Karmele Uribesalgo Alzola
Koronabirusak eragindako alarma egoeran buru-belarri aritu da lanean Gipuzkoako DYA: 50.000 maskara baino gehiago banatu dituzte, 10.500 ordutik gora eman dituzte boluntario lanetan, 40.000 kilometro baino gehiago egin dituzte esku hartzeetan, 1.700 test inguru egin dizkiete arrantzaleei, eta 15.000 dei baino gehiago egin dituzte telefarmazia zerbitzurako. Jarduera horiek kalte ekonomiko handia eragin diote DYAri, eta #AlertaHoria kanpaina jarri dute martxan laguntzak jasotzeko. Horren bitartez bazkide kopurua eta dohaintza ekonomikoak areagotzea dute helburu. Jose Luis Artola Joxepo (Igeldo, Donostia, 1966) Gipuzkoako DYAko presidenteordearen esanetan, dauden beharrak asetzea da euren lana, eta alarma egoeran ere horretan aritu dira.
Alarma egoera ez da erraza izan zuentzat, eta orain #Alerta Horia ezarri duzue. Nola dago DYA?
Izan ditugun momentu gogor horietan lan handia egin dugu, eta ez dugu inolako laguntzarik eskatu, ezta dirurik ere, ez baita gure estiloa. Hala ere, sortu diren beharrak asetzeko gastu dezente egin ditugu. Orain espero dugu pandemiak utzi digun zuloa behintzat estaltzea. Oraintxe bertan gure behar handiena da materiala berreskuratzea. Izan ere, agian berriz izango dugu horren beharra, eta prestatuta eta antolatuta egon nahi dugu; material falta ez dadila arazo bat izan boluntarioek beraien lana egiteko orduan.
Zer behar duzue horretarako? Nola lortzen duzue finantzaketa?
Gure indar handienetako bat gipuzkoarrak dira, gure aurrekontuaren %75-80 baitira. Beraiei zor diegu gure izaera, baita daukagun guztia ere. Nik esaten dut DYA denona dela, gipuzkoarrena dela, hain zuzen. Hori dela eta, espero dut aurrerantzean ere jarraituko dutela DYAri laguntzen. Oso argi daukagu zeinentzat egiten dugun lan; gipuzkoarrak dira gure helburua, eta nahi duguna da gugan jartzen duten konfiantza eurei itzultzea. Garai batean esaten genuen dirua tirita bilakatzen genuela. Orain ekarpen txiki bat eskatzen diegu, baina berez laguntza erakundeetatik ere iristea nahi dugu. Hasieran izan genuen haserre txiki bat, gurekin ez zutelako kontatu, eta oso tristea iruditu zitzaigun, kontuan izanda zer egoera bizi izan dugun eta zein den egin dugun lana; baina espero dugu euren ekarpena ere iristea.
Nola egin daitezke ekarpenak?
Hainbat modu daude. Bide bat da 943-46 46 22 telefonoa. Horren bidez aukera dago laguntza eskaintzeko, baina baita eskatzeko ere. Horrez gain, webgunea dugu, www.dyakbeharzaitu.eus, eta 38071 Bizuma. Lagundu nahi dutenak bazkide egin daitezke edo unean uneko dohaintzak egin ditzakete. Aipatu beharra dago badagoela aurretik ere bazkide zen jendea eta kuota handitzea erabaki duena. Hala ere, ekarpena mantentzea asko da.
Zeintzuk dira zuen ohiko jardunak? Alarma egoerak asko aldatu du zuen lan egiteko modua?
Jendeak beti lotu izan gaitu, batez ere, anbulantziekin, baina alarma egoeran beste arlo batzuetan ere ikusi gaituzte. COVID-19arekin ohartu gara logistika kontuetan iaioak garela, ongi moldatzen garela materiala mugitzeko orduan, esaterako. Horrez gain, bestelako zerbitzu batzuk ere eskaini ditugu. Arrantzaleei PCR probak egiten aritu gara, eta orain zahar egoitzetan ari gara lan bera egiten, Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntzen. Izugarrizko lana daukagu hor, ia 7.000 aitona-amona baitauzkagu, eta erronka handia da. PCR probena lan berezia eta beharrezkoa da, eta behar duenari laguntzeko prest gaude; diputazioari edo Osakidetzari, adibidez. Horrez gain, beste hainbat konturekin ere aritu izan gara: materiala eraman eta ekartzen, edo erosketak egiten, besteak beste. Gelditu gabe aritu gara, edozein behar asetzen. Behar oso bereziak izan dira, espero ez genituenak.
Horiek horrela, gure helburua da hemendik aurrera gizarte zerbitzuetan gehiago aritzea, eta horretarako behar ditugu eskatzen ari garen ekarpenak. Izan ere, konturatu gara izugarrizko lana dagoela egiteko adineko jendearekin: behar handia dagoela. Adibidez, oraindik ere aitona-amona ugari daude etxetik ezin atera. Nahi izanez gero, gauza pila bat daude egiteko.
Laguntza ekonomikoaz gain, boluntario berriak ere ongi etorriak izango dira, ezta?
Norbaitek laguntzera etorri nahi badu eta gurekin etortzeko tartetxo bat badauka, ez dadila etxean gelditu zer egin ez dakiela. Etor dadila. Guk formakuntza eskainiko diogu, eta lanerako grina hori laguntza eskaintzera bideratuko dugu. Orain 500 boluntario inguru daude, eta lanerako eta laguntzeko gogoa behar da DYAn aritzeko.
Formakuntzari garrantzi berezia ematen diozue, beraz.
Hasieratik ikusi dugu gai izan garela guk dakiguna besteei erakusteko, eta formakuntza oso ona eskaintzen dugu. Izan ere, egia da lanerako gogoaz gain, prestakuntzaren alde hori ere beharrezkoa dela. Inportanteena da etortzea, eta gero ahalik eta gehien ikastea. Ni, adibidez, gidari sartu nintzen, eta gauza ugari ikasi ditut DYAn.
Zer erronka ditu Gipuzkoako DYAk etorkizunera begira?
Gure erronka garrantzitsuenetako bat gizarte zerbitzuak dira. Ohartu gara izugarrizko beharra dagoela; geroz eta handiagoa, gainera. Horrez gain, prestakuntza eta prebentzio lanak egiten segituko dugu, baita orain arte eskaini izan ditugun zerbitzuak ematen ere. Orokorrean, berdin segituko dugu, baina behar berrietara egokituta. Horretaz aparte, herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu. Jarrai dezatela orain arte bezala laguntzen. Ziur egindako ekarpen oro baliagarria izango dela.
Leave a Reply