Aisiaren orbanak naturan

Aisiaren orbanak naturan

Miren Garate

Batetik, zaborra. “Jendeak bide bazterretan non-nahi uzten ditu poltsak, mantak, aulkiak…”. Bestetik, gaizki aparkatutako autoak. “Aurrekoan baserritar batek ordu eta erdi eman zuen jendeari galdezka, auto bat zuelako etxe parean eta ezin zuelako berea atera”. Bolumen altuan jarritako musika ere bai. “Bertako bizilagunentzat, faunarentzat eta ganaduarentzat ez da batere atsegina”. Baimendu gabeko guneetako sua. “Arriskutsua izateaz gain, errautsak erreketara joaten dira, eta kaltegarriak dira”. Eta libre dabiltzan zakurrak. “Gehienak ondo portatzen diren arren, nahikoa da bat gaizki portatzea eta ardiren bat akabatzea”.

Gipuzkoako hainbat gunetan bildutako kexak dira horiek, gehien errepikatzen direnetako batzuk. Uda berezi honetan, ohi baino jende gehiago bildu da natur parkeetan eta aisialdirako egokitutako guneetan, hainbeste non arazoak ere sortu baitiren kasu batzuetan. “Errespetua” eskatu dute inguruko bizilagunek.

Urumea ibaiaren ingurua da adibideetako bat. Europako naturgune babestuen sarean dago, eta balio handiko ingurunea da fauna eta florari dagokienez. Haren 11 kilometro pasatzen dira Hernanitik. Joan den astean, agerraldia egin zuten gune horren kudeaketaz arduratzen diren hiru erakunde nagusietako ordezkariek: Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, Unai Erroitzenea Ereñotzuko auzo alkateak eta Inma Lizaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko zerbitzuko teknikariak.

Azaldu zuten udan ohikoa izaten dela jendea pilatzea gune horretan, baina aurten “masifikazioa” egon dela. “Erabilera gehiegizkoa izaten ari da, eta ingurunearekiko eta auzokideekiko errespetu falta izugarriak ikusten ari gara”. Adibide batzuen bidez arrazoitu zituzten hitz horiek. “Aparkalekuak betetzen direnean, jendeak edozein lekutan uzten du autoa: eremu pribatuetan, bidegurutzetan… Batzuei ez zaie inporta baserrietako sarbideak oztopatzen ari diren edo auzokideen segurtasuna arriskuan jartzen ari diren”. Errepide estua da, eta txirrindularien ohiko ibilbidea. Jokabide horiek egoera arriskutsuak sortzen dituztela zehaztu zuten.

Naturari eragiten zaion kalteari buruz esan zuten lotu gabeko zakurrak errekan sartzen direla, harriak mugitzen dituztela eta bertako ekosistemari kalte egiten diotela. Halaber, sua egitea galarazita dagoen arren, basozainek mordoxka bat harrapatzen dituzte. “Oso kaltegarria da hori. Suteak eragiteko arriskuaz gain, ibaiaren harriak lekuz aldatzen direlako, zuhaitzetako adarrak kentzen direlako, eta paisaian ere kalte egiten dutelako”.

Hiru erakundeetako ordezkariek kontatu zuten isun eta espediente batzuk jarri dituztela, baina helburua ez dela isun asko jartzea, “gizartea kontzientziatzea” baizik. Hala, datorren urteari begira, elkarlana indartuko dutela azaldu zuten, eta arauak betetzen direla bermatzeko kontrolak zorroztea eta aforoak murriztea dira buruan dituzten neurrietako batzuk.

Neurriak aztertzen

Hain zuzen, datorren urteari begira jarrita daude Gipuzkoako beste zenbait txokotan ere, ez dutelako nahi aurtengo zenbait egoera errepikatzerik. Abaltzisketan, maiatzerako igarri zuten uda ez zela ohikoa izango. Alarma egoera medio, artean Gipuzkoatik ateratzzerik ez zegoen eta eguraldi ona egin zuen asteburu batean, 600 autokarabana eta furgoneta zenbatu zituzten Larraitz inguruan. 320 biztanle ditu herriak. “Hasiera hartan, jendea oso goiz etortzen zen, aparkalekuak ia beteta egoten ziren 7:00etarako”. Uda osoan ibili da jende asko. “Jendeak mendiari eman dio, espazio handietan seguruago sentitzen delako edo ez dakit zergatik. Eguraldiak ere izango zuen zerikusirik, mendi kontra horretan asko izaten dira laino egun tristeak, baina aurten dena ona egin du”.

Alkateak nabarmendu du pozik hartzen dituztela bisitariak. “Lau taberna ditugu orain irekita, eta tirolinak. 320 biztanleko herri batean ezin dira mantendu lau taberna, kanpokoek mantentzen dituzte, baina bertan bizi den jendea errespetatu egin behar da”. Gaizki aparkatutako autoek baserritarrei eragindako trabak aipatu ditu Zubizarretak. “Ez da posible goizean baserritarrak jaiki eta kezkatuta egon behar izatea traktorearekin ez dakit nondik pasatu behar dutelako eta badakitelako autoak gaizki aparkatuta egongo direla”. Gogoratu du eguraldiaren mende bizi direla lehen sektorean, eta ezinbestean aprobetxatu behar dituztela halako egunak, haiek ez dutelako asteburuetan jai hartzeko aukerarik.

Herritar batzuek esan diote eguraldi ona eginez gero Larraitzera joaterik ez dutela nahi izaten jada. “Horrek pena handia ematen dit”. Egoera kontrolatzeko, zer egin pentsatzen ari dira, eta aparkalekuren bat ordainpeko jartzea izan daiteke aukera bat. “Kontuari mila buelta ematen ari gara, beste tokietako ordenantzak ikusten eta abar. Helburua ez da etortzen direnei dirua ateratzea, baizik eta oraindik eta txukunago edukitzea bazterrak diru horrekin”. Izan ere, Zubizarretaren esanetan, ingurua txukun ikustea gustatzen zaiolako joaten da jendea batik bat. “Eta bertakoak dira bazterrak txukun mantentzen dituztenak, baserritarrak batik bat. Errespetatu dezagun, bada, bertan bizi den jendea”.

Debako alkateordea da Itziar Irizar, eta haiek ere noiz edo noiz aipatu izan dute Elorriaga auzoan aparkalekua kobratzeko aukera, baina momentuz behintzat ez dute halako erabakirik hartuta. Auzotarrekin elkartu nahi dute, eta aldundiarekin ere bai. “Funtzionamendu antolatuagoa izatea da helburua. Zer egin dezakegun aztertu nahi dugu, bertan bizi direnen beharrei lehentasuna emanda”. Gainerako naturguneetan bezala, aurreko urteetan baino jende gehiago igarri dute aurten, baina goranzko joera hori duela urte batzuetatik zetorren. “Geoparkearen kontua dago, flysch-a, aldundiak aparkalekua handitu zuen, debekatuta egon arren jende askok egiten du lo bertan…”.

Auzoak erdigune moduko bat du zenbait etxerekin, eta pixka bat gorago dago aisialdirako egokitutako gunea. “Trafikoarekin arazoak izan ditugu aurten, aparkalekua betetzen zenean bide ertzean uzten zituelako autoak jendeak, eta gurutzatzeko zailtasunak sortzen zirelako”. Autobusen bat ere sartu izan da, nahiz eta ez egon buelta emateko tokirik; beste behin, berriz, udaltzainek eta ertzainek esku hartu behar izan zuten, ez atzera eta ez aurrera geratu zirelako autoak.

Zaborrarekin ere izan dituzte zenbait arazo. Horrez gain, ia oraintsu arte komunak itxita egon dira, eta jendea egunpasa joan ohi denez, eragozpen bihurtu da komun falta. Iturria ere bakarra dago, eta jendeak ontziak garbitzeko ere erabiltzen du, nahiz eta berez ez egon horretarako prestatuta. “Horrelako gauzak moldatzen joan beharko dugu, auzotarrekin bilduta”. Irizarren esanetan, gune ederra da, eta nahi izaten dute jendeak hartaz gozatzea, baina batez ere bertakoen egunerokotasuna errespetatzeko beharra ikusten dute. “Eta zaila da oreka bat aurkitzea”.

URUMEA IBAIA

Aparkaleku gutxiago

Orekaren garrantzia nabarmendu du Iñaki Azkarate Errenteriako Ingurumen arloko goi teknikariak ere. “Gozamenak antolatua izan behar du, ez edozein modutakoa, are gehiago lekua publikoa denean, lekua natur parke bat denean eta Natura 2000 sarearen barruan dagoenean”.

Hain zuzen, Aiako Harriaren barruan dagoen Listorreta aisialdi eremua da Gipuzkoan bisita gehien jasotzen dituen gisa horretako gunea. “Berez ere ohituta gaude han pilatzen den jende andanaren joan-etorriak kudeatzen”. Bazekiten, ordea, arazoak egon zitezkeela aurten, ohi baino arrakasta gehiago izango zutelako halako guneek. Horregatik, zenbait neurri hartu ditu udalak: alde batetik, bi udaltzain laguntzaile jarri ditu goiz eta arratsalde, eta bestetik, berrogei aparkaleku inguru itxi ditu, jende gutxiago joan zedin. “Urtero bezala, trafikoa eta hondakinen presentzia dira gehien errepikatu diren arau hausteak, baina hartutako neurriei esker, egoera kontrolatzea lortu dugu, ez da besteetan baino arazo gehiagorik izan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.