gipuzkoan. Irekita egon ziren autoeskolak, baina ikasle kopurua gutxitu zitzaien, azterketarik ezin zutenez egin, eskola praktikorik ez zutelako hartzen. “2018. urtea burua ezin altxatuta pasatu genuen. Guk sei azterketa bakarrik izan genituen. 2019an ere, bederatzi besterik ez. Orain, hamabostean behin ditugu azterketak, baina kupoaren arazoa dago”, esan du Arrutik.
Lanuzte hark eraginda, itxi egin zituzten Gipuzkoako zenbait autoeskola. Sarriegiren esanetan, orain ere batzuek gaizki pasatzeko arriskua dago, nahiz eta berez ikasleak izan. “Bizpahiru bakarrik eraman baditzakezu azterketara, horrek esan nahi du ia horiekin bakarrik egingo duzula lan bi aste horietan, eta besteak atzeratzen joango zara, nahiz eta berez horiei eskola praktikoak emateko gaitasuna ere izan”.
Uztaila izaten da lan gehieneko hilabeteetako bat autoeskolentzat, udako oporrak aprobetxatu nahi izaten dituztelako gazteek gidabaimena ateratzeko. Sarriegiren hitzetan, era guztietako kasuak ikusten dituzte. “Aurrekoan igeltsero batek deitu zigun esanez ea leku bat egingo genion, kontratua amaitzen zitzaiolako eta gidabaimena eskatzen ziotelako kontratua berritzeko; beste ikasle batzuk, berriz, atzerrira doaz ikasketak egitera, eta orain ez badute ateratzen udazkenean ere ezingo dute…”.
Autoeskoletako kideek azaldu dute zerrendan hainbeste jende pilatu izanak ez duela zerikusirik COVID-19arekin. Izan ere, zain dauden horiek azterketa teorikoa gainditua dute. “Eta alarma egoerak iraun duen bitartean ez dira egin azterketa teorikoak, aztertzaile faltak eragindakoa da buxadura hori”.
Hain zuzen, maiatzaren 27an berrekin zieten azterketa teorikoei, eta ekainaren 8an, praktikoei. Protokolo zorrotzak finkatu ditu probintziako trafiko burutzak azterketa horietarako. Azterketa praktikoan, maskarak eta eskularruak erabili behar izaten dituzte ikasleak, irakasleak eta aztertzaileak, eta hirurak bakarrik joan daitezke ibilgailuan. Behin proba amaitutakoan, desinfektatu egiten dira bolantea, palankak eta ikasleak ukitzen dituen gainerako guneak. Azterketa teorikoetan ere, amaitutakoan desinfektatu egiten da gela, maskarekin eta eskularruekin egiten da azterketa, eta ikasleek etxetik eraman behar izaten dute boligrafoa.
Era berean, gainerako hezkuntza zentroetan bezalaxe, distantziak errespetatu egin behar izaten dira autoeskoletan ere. Aste gogorrak izan dira haientzat. Autonomoa da Agirrezabala, eta kontatu du maiatzaren 25era arte eduki zuela itxita autoeskola. Arrutik bi hilabete eta erdi egin ditu enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientean. Hurrengo hilabeteak nolakoak izango diren ere ez dakitela esan dute. “Selektibitatea ere atzeratu egin dutenez, orain arte mugimendu gutxi egon da. Orain dira hastekoak batzuk”, azaldu du Agirrezabalak.
Azterketa teorikoa gainditzen dutenetik, bi urteko epea izaten dute ikasleek azterketa praktikoa gainditzeko. “Bati baino gehiagori ari zaie iraungitzen. Kasu batzuetan, ikasleen kontua izan da, baina beste batzuetan, sistemaren errua”, esan du Arrutik. Pandemiaren eraginez, gehieneko epe hori 78 egun luzatzea erabaki du Trafiko Zuzendaritzak.
Abuztuan ere azterketak
Orain arte ez bezala, aurten abuztuan ere lan egingo dute aztertzaileek, baina, Sarriegiren ustez, horrek ez ditu gauzak konponduko. “Trafiko Zuzendaritza oso ondo geratuko da hori esanda, baina aztertzaileek abuztuan lan egiten badute, beste hilabete batean hartuko dituzte oporrak, eta, haien ordezkorik ez dutenez jarriko, azkenean egoerak lehen bezalaxe jarraituko du, ez dira azterketa gehiago egingo”.
Orain arte, Trafiko Zuzendaritzako buruarekin eta Espainiako Gobernuko azpiordezkariarekin bildu dira Gipuzkoako autoeskoletako ordezkariak —29 kide ditu GAEk—. “Noizbehinka aztertzaileren bat ekartzen dute, adabakiak jartzen dituzte, baina ez dute arazoa konpontzen”. Mobilizazioak ere egin dituzte. Astelehenean, adibidez, Donostian elkartu ziren autoeskoletako jabeak eta langileak, eta, beren ibilgailuetan Nire azterketa noiz? jartzen zuten paperak itsatsita, autoen karabana bat egin zuten Ibaetako kaleetan. Gutun bat ere bidali diote Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariari, bilera bat eskatzeko. “Nahi dugu ikasleek ikustea ez dela gure kontua, Trafiko Zuzendaritza dela hau konpon dezakeen bakarra”, esan du Sarriegik.
Leave a Reply