Bertakoa, berriz ere beharrean

Bertakoa, berriz ere beharrean

Julen Aperribai

Osasun krisiak behartuta, komertzio askok itxi egin behar izan zuten udaberrian, itxialdi betean, eta ohiko joan-etorria urritu egin zitzaien beste askori. Haiek bultzatzeko eta tokian tokiko kontsumo eredua sustatzeko laguntza lerroak ugaritu egin ziren herri askotan. Udalek erosketa bonuen kanpainak abiatu zituzten, eta, osasun krisia krisi ekonomikoari bide ematen ari zaion honetan, berriz aktibatu dira halakoak Gipuzkoan. Kanpaina berriak sortu dira zenbait herritan, eta lehendik zeudenetako askok luzatu egin dute amaiera epea. Izan ere, merkatariek eta ostalariek konfinamendu garaian jasotako lehen kolpea udan arindu ahal izan duten arren, asko laguntza premian daude oraindik, eta udazkenak ez du aukera handirik uzten aurreikuspen onak egiteko.

Ostalaritzari ezarritako neurriei sektore horrek udazkenean izan ohi duen beherakada batu dakieke, eta, hasieran zailtasunak izan zituzten arren erosketa bonuen programetara egokitzeko, udalek ahalegin berezia egin dute jatetxeak, tabernak eta kafetegiak laguntzetan integratzeko. Tolosako Udalak, esaterako, espresuki haiei begirako laguntzak zabaldu ditu, bertako komertzioari laguntzeko abiatutako Suspertu Tolosa planaren bigarren fasean. “Uztailean jarri nahi genuen abian ostalaritza laguntzeko bonuen programa, baina orduan izan genituen gertaerek eraginda, sektorearekin adostu genuen irailera atzeratzea, udazkenean ere gorabeherak izango baitituzte”, Nerea Letamendia Merkataritza, Azoka eta Turismo saileko zinegotziak azaldu duenez. Osasun krisia lehertzearekin batera hartu zituen udalak herriko komertzioari begirako lehen neurriak. Sektore kaltetuekin batera diseinatu zituzten laguntza planak, baina horietako bakoitzaren berezitasunak aintzat hartu zituzten arazoari erantzuteko modua zehazteko, eta bereizi egin zituzten merkatariei emandako laguntzak eta ostalariei emandakoak. Herriko dendetan erabiltzeko bonuak izan dituzte eskura herritarrek orain arte, baina ostalaritza suspertzeko sortutakoak ere eskuratu ditzakete joan den larunbatetik.

Orotara, Tolosako Udalak 30.000 euro bideratu ditu kanpaina berrira. Baldintza jakin batzuk betetzen dituzten establezimenduei laguntzeko deialdia zabaldu zuten, eta horretara egokitutako taberna, jatetxe eta kafetegiak izan dira programan sartu direnak; hemeretzi, denera. Horietan erabili ahalko dira bonuak. 45 euroko 2.000 bonu sortu dituzte, eta 30 euroan daude salgai. Udalak hartuko ditu bere gain beste 15 euroak. Herritar bakoitzak bi bonu eskuratu ahalko ditu, gehienez ere. “Sektoreari laguntzea eta, aldi berean, alderdi soziala kontuan hartzea da abian jarritako planaren helburua”, Letamendiaren arabera. Era berean, datozen hilabeteetan “likidezia” izan dezaten, udalak diruaren zati bat aurreratuko die kanpainan parte hartuko duten negozioei, eta kanpaina bukatu ondoren likidatuko zaio horietako bakoitzari dagokiona. Urriaren 25era arte izango dira eskuragarri bonuak, eta abenduaren 7a izango da horiek erabiltzeko azkeneko eguna.

Irabazietan, alderik ez

Eguneroko kontsumo ohituretan gertatzen den gisa berean, deskontu bonuak zirkulazioan direnean ere ez dira irabaziak berdin banatzen saltoki guztien artean. Komertzio jakin batzuetan handiagoa izaten da kontsumoa, eta arriskua dago komertzio horiek ateratzeko etekin handiena bonuei. Hori eragotzi dute Usurbilen, mugatu egin baitute komertzio batek bonuen bidez irabaz dezakeen diru kopurua. Gehienez ere saltoki bakoitzak 2.000 euro jaso ditzake bide horretatik. Honela arrazoitu du Juanjo Allurrek, Hurbilago Usurbilgo ostalarien eta merkatarien elkartearen aholkulariak: “Mugatu izan ez bagenu, herritarrek erosketak egin ohi dituzten janari dendetan agortuko ziratekeen bonuak”.

Usurbilgo Udalak 400 euroko diru laguntza ematen die saltoki guztiei, eta gainerakoa herritarrek jartzen dute, bonuen bidez. Horrela, erritmo desberdinetan agortuko diren arren, ziurtatu dezakete guztiek diru kopuru berbera jasoko dutela.

Hurbilago elkarteak apirila bukaeran aktibatu zuen Gertuago kanpaina, eta bigarren fasean sartu da orain egitasmoa. Konfinamendu garaian derrigorrez itxi behar izan zuten saltokiei diru iturri bat ziurtatu nahi izan zieten hasieran. Itxita egon arren, herritarrek denda horietan erosketa bonu bat eskuratu zezaketen Internet bidez, behin denda irekitakoan han erabiltzeko. Funtzionamendu berbera izango dute bonuek bigarren fasean: Gertuago.eus atarian eskuratu beharko dira. Saltokien zerrenda bat agertuko zaio hor erosleari, eta horien artean hautatu beharko du bonua non erabili nahi duen. Ordainketa telematikoki egingo du, momentuan. Eskaintza, baina, lehen fasekoa baino zabalagoa izango da, beste 25 dendak bat egin baitute kanpainarekin.

20, 50 eta 100 eurokoak dira bonu gehienak, baina 5 eurokoak ere badira, ostalaritzako diru trukera egokituagoak. %20ko beherapenarekin erosi ahalko dira guztiak. Allurren arabera, hori da kanpainaren pizgarri nagusia: “Diruz laguntzen dena herritarra da. Zeharka, onuraduna dendaria ere bada; beherapen hori duenez, animatu egiten delako herrian erostera, eta ez kanpoan”.

Erronka, ordea, ez da nolanahikoa. Herri handiagoz eta saltoki handiez inguratutako herri txiki bat da Usurbil, eta joera dago erosketak egitera kanpora joateko. “Urbil, Mercadona, Lidl… Pentsa zer daukagun inguruan. Gainera, saltoki txikientzat konplikatuagoak dira sareko erosketak: langile kopuru mugatuagoa dute, eta familia negozioak izaten dira asko. Zaila da halakoekin lehiatzea”, aitortu du Allurrek. Edonola ere, erantzun ona izan du kanpainak, eta bonuak agortuta daude jada hasiera-hasieratik banatu dituzten saltoki askotan.

Mugitu ezina txikien onura

Eskoriatzan ere ez dira erosketak herri handiagoetan egiteko joeratik libre, baina Nerea Arana Eskoriatzako Udaleko Garapen Ekonomikoko teknikariak uste du azken hilabeteetan eta, bereziki, konfinamendu garaian mugikortasunari ezarritako neurriek herritarrak bertako komertzioetan gehiago kontsumitzera eraman dituela. Hain justu, joera horri eustea, eta, are, indartzea ere helburu dute bertako herritarrek darabiltzaten Eskoriatza bizirik bonuek. Eskoriatzako Udalak uztailean jarri zituen herritarren eskura, eta, lehen fasean, konfinamendu garaian guztiz itxita egondako saltokiek izan zuten aukera kanpainara atxikitzeko. Kanpainaren bigarren fasean sartu dira irailean. Lehendik zirkulazioan zeuden bonuei luzatu egin diete iraungitze data, eta berriak ere atera dituzte. Herritarrek 30 euroko bonu bat eros dezakete, 15 euro ordainduta. 5 euroko, 10 euroko eta 15 euroko zati bana izango du bonu bakoitzak.

Aranak onartu du komertzio batzuk besteak baino hobeto egokitzen direla kanpainara, eta pentsatzen ari direla nola lagundu probetxu handirik atera ez dioten saltokiei: “Ari gara beste moduren bat pentsatzen laguntzeko, baina ez lirateke bonuak, kasu horretan”.

Urriaren 31ra arte iraungo du bigarren faseak, eta hirugarren bat ere izango da, urte amaierara arte iraungo duena. Momentuz, “bonu pila bat” saltzen ari direla-eta, Arana pozik da kanpainak izan duen erantzunarekin. Espero du herritarrek herrian bertan erostea datozen hilabeteetan ere, bonuen bidez aurreztu dezaketenari esker. Hala ere, gabonetan du jarrita begia: “Azaroan eta abenduan kontsumoa bertakoa izatea espero dugu, erosketak egiteko garaia izaten baita”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.