Juan Luis Zabala
Esadan —bota nion bat-batean, ezustean harrapatuz—, hi burges ala langile sentitzen haiz?
—Zer!?
—Eztabaida izan dinat horretaz eta zalantza sortu zaidan. Ni, hi bezala, langilea naun, baina orain dela hogeita hamar urte burgesek baino ez zeuzkaten gauza asko zeuzkanat, eta orduan burgesenak baino izaten ez ziren jarduera askotan aritzen naun.
—Zertaz ari haiz!?
—Etxea, autoa, oporraldiak kanpoan, kirol jarduera ez oso merkeak, afariak, bestelako apetaren bat edo beste noizean behin… Hiztegiaren arabera, strictu sensu, ez naun burgesa, baina duela 30 urte izan nintzen gazteak nire bizitzako une batzuetan ikusiko banindu, burgesa naizela esango liken, eta neu ere burges sentitzen naun askotan.
—Eta horrek kontzientzian azkura eragiten dik?
—Ez. Ez zekinat zer naizen, baina ez zeukanat arazorik naizenarekin, are gutxiago naizenaren izendapenarekin. Beste kontu bat interesatzen zaidan. Egun hauetan, Topo taldearen kantu bat zeukanat buruan etengabe bueltaka, Mis amigos.
—Topo!? Hi beti azken nobedadeekin!
—Jende askorentzat berria izateko moduko taldea dun. Ezagutzen ez dutenez…
—Horrela begiratuta bai.
—Hemen zeukanat Toporen kantu horren hitzen itzulpena —esan diot, eskuko telefonoko pantaila erakutsiz—. 1970eko hamarkadako Vallecas auzoko kronika bat dun: “Madrilen, nire auzoan, billar batean, mutil talde bat ginen, zigarroa ahoan genuela, mundua konpontzen futbolin-kolpeka. Lanetik irtenda, gaueko akademiara, ingelesa ikastera, etorkizun handikoa baita, eta zure aitak egin ez bazuen ere, zuk bai”.
—Ona duk hori: “Zure aitak egin ez bazuen ere, zuk bai”. Ez dik gaurkotasunik galdu. Zenbat gauza egiten dituzten gaur egungo haurrek ere, gurasoek inoiz egin gabekoak eta gurasoen gustukoak ere ez direnak, baina etorkizunerako behar-beharrezkoak omen direnak! Gogoz edo gogoz kontra, baina egingo nikek Topoko kideek ere, seme-alabarik izan baldin badute, ingeleseko akademietara bidali dituztela.
—Seguru! Eta honela jarraitzen din kantuak: “Nire lagunak, nirekin jolasean arituak, non ote daude? Nirekin batera iraultza egindakoak, tresillo batean zanpatuta geratuko dira”. Ezin izan dinat tresillo euskarara itzuli.
—Zer den ere ez zekiat.
—Interneten begiratu behar izan dinat, Elhuyar Hiztegian. Ez zegon pareko hitzik, eta definizio hau agertzen dun: “Sofa batez eta bi besaulkiz osatutako multzoa”. Ez esan metafora polita ez dela! Oso onak zitunan Topokoak!
—Eta euskaraz horretarako hitzik ez zeukaagu.
—Baina hitz hori ez izatea ez dun euskaldunon etxeetan “sofa batez eta bi besaulkiz osatutako multzorik” ez egotearen ondorio. Noren etxean ez dago gaur egun tresillorik edo antzekorik? Eta nork ez du maite hartan zanpatuta geratzea, noizean behin gutxienez?
—Eta… burgesak al gara horregatik?
—Ez dinat hori esan nahi. Esan nahi dinat garai batean burgesiaren sinbolo ziren objektu, jarduera, asmo, anbizio eta helburu asko langileonak ere badirela gaur egun, ahaztu gabe enpresarien mundua ere asko dibertsifikatu dela eta ez direla enpresari guztiak gu baino burgesagoak; eta horrek guztiak lausotu egiten duela langilearen eta burgesaren arteko bereizketa.
—Erraza duk konponbidea: ez gaituk burgesak, langile tresillodunak baizik.
Leave a Reply