Karmele Uribesalgo
Arrauna kostaldearekin lotu ohi da, baina posible da itsasorik ez duen herri batean elkarte bat izatea. Hernaniren kasua da hori. 12 urtetik hasita senior kategoriarainoko taldeak dituzte Hernaniko Arraun Elkartean. 50 arraunlari inguruk osatzen dute kluba, eta taldeari ikusgarritasuna eman nahian dabiltza. Zuzendaritza taldeak aitortu du herrian beste kirol batzuek zaletasun handiagoa pizten dutela: futbolak eta errugbiak, esaterako, eta arrauna bigarren plano batean gelditu ohi dela. Denboraldi berriari begira, klubera batzeko gonbita egin nahi diete gazteei. Izan ere, erronken artean dute, besteak beste, emakumeen traineru bat sortzea berriro eta gizonezko helduen taldea osatzea. Horrez gain, gustatuko litzaieke gaztetxoen mailetan arraunlari kopurua mantentzea, eta, ahal izanez gero, handitzea.
Ainhitze Kalonje arraun elkarteko zuzendaritza taldeko kidea da, eta onartu du herrian ez dagoela arraunerako “zaletasun handirik”. Horrez gain, gaineratu du elkartea bera ere herritik nahiko aldenduta dagoela: “Oso instalazio onak ditugu, baina erdigunetik urruti gaude, eta jendeak ez gaitu ikusten”. Beñat Odriozola Hernaniko seniorren taldera pasatuko da denboraldi honetan, eta iritzi berekoa da: “Kanpoaldean entrenatzen dugu, eta normala iruditzen zait ez izatea herriko kirolik indartsuena”.
Kalonjek nabari du klubeko taldeek emaitza onak lortzen dituztenean indartu egiten dela beraien presentzia Hernanin. “Gertatu izan zaigu Kontxako banderarako sailkatu, eta, egun horietan, kamiseta pila bat saltzea”, azaldu du. Hala ere, badaki hernaniar askok ez dutela elkartearen berri. Hori dela eta, azaldu du saiatzen direla herriko komunikabidean egoten eta klubari ikusgarritasuna ematen. Zenbait tabernak, komertziok eta akademiak ere ematen diete babesa, eta, haien bitartez, ahalegina egiten dute herritarrengana hurbiltzeko. Horrez gain, bazkidetza kanpainak egiten dituzte, eta salmenta postu bat jartzen dute san juanetan eta beste jai batzuetan. “Noizean behin, horrelako gauzak egiten ditugu, hernaniarrek jakin dezaten martxan gaudela”.
Ontzi txikiekin aritzeko orduan, herrian itsasorik ez izatea ez da arazo bat. Batelak eta trainerillak ibaian aritzen dira, eta Hernanin entrenatzen dute, Ibarluze poligonoan. Traineruekin, ordea, itsasora atera behar izaten dira. Horretarako, normalean, Pasaiara joaten dira, eta Donostiako Kontxan ere entrenatzen dute. Gauzak horrela, Kalonjek aitortu du ez dela erraza itsasorik ez duen herri batean arraunak indarra izatea. “Seguruenik, Pasaian gehiago ikusiko gaituzte herrian baino”, adierazi du.
Ibaia herri erdian
Antzeko egoeran daude Tolosaldeako Arraun Klubean. Hala ere, Kalonjek azaldu duenez, Tolosan, herriaren erdigunean dute kluba, eta horrek jendea erakartzen du: “Modan jarri da arrauna, eta laguntzen du elkartea eta ibaia herriaren erdian izateak”. Ados dago Odriozola: “Tolosak sekulako harrobia dauka, eta, ibaia herri erditik pasatzen denez, herritarrek egunero ikusten dituzte arraunlariak”.
Zazpigarren denboraldia hastekotan dago Odriozola. Familiatik datorkio afizioa, eta “oso gustura” dago elkartean. Astean sei edo zazpi egunez entrenatzen du. Argi daukana da “gogoarekin” egin behar direla saio horiek. Odriozolak azpimarratu du arraunean “txukun” aritzeaz gain taldean “giro izugarria” dutela. Hori dela eta, jendea animatu du elkartera batzera. “Ondo egongo litzateke arraunlari berriak izatea, taldea indartzeko eta beste helburu batzuk izateko”, azaldu du. Kalonje ere arraunean aritutakoa da, eta “denetarik” bizi izan du: “Pozak, tristurak eta miseriak izan ditugu; oso puntan egon gara urteotan, baina beherakadak ere izan ditugu”.
Ezohiko denboraldia
COVID-19ak hankaz gora jarri ditu klubaren planak, Kalonjeren esanetan: “Martxoan, gazteen entrenamenduak bertan behera gelditu ziren; jubenilek eta seniorrek entrenatzen jarraitu zuten, etxetik, ligak berriz hasteko esperantzarekin”. Odriozolak azaldu duenez, ergometroarekin aritu ziren lanean ekainera arte. Azkenean, traineruen liga bakarrik hasi da berriro, eta aurten Hernanik horrelakorik ez duenez, ezin izan dira lehiatu. Alde horretatik, Kalonjeren hitzetan, “lasai” hartu dute aurten emakumezkoen trainerua atera ez izana.
Arraunlari nahikoa ez zituztela eta, talde hori bertan behera utzi zuten denboraldi honetarako. “Penaz hartu genuen erabakia, baina, pandemiaren kontua hasi zenean, talde guztiak mobilizatu egin ziren etxean entrenatzeko, eta iruditu zitzaigun garai konplikatua izan zitekeela, klub txikia baikara”, adierazi du. Uste du geldiune horrek hausnarketa egiteko balio izan diela, baita indarra hartzeko ere.
Irailean sartu berritan, hurrengo denboraldiari begira daude jada. “Orain amaitzen da traineru denboraldia, eta gauzak prestatzen hasi gara dagoeneko; martxan gaude”, dio Kalonjek. Arraunlari gehiago lortzeko deialdia egin du elkarteak. Edonork ditu ateak zabalik, baina, batez ere, pare bat taldetan eragitea gustatuko litzaieke: traineruan ibili nahi duten neskak animatu nahi dituzte, baita jubenil eta seniorretan aritzeko mutilak ere. “Gizonezko helduen talde bat sortu nahi dugu; trainerua osatzeko arazoak izaten ditugunez, beste klub batzuetara joaten dira, eta urrundu egiten dira elkartetik”, adierazi du.
Odriozolak aipatu du “gauza handia” dela trainerua ateratzea, eta ikusiko dutela zer egoeratan dauden. Arraunera animatzen direnez gain, gaineratu dute antolakuntzan edo kudeaketan lagundu nahi duen edonor ere ongietorria izango dela.
Leave a Reply