Miren Garate
Urtarrilaren hasieran, Sarek deituta, milaka lagun elkartu ohi dira Bilbon —eta Baionan, Bakegileek deituta—, euskal presoen eskubideen alde. Osasun egoera dela eta, aurten herriz herri izango dira protestak. Hain zuzen, 216 herri eta auzotan elkartuko dira, bihar, 17:30ean, Bidea gara lelopean. Bi aldarrikapen nagusi izango dira: urruntze politikarekin amaitzea eta gradu progresioak egitea. Inaxio Oiartzabal (Donostia, 1986) Sare plataformako bozeramailearen esanetan, herrietan ere urteroko “aniztasuna” egotea espero dute.
Askotan aipatu izan duzue Bilboko manifestazioa bultzada handia izan ohi dela zuentzat urte osorako. Bilbon beharrean, herrietan mobilizatuko zarete aurten. Aldaketa horrek nola eragingo dizuela uste duzue?
Urtarrileko manifestazioak beti du berezitasun bat: jende aniztasuna. Aniztasun handia elkartzen da Bilbon, eta iruditzen zaigu 216 toki horietan ere hala izango dela. Ekonomikoki ere aldaketa handia eragingo digu, Bilboko ekitaldian urte osorako ekarpen handia jasotzen dugulako. Horregatik, bi euro=bi metro karratu kanpaina hasi dugu, ahalik eta jende gehienak egiteko ekarpena.
Ekonomikoki egoera larrian gera zaitezketela ohartarazi duzue.
Izan dugun uda izan dugu, eta antolatu ditugun mobilizazioak ere jende pilaketa handirik ekartzen ez zutenak izan dira. Horrek eragin du ekarpen ekonomikoak egiteko aukera gutxi izatea, baina urteari heldu ahal izateko behar-beharrezkoak ditugu ekarpenak. Bilbon ez izan arren, herrietan ere bultzada horri eustea espero dugu. Jende batek ez du mobilizazioetara joaterik izango: Kataluniatik edo Madrildik etortzen zirenek, pandemiagatik konfinatuta daudenek, zaurgarrienek… Horiei guztiei ekarpena egiteko aukera eman nahi genien, eta, oraingo distantzia soziala kontuan hartuta, kanpainaren oinarria da kaleko metro koadro hori erostea, hau da, presentzia hori bermatzea, bertan ez egonda ere.
Espainiako Estatuaren urruntze politika amaitzeko eskatuko duzue. Azken bizpahiru urteetan egin dira zenbait urrats, baina Euskal Herrira beharrean, batik bat Euskal Herri inguruko espetxeetara eraman dituzte presoak. Zuen ustez, zein da estrategia horren arrazoia?
Benetako arrazoia ez dakigu, baina badakigu pauso txiki horiek ematen ari direla, hau da, hurbilketak eta guretzat oso garrantzitsuak diren gradu progresioak ematen ari direla. Frantziak egin zuen bide beretik ari da jotzen Espainia. Oso kasu gutxi izan arren, Euskal Herriratzeak eta baimenak ere izan dira, eta horrek esan nahi du aukera badagoela. Bide horren estrategia erabaki badute, irmoki hartzeko eskatzen diegu guk, hau da, euskal preso guztiei progresio bide hori ahalbidetzeko eta etxeratze prozesua ahalik eta azkarren emateko.
Datozen hilabeteetan zer gertatzea espero duzue?
Guk espero dugu 2021a urte luzez ezagutu dugun espetxe politikaren amaieraren urtea izatea. Gaur egun, ez dira urrunen daudenak preso gehien dituzten kartzelak, eta horrek aldaketa bat ekarri du, batez ere senideei eragiten dien sufrimenduan. Espero dugu datozen asteetan eta hilabeteetan ere presoak gerturatzen jarraitzea, eta ea 2021eko maiatzean zer argazki dugun.
Datorren maiatza aipatu duzu. Zergatik data hori?
Matematikari jarraituz, azken asteetako pausoekin jarraitzen badute, gerturatzeen fasea maiatzerako eginda egotea espero dugu; ordurako, urrutieneko kartzeletan ez luke euskal presorik egon behar.
Horri buruz zerbait baieztatu dizuete?
Hartzen dugun susmoa da.
Aipatu duzu gradu progresioak egotea ere oso garrantzitsutzat jotzen duzuela. Zer lotura dago gerturatzeen eta gradu progresioen artean?
Berez ez dago lotura zuzenik, baina ikusi da urrutien dauden kartzeletatik gerturatzeko, ez Euskal Herrira ekartzeko, lehen gradutik bigarrenera pasatu dituztela presoak. Bigarren gradua lortzeak esan nahi du denbora batera baimenak lortzen has daitezkeela. Hirugarren gradua eman zaienak, berriz, Euskal Herriratu egin dituzte, nahiz eta bigarren graduan ere Euskal Herriratu dituzten batzuk.
Gaur egun, Espainiako Estatuan dauden euskal presoen %65 lehen graduan daude, %40 bigarrenean, eta %5 baino ez hirugarrenean. Zein da zuen eskaera?
Aurtengo erronketako bat izango da gizarteratzea gradu progresioen bidea zein den. Euskal presoek, urte askotan, lehen graduan bete dute zigor guztia, eta, legeak dioenaren arabera, lehen gradu hori behin-behineko epealdi bat da, hasiera eta amaiera duena. Beraien legeak betez, gradu progresioei bidea emateko eskatzen dugu, eta lehen graduan presorik ez egoteko.
Bihar arratsaldeko manifestazioez gain, goizean ekitaldia egingo duzue, eta Bilboko Euskaldunan bilduko dira alor sindikal, sozial eta politikoko ordezkariak, “agertutako adostasunak eta elkarbizitzaren alde egindako urratsak” azpimarratzeko. Zein da ekitaldi horren xedea? Eta zein elkartuko dira?
Orain arte elkarbizitzarako norabidearekin eta salbuespenezko espetxe politikaren amaierarekin bat egin duten alderdi politiko, sozial eta sindikalak egotea espero dugu. Arlo sindikal guztia barneratzea espero dugu; arlo politikoan, oraindik erantzun batzuen zain gaude. Horrez gain, norbanakoak elkartuko dira. Gure ustez, espetxe politika hau aldatzeko pausoak ematea ez zen lortuko aurrez egon diren elkar ulertzeko pauso horiek egon ez balira. Azken urteetan kontsentsu handi bat eraiki da salbuespenezko espetxe politikaren amaieraren inguruan, eta, pauso berriak ematen ari diren honetan, egin den ibilbide guztia goraipatu eta bide beretik lanean jarraitu behar dugula azpimarratu nahi dugu.
COVID-19ari aurre egiteko neurriek presoei ere zuzenean eragin diete, aurrez aurreko bisitak kendu edo murriztu direlako eta abar. Nola daude animoz?
Kartzeletan askoz gogorragoa da egoera: askok ezin izan dituzte senideak ikusi hilabete askoan, eta aurrez aurreko bisiten kasuan, agian, hamar hilabetean bakarra izan dute. Bideodeien bidez edo kristalaren atzetik bakarrik izan dute komunikazioa. Askotan azpimarratu dugu motxiladun haurren kasua ere. Iruditzen zaigu urrunketari COVID-19a gehituta, ume horiek umezurtz geratzen direla. Legeak baditu tresnak preso izanda ere guraso izaten jarraitzeko, eta uste dugu guraso presoei guraso izaten jarraitzeko eskubidea bermatu behar zaiela.
Leave a Reply