Miren Garate
Euskal kultura eta ondarea modaren eta diseinuaren bidez berreskuratzeko asmoz sortu zuen Amarenak proiektua Oihane Pardok (Donostia, 1986), duela lau urte. Besteak beste, euskal emakumeek Erdi Aroan erabiltzen zituzten burukoen historia berreskuratzeko proiektu bat du esku artean gaur egun.
Amarenak proiektuaren barruan, euskal emakumeek Erdi Aroan erabiltzen zituzten burukoak aztertu dituzu. Nondik nora sortu zitzaizun jakin-min hori?
Amarenak-ekin, urtebete pasatxo daramat Elkano fundazioarekin elkarlanean. Mundu biraren 500. urteurrenaren harira, garai hartako marinelen jantziak begiratzen hasi nintzen, eta garai hartako euskal gizon-emakumeak nola janzten ziren ere bai. Horrela aurkitu nituen burukoak. Mari Domingiren irudia banuen buruan aurrez, baina ez nekien buruko horiek nondik zetozen eta nolakoak ziren, eta ikertzen hasi nintzen.
Ikertu duzunaren arabera, nolakoak ziren? Zer funtzio zuten?
Atentzioa eman didaten gauzetako bat da zer aniztasun zegoen. Berrehun irudi baino gehiago bildu ditugu, eta denak dira oso ezberdinak. Punta forma duen hori dugu denok buruan, baina denetik dago. Funtzioari buruz teoria asko daude, baina argi dagoena da ezkondutakoan janzten zituztela. Euskal emakumeek, Erdi Aroan, ezkondu arte, ilea motz-motz eramaten zuten, eta hori ere harrigarria egin zait.
Zer mendetan erabili ziren?
Garairik gorena XVI. mendean izan zuten, baina guk aurkitu dugun lehen irudia XIV. mendekoa da. Hiru mendez gutxienez izan ziren burukoak euskal emakumeen janzkeraren ezaugarri, eta harrigarria da gaur egun ia ez ezagutzea.
Eta zergatik utzi zioten erabiltzeari?
1600. urtean Elizak dekretu bat atera zuen, esanez ea zer gertatzen zen Euskal Herrian, emakumeek oso gauza esplizituak eramaten zituztelako buruan. Antza denez, ez zioten kasu handirik egin, eta handik 23 urtera beste dekretu bat atera zuten. Garai hartan, gainera, globalizazioa ere hasi zen, eta gizakia konturatu zen mundua uste baino askoz handiagoa zela. Beste lekuetako modak ere sartu ziren, eta burukoa desagertuz joan zen pixkanaka.
Zein iturri erabili dituzu ikerketa egiteko?
Antzeko lan prozedura erabiltzen dut beti: ez naiz ikerlaria, baina iturrietara joaten naiz. Kasu honetan, Donostiako San Telmo museoarekin, Bilboko Euskal Museoarekin, Baionako Euskal Museoarekin eta abar nago harremanetan. Vascos y trajes eta Paperezko jantziak liburuak ere kontsultatu ditut. Garai hartako espedizioetan, marrazkilariak ere bidaltzen ziren, eta munduko toki ezberdinetan jendea nolakoa zen marraztea izaten zen haien lana. Kodex horiek gehienbat liburutegi nazionaletan daude, eta Espainiako, Frantziako eta Alemaniako liburutegiak kontsultatu ditugu.
Gipuzkoako Diputazioak sustatzen duen PiztuMETA finantzaketa kolektiborako kanpainan parte hartu duzu, eta lortu duzu gutxieneko ekarpena. Zein da orain zure asmoa?
Arroparen bidez istorioak plazaratzea da gure helburua, eta, horretarako, janzteko moduko arropa diseinatzen saiatzen gara, jendeak ez badu erabiltzen, transmisioa eten egiten delako. Batzuk oso eleganteak izan arren, buruko haiek berriro erabiltzea ez genuen oso erreala ikusten. Berrehun irudi baino gehiago bildu ditugu, eta finantzaketa kolektiboaren helburuetako bat da jendeari aukeratzeko aukera ematea; egin duten ekarpenaren arabera, boto kopuru bat jasotzen dute parte hartzen duten guztiek. Jendeak aukeratutako lau irudiekin kamisetak serigrafiatuko ditugu. Liburu bat ere egingo dugu. Jendeak burukoak ezagutzea nahi dugu, eta kamisetekin bakarrik motz geratuko ginela pentsatu genuen.
Amarenak sortuta, kaikuarekin egin zenuen lehen proiektua.
Kaikua errekuperatzea nahi nuen, baina ez hori bakarrik: asko interesatzen zitzaidan kaikuaren historia ere, eta horrela hasi nintzen ikerlariekin harremanetan jartzen. Euskal ondarean arropei lotutako altxor ugari daude, eta orokorrean oso ezezagunak dira edo informazio gutxi dago. Iruditu zitzaidan moda izan zitekeela horiek ezagutzeko bide erraz bat.
Leave a Reply