Juan Luis Zabala
Egin al dun erosketarik Durangoko Azoka birtualean? —galdetu nion. —Urtero bezala. Baina aurten pantaila aurrean, jakina. Eta hik?
—Bai. Eutsi egin behar zaien ohitura onei. Baina gauza arraro bat gertatzen zaidan azkenaldian.
—Zer ote?
—Kulturaren hainbeste propaganda entzutea kontrako efektu moduko bat eragiten hasi dun nigan. “Kultura gara”, “Kultura lehen mailako premia da”, “Kultura segurua da”… Kulturaren hainbeste laudorio ez zaidan parte onekoa iruditzen.
—Heuri ere antzekoak esaten entzundakoa nauk, ez oso aspaldi.
—Bai, baina arrotz egiten zaidan gaur egungo kulturaren mundua. Ezin dinat patxadarik hartu gaurko idazleen eta musikarien lanak ganoraz ezagutzeko. Lehen lauzpabost idazle eta beste hainbeste musikari izaten zitunan ezagun samarrak, eta gehientsuenen lanak ezagutzeko aukera izaten geninan, eta bakarren baten alde eta beste bakarren baten aurka jarri. Baina orain zientoka idazle, musikari eta beste hainbat terrajetako sortzailez betetzen zaigun egunero kulturaren erakusleihoa, eta bataren aldeko hautua egiten hasi orduko beste baten berri iristen zain, are interesgarriagoa dirudiena, eta lehen denen aurrean eta denen gainetik zegoen hura orain atzean geratu dun, beste bat nagusitu delako, eta ohartzerako beste bat zetorren bidean atzetik aurrera… Zorabioa!
—Euskarazko sortzaile asko izatea ez duk ba albiste txartzat hartuko!
—Baina ez al zain iruditzen orain, dena irakurri eta entzuterik ez dagoenez, eta kritika sendorik ere ez dagoenez, hedabideetan irudi egokia ematen dakienak sekulako abantaila hartzen duela besteen gainetik?
—Dena den, marketin ona eginda ere generoa ona ez baldin bada alferrik izango duk beti. Ezer eskaintzen ez duen liburuak ez dik laudoriorik jasoko, egilea telebistan oso jator agertu arren. Beharbada nabarmentzen dena ez duk onena, baina bai ona, beharbada ez interesgarriena baina bai interesgarria. Horri eutsi behar diok.
—Badun deseroso sentiarazten nauen beste kontu bat ere.
—Ez hago erraz amore emateko, e! Hi haiz hi prakestu marmartia!
—Ez niken oso ozen esango, baina, hemen geure artean ari garenez, beste inork entzun gabe… Ez al da euskal kultura halako familia guai baten itxura hartzen ari? Areago: GKE batena edo santuz eta santaz betetako eliza batena? Denak hain kulturzale, euskaltzale, ezkertiar, feminista, ekologista, inklusibo! Denak bizipozaren irudi! Denak bat eginda kulturaren laudorio aingerutarretan eta sortzaileen prekaritatea salatzen! Batzuei entzunda, eman behar sortzaile izateko erabakia hartzea soldata bat jasotzeko nahikoa meritu dela.
—Hirea larria duk, eta erremedio zailekoa! Zahartzen ari haiz, txikito! Dinosauroen nostalgiak harrapatuta bizi haiz! Jurasiko-minak jota hago!
—Akaso. Baina errespetatu beharrekoa dun hori ere. Bazeukanat horretarako adina eta eskubidea ere.
—Egon hadi isilik! Utzi berriketak eta goazen taberna batera garagardo bana hartzera, orain irekita zeudek eta, auskalo noiz arte! Carpe diem!
Leave a Reply