Iruzurra eta ukronia

Juan Luis Zabala

Euskararen kontu honekin iruzur egin didatela sentitzen diat —esan zidan.

—Zer ba?

—Pako Aristiren artikulu bat irakurri diat Berria-n…

Euskararen bigarren heriotza?

—Bai. Eta gogoratu nauk, batxilergoa amaitu eta gero, unibertsitatean filologia ikastea erabaki eta zalantza izan nuela zer hautatu: euskal filologia ala filologia hispanikoa. Eta ba al dakik zergatik aukeratu nuen euskarazkoa?

—Euskaltzalea haizelako.

—Bai zera! Hizkuntza batean edo bestean aritu ez zegoela alderik uste nian orduan. Euskal filologia aukeratu nian lanean hasteko erraztasun handiagoak emango zizkidala uste nuelako, lan merkatuan eta dirugintzaren lehian euskal filologia hispanikoa baino baliagarriagoa izango zitzaidalakoan.

—Inozo halakoa!

—Duela berrogei urte inguruko kontuez ari nauk. Franco hil berritan, euskararen aldeko mugimendu handia zegoan: euskara elkarteak herri eta auzo guztietan, jende mordoa euskaltegietan eta gau-eskoletan euskara ikasten, alfabetatzearen aldeko kanpaina handia… Ez duk sinestuko, baina hala izan zuan: euskaldunzahar asko alfabetatzen!

—Sinesten dinat, neu ere gogoratzen naun.

—Eusko Ikaskuntzak Jose Ramon Etxebarria saritu dik, zientzia euskaraz egin zitekeela aldarrikatu eta frogatu zuen irakaslea. Oso ondo, baina Etxebarria saritzeko modurik onena zientzia euskaraz egitea duk, eta hark duela berrogeitaka urteak hasitako bideak ez dik izan behar adinako bultzada politikorik, ez behar adina jarraitzailerik.

—Iruzur egin al diote ba Etxebarriari ere?

—Oso esker onekoa eta haserre zailekoa duk eta ez diat imajinatzen hitz horiek erabiltzen, baina halako aitzindariek jarraitzaile gehiago izatea merezi ziaten, eta ez zientziaren arloan soilik.

—Asko aurreratu din euskarazko zientziak.

—Baina oso itzalean zegok erdarazkoaren aldean. Eta zientzian bezala gaudek denean. Egunkaririk irakurrienak zein diren ikusi besterik ez daukak, libururik irakurrienak, ikus-entzunezkoetako eskaintza telebistan, ordenagailuan zein zinema aretoetan… Duela berrogei urte uste nian XXI. menderako euskara izango zela nagusi Euskal Herri osoan, edo gunerik euskaldunenetan behintzat. Baina bai zera!!

—Lekutan gauden!

—Mendekua hartzeko, nobela bat idazten hasi nauk, ukronia bat. Gogoan izango duk nola hil zen Rikardo Arregi, alfabetatzearen sustatzaile gorbataduna, auto istripuan. Bada nire nobelan istriputik bizirik atera eta euskal kulturaren berpizkundearen lider handia bihurtuko duk. Bere garaiko ETAko buruzagiekin eztabaida latzak izango ditik eta azkenean, dialektikan haiei gailendu eta gero, lortuko dik orduko gazte abertzale borrokalarienak konbentzitzea armekin mendira joanda baino mesede handiagoa egingo diotela aberriari liburuekin, euskarazkoekin bereziki, noranahi joanda.

Herri armatua, inoiz ez zanpatua vs herri alfabetatua, inoiz ez zanpatua.

—Horixe! Apuntatuko diat nobelarako.

—Bazekinat nola jarraitzen duen nobelak. XXI. mendearen lehen laurdena amaitzerako, Euskal Herrian euskara dun nagusi alor guztietan, eta mundu osoarentzako dun eredugarria gure kultura-berpizkundea.

—Ez habil oker.

—Esan al dinat inoiz burutik jota hagoela?

—Heu ere ezin haiz oso betea izan, nire txoropitokeria hauek entzuten denbora galtzen duanerako.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published.