Imanol Garcia Landa
Orain arteko lorpenik handiena egin du Juanjo Esnaolak Anoetako enduro mendi bizikletako txirrindulariak: Espainiako txapelduna izan da orain gutxi M30 mailan —hau da, 30 eta 40 urte arteko kategorian—, eta sailkapen orokorrean hamaikagarrena izan da. Pirinioetan jokatu zen txapelketa, eta normalean bertan egiten diren jaitsierak luzeak izaten direla dio Esnaolak. “Ohikoa baino proba gogorragoa izan zen. Jendea prestatzen da, baina horrelako proba luzeetan gehiago kostatzen zaie. Gu, Euskal Herrian, ohituta gaude horrelako desnibeletan ibiltzen, eta niretzat hori izan zen gakoa: guretzako egindako lasterka bat bezalakoa izan zela”.
Mendi bizikleten proben barruan, enduroko modalitatean jaitsieren denborak hartzen dira kontuan, baina, azkenean, zirkuitu luze bat egin behar da, hurrengo jaitsiera hasten den lekuraino igo egin behar delako. Parte hartzaile bakoitzari itsasgarri bat ematen diote, dortsalaren arabera, eta bertan zehazten diote jaitsiera bakoitzaren hasiera ordua. “Txirrindulari bakoitzak erabakitzen du jaitsiera bat bukatu eta gero noiz abiatu nahi duen hurrengo puntura: zerbait jan nahi duzun, edo berehala abiatu, azkar igo nahi duzun edo lasaiago…”, esan du Esnaolak. “Hori bai, kontuan izan behar da zigorra jasotzen duzula ez bazaude zure ordu zehatzean jaitsieraren hasiera puntuan”.
Ohikoenak lau edo bost minutuko jaitsierak izaten dira, baina Pirinioetan luzatu egiten direla dio Anoetako txirrindulariak. Txapelketan aurreneko jaitsiera 11 minutu ingurukoa izan zela azaldu du, bigarrena zortzikoa, eta besteek ohiko denborak zituztela. “Aurreneko biak oso fisikoak ziren; gainera, tartean, pedalei eragin beharreko zatiekin, igoera batzuekin, eta jendeak asko sufritu zuen. Nik ere bai”. Guztira, 26 minutu behar izan zituen Esnaolak bost jaitsierak egiteko, eta bere mailako bigarrenari hiru segundoko tartea bakarrik atera zion. Jaitsiera bakoitzaren ondoren, sailkapena nola doan jakin ohi dute, Internet bidez azaltzen delako, baina arazoren bat izan zen, eta lasterketa bukatu arte ez zuen jakin irabazi egin zuela. “Gero, etxean, denborak begiratuta, ikusi nuen azkeneko jaitsierara hiru segundoko abantailarekin iritsi nintzela, eta tarte horrekin jarraitu ahal izan nuela”.
55 kilometro orduko
Sailkapen orokorrari dagokionez, ez zuen espero hamaikagarren gelditzea: “Oso gustura nago horrekin ere. Aurreneko hogei lehenengoetan sartzea zen helburua, eta postu hori lortzea sekulakoa da”. Kontuan izan behar da, gainera, dortsalaren zenbakia oso altua zuela, eta horrek trabak eragiten zituela. “Ez nuen dortsal onekin ateratzeko aukerarik, hau da, nire erritmoa eramaten duten aurkariekin. Horiek Espainiako Irekian parte hartzen dutenek jasotzen dituzte, eta ni ez naiz hor lehiatzen. Ni atzerago ateratzen nintzen, eta banekien nire aurretik zihoazenak baino azkarrago joango nintzela, eta, beraz, aurreratu egin beharko nituela, batez ere jaitsiera luzeenetan”. 20 segundoko tartearekin abiatzen ziren, eta hainbat parte hartzaile aurreratu egin behar izan zituen.
Izan ere, enduroan ziztu bizian jaisten dira txirrindulariak. Txapelketako lehen jaitsieran, esaterako, zati batean 55 km/h-ko abiadura harrapatu zuen. “Ez dakit zer gaitasun behar diren horrela moldatzeko”, esan du anoetarrak. “Nik dakidana da asko entrenatu behar dela, asko trebatu eta konfiantza hartu. Pixkanaka joan behar da, pazientzia behar duzu, eta ez pentsatu bi egunean aurrenekoen mailara iritsiko zarenik. Buruarekin egin behar den kirola da. Ez du ematen, baina askotan zuhaitzak ukitu egiten ditugu eskulekuarekin edo sorbaldarekin, eta larritu egiten gara”.
Bizikletak jaitsierak egiteko egokituta daude, eta azkenaldian asko hobetu direla dio Esnaolak: “Orain hobeak dira pedalei emateko. Geometria ere aldatu da. Halere, nahiko astunak dira, eta goraka eramateko ez dira errazak”. Indargetzaileak aurrean eta atzean izan ohi dituzte enduroko bizikletek, eta, beste mendi bizikletekin alderatuta, luzeagoak dira. Gero eta karbonozko bizikleta gehiago erabiltzen dira, eta “bizikleta txukun” bat izateko 5.000 edo 6.000 euro gastatu behar direla dio Esnaolak.
Laguntza falta, federaziotik
Tolosaldean enduro egiten duten txirrindulari ugari daudela dio. “Eskualdean ibiltzen garenok talde handi bat dugu”, esan du Esnaolak. “Kontua da kirol nahiko berria dela guretzako. Aspaldidanik dabil jendea, baina esan daiteke indarra orain lau edo bost urte hartu zuela, hau da, hemen inguruan jaitsierak lantzen hasi zirenean. Gero eta jende gehiago dabil gaur egun”. Bestalde, lursail pribatu asko daudela dio, eta kezka izaten dute horrekin. “Normalean errespetatzen dute, eta moldatzen gara”. Tolosaldean entrenatzeko aukerak badaudela azaldu du anoetarrak: “Ez gaude kexatzeko moduan. Uzturre aldean baditugu jaitsiera batzuk, Leitzaran aldean beste batzuk, Hernio aldean, Alegian ere bai… Potentzial handia dago, eta jendea ere ari da kanpotik etortzen, eta etortzen direnak gustura joaten dira, eta hori seinale ona da”, esan du.
Juanjo Esnaola betidanik aritu da kirola egiten. Gaztetan bizikletarekin aritu zen, gero mendi lasterketak ere egin zituen, eta eskaladan ere murgildu zen. “Eskalatzen ari nintzela lesioa izan nuen, sorbalda atera eta lesio handi xamarra egin nuen. Lau bat hilabete egon nintzen geldirik, eta medikuek esan zidaten eskalatzen jarraituz gero berriro ere sorbalda ateratzeko arriskua nuela. Eskalada uztea erabaki nuen, eta berriro ere bizikletarekin hasi nintzen”. Orain bost urte inguru ezagutu zuen enduroa. “Jaistea beti gustatu izan zait, baina ez nekien lasterketak zeudenik ere. Mundu horretan sartu nintzen, eta orain arte. Azkenean, espero ez nuena lortu dut”.
Frantzian enduroa askoz zabalduagoa dagoela esan du. “Nik Espainiako txapelketan, orokorrean, 11. postuan amaitu dut, eta, Frantziara joanez gero, 40. postuan egongo nintzateke. Han aurreratuago daude, kirolariek laguntza gehiago dituzte, eta zirkuituak markatuta daude. Ondo ikusitako kirol bat da, eta hemen ez dago oraindik ondo ikusita. Ematen du gaizkile batzuk garela, baina uste dut pixkanaka aldatzen ari dela”, esan du. Esnaolak faltan sumatzen du Euskadiko Federazioaren laguntza gehiago izatea. “Espainiako txapelketan asturiarrek, galiziarrek eta beste hainbatek beren federazioen laguntza jasotzen dute, gastuak-eta ordainduz. Hemengo egoerak tristura ematen du, zer-nolako potentziala dagoen kontuan izanik, baina federazioak ez du ezer jakin nahi, eta espero dut denborarekin iritzia aldatuko dutela”.
Esnaolak Iruñeko Cycla Bikes dendatik jasotzen du laguntza, orain dela hiru urtetik. “Haiekin aritu nahi nuen galdetu zidaten, emaitza onak izaten ari nintzelako, eta baiezkoa eman nien. Hemen, Tolosaldean eta Gipuzkoan, ez dago laguntza askorik, ez dago kultura hori; Nafarroan gehiago dago”, zehaztu du. Bizikletak garestiak direla eta mantenua ere ez dela merkea gaineratu du. “Urtero indargetzaileak eta urkilak begiratu behar zaizkio, olioa aldatu, katea dela edota transmisioa… Urtero diru asko joaten da, eta horretan dendak lagundu egiten digu, eta gustura nago alde horretatik”.
Leave a Reply