Leire Narbaiza
Mugalaria naiz, ez Ruper Ordorikarekin jotzen dudalako (nahi bai!), baizik eta jaio eta bizi naizelako Gipuzkoako mugako herri batean. Gainera, ia egunero muga zentzubako hori zeharkatzen dut, ia beti beste aldean egokitzen zaidalako lan egitea.
Batzuendako, ia bizkai-txarra naiz, beste batzuendako guipuchi-a, eta beste batzuek uste dute —nire antzeko egoera bizi dutenek— Errepublika Independenteko kidea naizela (nahi bai!).
Nahikoa gipuzkoar ez izatea ere leporatu zait, nahiz eta Bizkaian irabazitakoaren gaineko zergak Gipuzkoan ordaindu (ederra tontakeria!). Euskaraz ere ez dugu gipuzkera deitutakoa egiten, bizkaiera baizik. Koldo Zuazo hizkuntzalari herrikideak sartaldeko sortaldeko euskara izendatu du gurea. Gipuzkoar nahikotasun mailarik ez dugu ematen, beraz.
Deba arroko askori, barrendarrei eta goiendarrei, arrotza egin zaigu lurralde-partiketa hau. Bazterreko sentitu izan gara sarri. Izan ere, Gipuzkoa Zarauzko autobidearen ordainlekuan amaitzen da probintziano askorendako. Hortik aurrera, lurralde urruna eta exotikoa. Imajinario gipuzkoar murritzak bazterreko gipuzkoarrok ez gaituelako barnean hartzen.
Bazterrean bizitze honek, baina, aukera ematen digu ikasteko zein absurdoak diren probintzien arteko (edo kontrako) hainbat kontu. Absurdoak dira kontatzen diren txisteak, ondokoak ergelagoak direla nabarmentzeko. Absurdoa da lurralde biak zeharkatzen dituzten garraiobide eta autobideek tarifa desberdina izatea alde batean edo bestean erroldatuta egoteagatik. Absurdoa da elkarri bizkarra emanda bizitzea, pentsatzea alboko probintzia askoz leku okerragoa dela. Absurdoa da lehia eternoan egotea, erresuminetik sortutako konpetentzia, mesfidantzan oinarritutakoa. Ez da lehia sanoa, gogo gaiztoz eraginda dagoelako. Absurdoa da, zeren galdetuz gero zergatik diren uste horiek guztiak… inor ez da gai erantzuteko, eta, buruari pixka bat eraginez gero, beti agertzen delako futbola! Aurkari izateko motibo bakarra gizonezkoen futbola da! Absurdoagoa mugako herri honetan: hiriburuetako talde bietako zaleak dauzkagulako, eta orain lehenengo mailan talde propioa edukita, askoz absurdoagoa bihurtu delako.
Futbolak sor litzake halakoak. Baina hainbesterako? Sortu ostean, elikatu ere egin behar dira ezinikusiak, eta batzuei oso ondo etortzen zaizkiela begitantzen zait. Batez ere, prentsa talde bati, mantxeta birekin konfliktoa hauspotzen du-eta. Talde horren begi bistako interesez gain, ezkutuagoak ere badaudelakoan nago.
Estrategia honek kalteak eragiten ditu. Jakina, mugalariok argi dugu guri zer ondorio txar dakarzkigun. Ez ahaztu ezin izan ginela probintziatik irten —ondoko herrira joan— konfinamendua arindu zenean. Beste kontu praktiko batzuetan ere kalte: gutako askok Mugi eta Barik txartelak behar ditugu, biak. Arau desberdinez aparte, euskal komunitateari eragiten dio kaltea, gure herria trinkotu eta indartzeko enbarazua delako. Esajerazioa iritziko diozue askok, Euskal Herria zazpi probintzia direla, eta ez zaizue arrazoirik falta. Baina kontu askotan motorra diren probintzietako biztanleen artean horrelako ezinikusiak badaude, zelan elkartu eta aurrera egin? Mesfidantza ez da lagun ona ezer eraikitzeko, eta hori dabiltza xaxatzen aspaldi luze baten.
Bazterreko gipuzkoarra izateak irakatsi dit: sasiak sutzen dabiltzanei, jaramonik ez.
Leave a Reply