Leire Narbaiza
Uda hasierak beti egiten zaizkit gogorrak, aldaketak beti konplikatuak izaten direlako. Uztaila ez da hilabete erosoa, neguan alde batera lagatakoa, geroratutakoa, azaltzen zaigulako: Geroa, alferraren leloa esaerak ederto definitzen du. Era berean, arropa kentzeko unea ere bada, eta buruhaustez betetako sasoia: armairu aldaketak; arropa zaharra deskubritzea (onerako zein txarrerako); oso gustuko dugun nikia ez aurkitzea; oinak, bernak eta besoak airean erakustea… Azal-huste bat, nolabait esateko. Biluzte fisiko eta metaforikoa, arropa geruzak erauztea, benetako hezur-haragia erakusteko. Latza, oso latza!
Are latzago aurtengo uztaila, udaberri bariko uda dugulako. Etorri, etorri zen udaberria, baita joan ere. Baina itxialdian harrapatu gintuen. Esan genezake ez dugula primaderarik bizi izan, gure leihoetatik pasatu besterik ez zelako egin negu osteko urtaroa. Eta orain, bat-batean, eguzkia eta beroa jaun eta jabe bihurtu dira. Gure larru zurbilegiak, hanka iletsuak eta konfinamenduan areagotutako girgiloak azaleratu eta protagonista bilakatu zaizkigu, arropa erantzi dugulako, batere sexya ez den striptease ez-borondatezkoan.
Porlan eta asfaltoz betetako lekuetan gogorragoa da trantsizio hau. Galipotak beroa, eta ondorioz izerdia, handitu egiten baitu. Gipuzkoako barru aldeko herri handietakook freskura bila ihesi irten behar izaten gara gure hiribilduetatik mendira edota itsasora, gure herriak negurako daudelako pentsatuta —inork ezer pentsatu eta planifikatu bazuen, behintzat, kaleak eta plazak egitean—, kale-zuloegi direlako, egonean egoteko ez daude diseinatuta, baina bai barruan (tabernan zein etxean) sartzeko. Ez dira bertako biztanleokin goxoak, abaroan ez gaituzte hartzen, batez ere, beroaldietan. Horregatik egiten dugu ospa, eta inguruko herri eta toki amultsu eta atseginagoetara joaten ahalegintzen gara, bake bila.
Hanka egiten dugunean, ahal den moduan egiten dugu. Etengabe errepikatzen duten mantra ere sartuta dugu buruan: erabili garraio publikoa. Adibiderako, egunotan ikusi ditugun irudiak Eibar-Deba-Eibar treneko desplazamenduetan. Baina ez dira pandemiak ekarritako nobedadeak, ekain amaierak eta uztailak halako imajinak laga izan dituzte, umetatik bizi izan ditugu. Trenak egurrezkoak zirenean, orain 35 urte, ikusita gaude umeak leihoetatik sartzen, ezinezkoa zelako pasatzea. Taldeko ama pare bat aurretik sartu eta beste amak umeak bentanatik pasatu. Orain ez dago halakorik, leihoak ezin direlako zabaldu, bestela…
Kontu historiko bat izan arren, ez da ezer egiten trenen edukiera zaintzeko, segurtasuna bermatzeko. Izan ere, geltoki askotan ez dago langilerik kontrolatzeko, eta langilerik badago, bakarra, eta ez da nahikoa.
Jendeak badu ardurarik? Bai, jakina. Baina itxialdiak eragindako antsia horrek galduko gaitu izurrite sasoi honetan. Halere, eguzki eta aire libre goseak ezin justifika lezake zer zikin lagatzen diren hondartzak. Horrek ere galduko gaitu, izurrite izan ala ez.
Gogoko dut trenean mugitzea, eta hondartza. Desiratzen nago Debaz disfrutatzeko. Beste edozein paraje ederrez ere berdin. Baina merezi du horrela ibiltzea? Ezingo diogu antsiari eutsi, eta disfrutatzeko beste modu batzuk deskubritu? Seguru badaudela!
Leave a Reply