Bakardadea ere osasunaren etsai

Bakardadea ere osasunaren etsai

Miren Garate

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bakardadea-K. Gipuzkoan pertsonak konektatzen estrategiaren barruan, azterketa kuantitatibo bat egin dute, herrialdean dauden bakardade profilak aztertzeko asmoz. 55 urtetik gorako 2.050 pertsonako lagin bat hartu dute, eta ateratako emaitzetako bat hau izan da: %5,5ek esan dute bakarrik sentitzen direla —15.000 lagun lirateke—. Inkesta berean, zeharkako bakardadea edo bakardade pribatua ere neurtu dute Jong Giervelden eskalaren bidez —hau da, bakarrik hitza agertzen ez den eskala baten bidez, zeharka galdetuz—, eta kalkulatu dute nahi gabeko bakardadea sentitzen dutela %29,5ek —80.000 pertsonak baino gehiagok—. Generoa kontuan hartuz gero, bakarrik sentitzen direla esan duten emakumeen ehunekoa %7koa da; gizonena, berriz, %3,7koa. Adinean aurrera egin ahala bakardade sentimendua areagotu egiten dela ere ondorioztatu du azterlanak; izan ere, 55-64 urte dituztenen %4k erantzun dute bakarrik sentitzen direla, eta 80 urtetik gorakoen %8,5ek.

COVID-19ari dagokionez, bereziki zaurgarriak dira adinekoak, eta etxetik ateratzeko beldur dira zenbait. Beldurrik ez dutenei ere nabarmen aldatu zaie eguneroko bizitza; esate baterako, haientzako antolatutako jarduerak murriztu egin direlako —Imsersoren bidaiak, kultur ekitaldiak eta abar—, agintariek harreman sozialak murrizteko agindu dutelako kutsatzeko arriskuagatik, seme-alabek biloben zaintza lanak ez egiteko eskatu dietelako nahiz beste hainbat arrazoirengatik. Ez gaixotzea garrantzitsua izanik ere, adituek ohartarazi dute norbere ongizatean eragiten duten bestelako alderdiak ere zaindu egin behar direla.

Bakardadean dauden adinekoei laguntzea da Nagusilan elkartearen helburuetako bat. Asun Ugarte hango boluntarioetako bat da, Legazpiko taldearen koordinatzailea. “Egoera honetan, adineko pertsona asko bakardadean harrapatuta geratzen dira”, esan du. Pandemia iritsi aurretik, elkarteko kideek egunero egiten zituzten bisitak eguneko zentrora eta zahar egoitzara, eta aldiro antolatzen zituzten jarduerak, hala nola bingoa eta bideo emanaldiak.

Otsailaren amaieran, inauteriak ospatu zituzten egoitzan, eta hura izan zen orain arteko azken ekitaldia, urte erdia igaro den arren oraindik ez baitute lehengo martxa berreskuratzerik izan. “Badakigu pertsona askok sumatzen dutela guk ematen diegun horren falta, ordubete horretan egiten genituen ekintzekin oso pozik egoten baitziren”. Ulertzen dute egoitzetan neurri zorrotzak jarri izana egoiliarrak babesteko. “Baina aztertu nahi dugu zer egin dezakegun berriz ere gauza txiki batzuk antolatzen hasteko, inor ez dutenekin paseotxo batzuk eman eta horrelako gauzak”. Ugarteren esanetan, adinekoentzat ere izugarri garrantzitsuak dira harreman sozialak. “Behar ditugu, eta egunerokotasun edo normaltasun bat ere bai. Neurriak hartzen jarraitu behar dugu, baina ahalik eta normaltasun handienari eutsiz”.

ADINEKOAK

Orekaren beharra

Bat dator Maria Zunzunegi psikologoa. Gaur egun psikologia kabinete bat du Azpeitian, eta aurrez zahar egoitzetan aritu izan da psikologo lanetan, egoiliarrekin nahiz senideekin. “Lehenik eta behin, ez dezagun ahaztu osasun fisikoaz gain buru osasuna ere beharrezkoa dugula gure ongizaterako, bien arteko oreka bat behar dugula osasuntsu mantentzeko”. Esate baterako, gogoratu du zenbait ikerketak ondorioztatu dutela bakardade sentimenduak eragin zuzena duela hilkortasun tasetan; hau da, bakarrik sentitzen diren nagusiek behar baino lehenago hiltzeko arrisku handiagoa dutela.

Diputazioak bakardadeari buruz emandako datuak ez zaizkio harrigarriak egin. Alde batetik, azaldu du pertsonak behartuta daudela une oro egokitzapen prozesu batean bizitzera, eta adin nagusikoek oso aldaketa handietara egokitu behar izaten dutela, hala nola erretirora, alarguntzera nahiz gurasoen edo lagunen heriotzari aurre egitera. “Bizitzaren zentzua mantentzea maiz ez da erraza izaten gure bizitzan esanguratsuak izan diren rolak galtzean: langile, guraso, senar-emazte…”. Bestetik, egungo indibidualismoa aipatu du. “Indibidualismoak eta zahartzearen inguruko aurreiritzi negatiboek adin tarte horretan daudenak baztertzeko joera bultzatzen dute, bakardade sentimendua areagotuz”.

Bakardade aitortuaren (%5,5) eta zeharka ondorioztatu denaren (%29,5) artean halako aldea egoteari ere ikusten dizkio zenbait arrazoi posible. “Buru osasuneko beste hainbat kasutan bezala, bakardadearen eta haren inguruan sortzen diren emozioen inguruan tabu bat dago: esan ezina, lotsa eta beldurra. Kontuan izan behar da, gainera, adin tarte horretatik gorakoek hezkuntza emozionalik ez zutela jaso ez etxean, ez ikastetxean; beraz, barneko sentimendu eta emozioen kudeaketan zailtasunak izaten dituzte”.

Familia egituretan, zaintza ohituretan eta jendearen bizimoduan aldaketa handiak izan diren arren, eraldaketa horretan nagusiek dituzten ezagutzak, balioak eta abar txertatzea eta estimatzea “ahaztu” egin zaigula uste du Zunzunegik. Horren harira, COVID-19a iritsi zenetik adinekoen bakardadea handitzen ari dela dio, bai sentimendu gisa, bai errealitate gisa. “Gertutasun fisikoari ezarritako mugak kontuan izanik, teknologiak eskura jartzen dizkigun tresnez baliatu beharko genuke gure nagusiekin ditugun harremanak mantentzeko edo sendotzeko”. Bideo deiak, betiko deiak nahiz iraganean ohikoagoak ziren idatzizko gutunak gomendatu ditu.

‘Zilarrezko haria’

Hain zuzen, eguneroko bisitak egiteko aukerarik gabe geratu zirenean, Zilarrezko haria izeneko zerbitzua indartzea izan zen Nagusilanek hartu zuen erabakietako bat. “Izugarrizko arrakasta izan du”, kontatu du Ugartek. Telefono linea bat da, eta zerbitzuaren bidez, jendeari norbaitekin hitz egiteko aukera ematen zaio, adostutako egun eta orduan. Nagusilaneko boluntarioak deitu ohi dio, baina zerbitzua eskatu duenak esaten du zeri buruz hitz egin. “Hasieran jendeari erreparo pixka bat ematen dio: zer galdetuko ote dit, igual nire bizitzari buruzko zerbait jakin nahiko du… Baina ez da horrelakorik gertatzen; pertsonak nahi duenari buruz hitz egiten da”. Kanpaina bat egiteko asmoa du elkarteak, zerbitzua hobeto ezagutarazteko. “Poliki-poliki harremanak sortuz joaten dira, eta jendea oso gustura egoten da, pozik norbaitek deitu behar diolako ordu jakin batean”.

Hilabeteotan, saiatu dira egoitzetako arduradunekin telefono bidezko harremanari behintzat eusten, eta bideoak eta abar ere egin dituzte egoiliarrentzat, kontaktua mantentzeko. Boluntarioen arteko harremanari eusteko ahalegina ere egin dute, Whatsapp bidez eta halakorik ez dutenei zuzenean deituz, talde giroa ez hozteko.

Boluntario lan horietan ari direnean bakardade asko ikusten al duten galdetuta, Ugartek zehaztu du era askotakoa izan daitekeela bakardadea. “Baten batek erabaki dezake bakarrik egotea: bada, primeran, baina izan dadila berak erabaki duelako”. Nagusilanen helburuetako bat da “antena moduko bat” izatea, nahi gabeko bakardadea bizi duten horien kasuak detektatzeko. Etengabeko harremana dute gizarte zerbitzuekin eta lehen mailako arretarekin, eta elkarrengana bideratzen dute jendea. “Baina argi dugu arau bat: gu ez gara sartzen langile profesional baten lanean. Gure egitekoak beste batzuk dira”.

Nagusilaneko boluntarioen artean, emakumeak gehiago dira gizonak baino. Alabaina, datuek diote emakumeen artean handiagoa izan ohi dela bakardade sentimendua. Bi arrazoi nagusi ikusten ditu Zunzunegik: “Emakume nagusiak, beraien bizitzan zehar, inguru sozialaz baino gehiago arduratu izan dira etxeko lanez eta zaintza lanez; beraz, urteetan jorratu gabeko erlazio sozialen hutsunea handiagoa izan ohi da bestelako rolak galdutakoan”. Bizi itxaropen luzeagoa izateak ere badu zerikusia. “Alarguntze prozesuak oso sarri gertatu ohi dira, baita ingurukoen heriotzen dolu prozesuak bizi behar izatea ere”.

Nola aurre egin?

Bakarrik senti zitezkeela pentsatuta, Nagusilaneko kideek behin baino gehiagotan gonbidatu izan dute jendea elkartera, eta proposamena onartu izan dutenek asko eskertu izan diete emandako aukera. Izan ere, bakardadeari aurre egiteko gomendio bat eskatuta, Ugartek argi du talderen bateko kide izateak asko laguntzen duela. “Aukera asko daude bakardadea pixka bat alde batera uzteko: boluntario lanak, zerbait ikasi, dantza, paseoak eman… Taldetxoren batean egonez gero, jendea ezagutzen da, eta akaso bizpahiru lagunekin kafea hartzeko geratuko zara egunen batean, eta gero haien bidez beste jende bat ezagutuko duzu…”. Haren esanetan, ordea, bakoitzari dagokio bere egoera noiz eta nola bideratu erabakitzea, eta barrutik indar pixka bat ateratzea. “Nik jendeari aholkatuko nioke ez geratzeko etxean. Garrantzitsua da aktibo mantentzea eta leihoak pixka bat irekitzea”.

ADINEKOAK

Antzeko aholkuak eman ditu Zunzunegik ere. Haren esanetan, bakardade sentimenduari aurre egiteko beharrezkoa da norbere sentimenduak onartzea eta adieraztea —idatziz, margotuz, musikaren bidez—; gure barnean bakartu beharrean, besteekiko gertutasuna bilatzea; bizitzarekiko jokaera aktiboago bat bultzatzea —ariketa fisikoa egitea, telefono deiak egitea…—; gustuko ditugun jarduerak egitea —irakurri, ariketa fisikoa egin, kozinatu…— eta lagunarteko edo familiako kideekin elkartzea. “Boluntariotza egitea ere baliabide bikaina da bakardadeari aurre egiteko eta, bide batez, besteen bakardadea uxatzen laguntzeko”.

Kontatu du bakardadea aipatzen denean hutsune fisiko bati egiten zaiola erreferentzia batzuetan, baina beste batzuetan, geure buruarekin egoteak sortzen digun egonezinari, hutsune emozionalari. “Askotan esaten da, adibidez, jendez inguratuta egonik ere, bakarrik senti gaitezkeela”. Horri lotuta, trabak jartzeaz gain, pandemiak aukera batzuk ere sortu dituela uste du. “Gure buruarekin egoten ikasteko eta disfrutatzeko aukera ematen ari zaigu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.