Nahi ez genuen ia guztia

Juan Luis Zabala

Herrialde musulmanetan Frantziako produktuei egiten ari zaizkien boikota ekarri zuen hizpidera.

—Hemen ere izan geninan halako kanpaina bat —esan nion—, aspaldi, Frantziako Gobernua erbesteratuak estraditatzen hasi zenean.

—Beste garai bat zuan hura. Ideologiak, aukera politikoak, tinkoagoak zituan orduan, eta sartuago zeudean eguneroko bizitzan, sektarismotik gertu nahi bada, baina, aldi berean, kontzientziazio eta engaiamendu handiago baten ondorioa ere bazuan hori. Orain dena duk arinago, light-ago, onerako eta txarrerako.

—Hik uste?

—Adibide bat jarriko diat: euskal aktore ezagunek hartu ditek parte Patria-n, hemengo gatazka politikoari espainiar unionismoaren ikuspegi ideologikotik begiratzen dion telesail batean. Gordina duk esatea, baina duela 20 edo 30 urte horrelako telesail batean aritutako aktoreek zaila izango ziaten gero hemen, Euskal Herrian, sektore handi baten gaitzespen gogorra ez jasotzea. Orain, aldiz, komentario bat edo beste entzun diat, baina gaiari buruzko polemika publikorik ez duk sortu, nik dakidala.

—Aktoreek bizi beharra zeukaten, askotan ez diten ezetz esateko aukerarik, eta gainera horietako batzuk ideologikoki Patria-tik oso urrun dauden lanetan ere aritu ditun, Altsasu-n, besteak beste…

—Ez gaizki interpretatu nire hitzak. Niri zilegia eta errespetagarria iruditzen zaidak aktore horiek Patria-n parte hartu izana, batzuetan, dena esan behar baldin bada, barrua irauli badit ere hain estimu handia diedan aktoreak hain diskurtso gezurti eta manikeo baten mesedetan lan egiten ikusteak. Esaten ari nauk gaur egun jarrerak malguagoak direla, eta lehen baino gehiago errespetatzen direla besteen iritziak, aukerak eta jokabideak.

—BERRIAn argitaratu berri duen artikulu batean, Iñaki Galdosek salatu din gaur egun ere ezer gutxi behar izaten dela etiketa deskalifikatzailea bereganatzeko, eta neoliberala dela erabiliena.

—Baina lehen askoz ere gogorragoak zituan deskalifikazioaren ondorioak. Orain ez diagu batak bestea hain erraz etiketatzen, ukatzen eta mespretxatzen.

—Zerbaitetan aurrera egin dinagu, beraz, ezta?

—Baietz esango nikek. Baina, neurri batean, lehen onartezinak iruditzen zitzaizkigun gauzak onartzen ohitu eta laketu garelako ere gertatzen duk hori, lehen onartezinak iruditzen zitzaizkigun jarrera eta jokabideetara lerratu garelako geu ere, amore eman dugulako aspaldiko ametsak gauzatzeko bide malkartsuan, garai bateko irmotasun ideologikoa nasaitu eta baretuta. Alde horretatik, argigarria duk oso Galdosek berak hik aipatutako artikuluaren amaieran dioena: “Garai haietan burges, autonomista, bultzagile, identitarioa… nintzela esaten zidatenei erantzuten nien bezala, hasia naiz galdetzen akusatzaileei zertan naizen neoliberala eta zertan ez diren eurak. Zertan garen (hain) ezberdinak, izugarri larria den gai baten inguruan lubakiak eraiki nahi izateko”. Ematen dik zer pentsatua.

—Horrek Joseba Sarrionandiak Euskadiko Ezkerraz idatzi zuen hura ekartzen zidan gogora: “Nahi ez genuen ia guztia lortu dugu”.

—Bai, ondo ekarria zegok. Baina gero eta argiago geratzen ari duk ez direla EEkoak izan nahi ez zuten ia guztia lortu dutenak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.