Arrakala digitalik ez egoteko, sare neutroa

Arrakala digitalik ez egoteko, sare neutroa

Miren Garate

Konektatuta daudenen eta ez daudenen arteko arrakala gero eta handiagoa bihurtzeko arriskua bistaratu du COVID-19ak. Eta teknologiak gero eta indar handiagoa duen garaiotan, telekomunikazio enpresa gutxi batzuk hartzen ari diren indarra ere kezka iturri da. Adar asko ditu gai honek —zibersegurtasuna, pribatutasuna,…— , eta horietako bat da azpiegiturena, ezinegona eragiten baitu zuntza, antenak eta Interneterako sarbidea bermatzen duten bestelako baliabideak kudeatzeko eta sortzeko ardura haien mende egoteak. Hein batean, bi kontuei heldu nahi die Zumaiako Udalak martxan jarri berri duen proiektu batek. Egunotan hasi dira zuntz optikoa sartzeko lanekin, eta herri osora hedatuko dute sarea, baita herrigunetik kanpo dauden auzoetara ere —Oikia, Narrondo eta Artadira—.

Zuntz optiko hori irekia, neutroa eta unibertsala izango da; izan ere, udalak hitzarmen bat sinatu du Kataluniako Guifi.net-ekin. Fundazio bat da Guifi.net, irabazi asmorik gabea, eta, azpiegituraren zati bat finantzatzeaz gain, berezitasun horiek bermatzen direla zaintzen du —Gipuzkoako beste zenbait herritan ere egin izan ditu azpiegiturak fundazio horrek—.

Proiektua azaltzeko, adibide bat jarri du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak: “Imajinatu garraio konpainia bat dagoela, konpainia horrek errepide bat egiten duela, eta handik pasatu ahal izateko baimena eman edo zati bat saldu behar dizula. Astakeria irudituko litzaiguke, baina zuntz optikoan horrelaxe dago kontua”.

Ostolazak azaldu du konpainia jakin batzuek izan dezaketen monopolioa edo oligopolioa saihestu nahi izan dutela. “Hain inportantea den azpiegitura bat, etorkizunean gero eta garrantzi handiagoa izango duen eta herrien garapen ekonomikoa baldintzatuko duen azpiegitura bat, ez dadila egon konpainia handi baten esku, baizik eta sare ireki bat izan dadila betirako. Horixe nahi genuen”.

Hain zuzen, nahi duten konpainia guztiek izango dute Zumaiako zuntz optikoaren sare hori erabiltzeko aukera, baldintza berberetan, Espainiako Telekomunikazioen Merkatu Batzordean alta emanda egotea bakarrik eskatuko baitzaie operadoreei. Guifi.net-en funts propioekin, Zumaiako Udalak jarritako diruarekin eta herritarren ekarpenekin finantzatuko dute proiektua.

Parte hartu nahi duten herritarrek 1.200 euroko ekarpena egin beharko dute, baina zati hori berreskuratzeko aukera izango dute, ez baitzaie kobratuko lineari dagokion hileroko kuota.

GUIFI.NET

Hiru abantaila nagusi

Alkateak hiru abantaila nagusi ikusten dizkio proiektuari. Alde batetik, herritarrei kalitatezko Internet konexioa eskainiko diela, eta, gainera, modu onean. “Benetako zuntz optikoa eramango dugu etxeraino, ez da koakzionala edo kobrezkoa izango”. Merkeagoa zergatik izango den galdetuta, erantzun du konpainiek inbertsioari errentagarritasun ahalik eta handiena ateratzeko nahia izan ohi dutela. “Baina, kasu honetan, ez dago irabazi asmorik; sareak emandako etekin guztiak sarea zabaltzeko inbertsioetarako izaten dira”.

Bigarren abantaila da auzo guztietara zabalduko dela zuntz optikoa; hain zuzen, Guifi.net-en ezaugarrietako bat da ohiko konpainiak iristen ez diren guneetara ere iristen dela: baserrietara, herri txikietara eta abar. Hirugarrenik, aipatu du operadore handiek ez ezik txikiek ere eskaini ahal izango dutela zerbitzua sare horren bidez, eta horrek tokian tokiko ekonomia bultzatzen lagunduko duela.

Herriko Abaila kooperatiba da Guifi.net-en sarearen bidez zerbitzua emango duenetako bat. Luis Tellabide kooperatibako kideak esan duenez, “orain dela pare bat urte hasi ginen Guifi.net-ekin lanean, antena bidez gure sarea muntatzen, eta pentsatuta geneukan zuntza botatzen hastea Zumaiako pare bat kaletan. Udalak herri osoan botatzea erabaki du, eta askoz hobeto”. Hain zuzen ere, beraiek eman zieten Guifi.net-en berri udaleko ordezkariei.

Nabarmendu du proiektu kolaboratibo bat izatea dela Guifi.net-en indarguneetako bat, eta inor kanpoan ez uzten saiatzen dela. “Nahi duen orok har dezake parte; idealena da herritar guztien artean jartzea dirua, sarea herritarren esku egoteko, hemendik kudeatzeko eta hemendik hartzeko erabakiak”.

Horri lotuta, burujabetza teknologikoaren garrantzia aipatu du Abailako kideak: “Adibidez, aurreko urteetan orri mordoa blokeatu zituzten operadoreek, Espainiako Gobernuak aginduta. Guifi.net bezalako proiektu batean, zailagoa da horrelako gauzak gertatzea”. Azpiegitura egiteko lanak zortzi hilabetean amaitzea kalkulatzen du Udalak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.