Miren Garate
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kide diren kolektiboek deituta, Hego Euskal Herrian greba orokorra izan zen urtarrilaren 30ean. “Lan, pentsio eta bizitza duinen defentsan” antolatutako lanuztea izan zen, eta, besteak beste, honako eskaera zehatz hauek egin zituzten antolatzaileek: gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta KPIaren arabera birbalorizatzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata, lan erreformei eta prekarizazioari aurre egiteko neurriak hartzea eta soldata arrakala desagertzea.
Euskal Herriko gehiengo sindikalak grebara deitzen duenean, Gipuzkoan izan ohi du arrakastarik handiena, eta urtarrileko greban ere hala izan zen. Industria alorreko enpresa handietan eta hiriguneetatik kanpoko merkataritza guneetan nabaritu zen gehien, eta zertxobait gutxiago tailerretan eta saltoki txikietan. Eskualde guztietan izan zuen jarraipen zabala, eta ia erabatekoa zenbaitetan, adibidez, Goierrin eta Tolosaldean. Jendetsuak izan ziren grebaren harira antolatutako manifestazioak ere. Sindikatuek emandako datuen arabera, 35.000 lagun batu ziren Donostian egindakoan. Hainbat arlotako kolektiboen koloreak ikus zitezkeen bertan: feministen bandera moreak, ekologisten berdeak, nekazarien traktoreak…
Antolatzaileak pozik geratu ziren grebak izandako jarraipenarekin. “Argi gelditu da mobilizatzeko eta kaleak hartzeko prest dagoen gehiengo sozial bat badela. Gaur oinarri sendoak ezarri ditugu herri subiranotasunaren bidean aurrera egiteko”, esan zuten.
Bestelako iritzia eman zuten patronalek eta zenbait alderdik. EAJrentzat, PSE-EErentzat eta PPrentzat, greba orokorra “porrota” izan zen. “Euskal gizartearen gehiengoak ulertu du gaurko greba politikoa dela, aldarrikapen ekonomiko eta sozialaren itxura eman nahi izan zaion arren”, adierazi zuen, esate baterako, EAJk. EH Bilduk, berriz, bat egin zuen grebarekin.
Pentsiodunak, lehen ilaran
Greban, protagonismo berezia izan zuten pentsiodunek. Lehen lerroan joan ziren, ikasleen, langile prekarizatuen eta etxeko langileen ordezkariekin batera. Alabaina, haien protestak ez ziren egun horretara mugatu. Hiru urte inguru dira Hego Euskal Herriko pentsiodunek pentsio duinen aldeko mobilizazioak hasi zituztela, eta COVID-19ak ere ez ditu atzera bota haien aldarrikapenak.
Osasun egoerari aurre egiteko ezarritako neurriek eraginda, aldi batzuetan galarazita egon da kalean elkartzea, baina ahal duten heinean eutsi egin diete protesteei, eta herri batzuetan astero-astero elkartu dira. Era berean, eskualde nahiz herrialde mailako mobilizazioak ere antolatu dituzte azken hilabeteotan.
Leave a Reply