Ziurgabetasunez beteriko urtea

Ziurgabetasunez beteriko urtea

Miren Garate

Iaz, BERRIAko Euskara taldeak hitz edo esamolde bat aukeratu zuen hilabete bakoitzaren bukaeran, esanguratsuena iruditu zitzaiona. Hauexek izan ziren hautatuak: koronabirusa, dioxina, berrogeialdia eta konfinamendua, maskara, fasea, agerraldia, derrigorrezkoa, ez-jaiak, bigarren olatua, etxeratze agindua, txertoa eta brexit. 2020 hasieran, hurrengo hilabeteetan etor zitekeenari begira jarrita, inor gutxiren buruetan ageri ziren hitz horiek. Alabaina, birus baten hedapenak mundua hankaz gora jarri zuen, eta inoiz baino argiago ikusi zen gauzak izugarri alda daitezkeela egun batetik bestera.

Aurten ere badaude gorriz markatutako data eta ekitaldiak. Ziurrenik, unean uneko egoera ikusita erabaki beharko da egiteko modurik badagoen. Eta, ziurrenik, gaur-gaurkoz espero ez diren hainbat ezusteko ere ekarriko ditu urteak. Espero diren kontuetako batzuen bilduma egin du Gipuzkoako Hitza-k.

A.
AMAZON
Banaketa zentro berria egitekotan, Oiartzunen

Azken urteotan, saltoki txikien amesgaizto bihurtu da Amazon, online salmentetan espezializatutako multinazionala. Iazko azaroan jakinarazi zuen banaketa zentro bat irekitzekotan dela Gipuzkoan, Oiartzungo Lanbarren industrialdean, San Jose Lopez garraio enpresarenak ziren azpiegituretan. Merkatari elkarteen haserrea eragin du iragarpenak, eta protestak ere egin dituzte. Auzitegietara jotzea ere ez dute baztertu. Horrez gain, Oiartzungo Udalari eskatu diote ez emateko jarduerarako lizentziarik. Udalak agindu du gaia aztertuko duela eta txosten juridikoak eskatuko dituela.

B.
‘BATERAGUNE AUZIA’
Epaiketa saihestu nahian

Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziko bost epaituak —Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Rafa Diez, Arnaldo Otegi eta Miren Zabaleta— berriro epaitu behar direla ebatzi zuen abenduan. Haien abokatu Iñigo Iruinek iragarri du epaiketa egitea saihesten ahaleginduko direla, eta “luzea” izango dela orain etorriko den ibilbide juridikoa. Besteak beste, Konstituzionalean babes helegitea jarriko dute, argudiatuta benetako babes judiziala izateko eskubidea urratu zaiela auzipetuei, epaiketa bat bi aldiz egiteagatik. Tramiterako onartutakoan, Gorenaren azken epaia baliogabetzeko eskatuko dute, bai eta babes helegiteaz ebatzi arte epaiketa berriro ez egitea ere. Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura ere joko dute, salatzeko Madrilek ez diola kasurik egin Estrasburgori, 2018ko sententziak baitio auzipetuen eskariz soilik egin daitekeela auzi bat bigarrenez, eta auzipetuek ez baitute halakorik galdegin.

C.
COVID-19A
Guztia aldatu duen gaitza

Zalantzarik gabe, iazko protagonista nagusia izan zen COVID-19a, eta, txertoak itxaropena eragin duen arren, gauzek asko aldatu beharko dute aurten ere hala ez izateko. Gipuzkoan, abenduaren 27an jarri zituzten gaitzaren aurkako aurreneko txertoak, Pfizerrenak. Zahar etxeetako egoiliarrei hasi dira jartzen, eta arlo soziosanitarioan eta osasun arloan aritzen diren langileei jarriko dizkiete hurrena. Aurki merkaturatuko dituzte beste laborategi batzuen txertoak ere; Moderna enpresarena, esaterako. Talde immunitatea lortzeko zenbateko eraginkortasuna duten ikusi beharko da orain. Mutazioei aurre egiteko gai ote diren ere bai. Adituen arabera, luze joko du immunitatea lortzeko prozesuak: segurtasuna eta epe motzeko efikazia frogatuak dauden arren, ikusgai dago zenbaterainoko babesa emango duten txertook luzera begira.

D.
DEFIZITA UDALETAN
Muga, 79 milioikoa

COVID-19ak espero gabeko gastuak sortu dizkie udalei; aldi berean, gutxitu egin dizkie espero zituzten diru sarrera batzuk. Egoera hori dela eta, Gipuzkoako udalek denen artean EAEko BPGren %0,11 adinako defizita eduki ahal izango dute aurten. Dirutan, 79 milioi euro inguruko zifra kalkulatu da. Udalen banakako defizitaren helburua zehazteko, defizit global hori Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren kuoten proportzio berean banatuko da.

E.
ENPLEGUA
Erregulazio espedienteen bilakaerari begira

2020 amaieran, 2019 amaieran baino 4.110 langabe gehiago zeuden Gipuzkoan, eta, Gizarte Segurantzan, 6.424 afiliatu gutxiago. Datuei erreparatuta, esan daiteke pandemia ez dela uste adinako hondamendirik eragiten ari enpleguan, baina izan daiteke momentuko kontua. Izan ere, aintzat hartu behar da langile asko aldi baterako erregulazio espedienteetan sartuta daudela, eta horiek ez dira langabetzat hartzen, haien kontratuak ez baitaude hautsita, etenda baizik.

F.
FEMINISMOA
Premiazko datak

Azken urteotan masiboak izan dira mugimendu feministak antolatutako protestak. Martxoaren 8a gorriz markatuta ageri da aurten ere. Oraindik ez dute iragarri greba deialdirik egongo den edo bestelako protesta molderen bat hautatuko duten. Halaber, eguneroko gertaerek erakusten dute azaroaren 25ean ere egongo dela kalera ateratzeko eta Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna egiteko premia. Urtea hastearekin bat, Marian Ibarluzea arrasatearraren hilketa salatzeko protestak egin dituzte Gipuzkoako hainbat herritan. Abenduaren 28an desagertu zen emakumea, Lanzaroten (Kanaria uharteak, Espainia) eta haren lagun batek jarritako salaketaren ostean aurkitu zuten gorpua, abenduaren 30ean.

G.
GURASOTASUNA
Parekidetasuna baimenean

2021ean sartzearekin batera, indarrean jarri da hamasei asteko aitatasun baimena. Espainiako Gobernuak duela bi urte onartutako Berdintasunerako premiazko lege dekretuak ekarri du aldaketa. Arau horrek aurreikusten zuen modu mailakatuan luzatzea aitatasun baimenak, eta hiru urtez handitzea, amatasun baimenarekin berdindu arte. 2019. urtean zortzi astekoa zen baimen hori; hurrengo urtean, hamabi astekoa; eta aurten, hamaseikoa izango da. Hortaz, Europako Batasuneko aitatasun baimenen batez bestekoarekin parekatu da. Erditze egunean hasiko da baimenaren lehen sei asteak hartzeko aukera, eta bi gurasoak derrigortuta daude batera hartzera egun horiek. Gainerako hamar asteak, berriz, gurasoek erabaki dezakete noiz eta nola hartu, haurrak urtebete izan arte. Baimena besterezina da, eta %100 ordaindua.

H.
HONDARRIBIKO ALARDEA
Egoera bideratzeko deia

2019ko urrian, Hondarribiko Alarde Fundazioko gazte talde batek argazki bat atera zuen herriko Gernikako Arbolaren azpian, eta, irudiarekin batera, ohar bat atera zuen. “Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean dela parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa du”, zioen, besteak beste. Gerora ofizialki aurkeztu zuten taldea, Guztion Alardea izenarekin, eta oihartzun handia izan dute. Alde bateko eta besteko kideekin egin dituzte bilerak ordutik, baina aipatu izan dute prozesua “mantsoegi” doala. Batik bat, udalaren jarrera kritikatu izan dute taldeko kideek. Iaz, ez zen egin alarderik, pandemiagatik; beraz, aurten egiten bada, ikusi egin beharko da ea aurrerapausorik izan den.

I.
INGURUMENA
Inoizko urterik beroena, iazkoa

Igeldoko Behatokiak erregistratutakoaren arabera, datuak daudenetik —alegia, 1928tik—, inoiz izandako urterik beroena izan zen 2020.a. 14,7 gradukoa izan zen batez besteko tenperatura, 1989an eta 1997an baino hamarren bat beroagoa. Gipuzkoako Aldundiak iaz egindako ikerketa baten arabera, herrialdeko batez besteko tenperatura 1,2 gradu igo da azken 50 urteetan, eta mendearen amaierarako 3 eta 4 gradu artean igo daiteke. Beroa, uholdeak eta lehorteak izango dira hiriguneen mehatxu nagusiak.

J.
JAIAK
Udari begira

Ez-jaien urtea izan zen 2020a, martxotik aurrerako festa guztiak bertan behera geratu baitziren. Bide beretik jarraituko du egoerak 2021 hasieran. Esate baterako, sansebastianetan ohiko danborradarik ez da egingo Donostian eta Azpeitian, eta Urrezko Danborrik ere ez du banatuko Donostiako Udalak. Tolosan ere inauteriak ez antolatzea erabaki dute. Udako jaiak, berriz, COVID-19aren bilakaeraren mende egongo dira.|

K.
KIROLA
Haurrak, mugitzeko gogoz

Abenduaren 12an bertan behera geratu zen Eskola Kirola programa. Gurasoek, kirol eragileek, Ikastolen Elkarteak eta beste hainbatek eskatu dute berriz abiatzeko, eta elkarretaratzeak ere egin dituzte aldarrikapen horrekin. Gipuzkoako Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak ere bat egin du eskaerarekin, argudiatuz kirola “ezinbestekoa” dela “gazteen ongizaterako”. Haren esanetan, ikusi da entrenamenduetan jende gutxi kutsatzen dela.

L.
‘LA TRINCHERA INFINITA’
Oscar sarietan?

Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga euskal zinemagileek zuzendutako La Trinchera Infinita filma aukeratu du Espainiako Zinema Akademiak Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko. Nazioarteko filmik onenaren saria lortzeko lehian izateko, beste langa bat gainditu beharko du oraindik: AEBetako zinema akademiaren galbahea pasatu beharko du. Martxoaren 15ean jakinaraziko du hark zein bost film hautatu dituen. Oscarren sari banaketa, berriz, apirilaren 25ean izango da, Los Angelesen (AEB).

M.
METROA
Mirakontxa-Easo zatia, berriz esleitzear

Irailean bertan behera geratu ziren Donostiako Metroko Mirakontxa eta Easo arteko obrak, zundaketetan harri iragazkor bat agertu zelako eta Zubieta kalean zenbait zulo topatu zituztelako. Berriro lizitatu dute tarte hori, kostua uste baino gehiago igoko denez, legeak hala agintzen duelako. Euskal Trenbide Sareak (ETS) azaldu du proiektuak 50,9 milioi euroko oinarrizko prezioa eta 40 hilabeteko epea izango dituela. Zehazki, 4,2 kilometroko bidea da eraiki behar dutena. Orain arte egindako lanek 35,3 milioi euroko kostua izan dute, eta, ondorioz, metroaren lanen kostu osoa 85 milioi eurokoa izango da, espero baino %62 handiagoa. Esleipen berria maiatz aldera egiteko asmoa dute, baina ETSk jakinarazi du lanak ez direla etengo: “Lanean jarraituko da hondeatutako tunelaren hormigoizko egiturazko estalduran, zorupea sendotzeko eta auskultatzeko lanetan gerta daitezkeen gorabeherak ekiditeko”. Bien bitartean, lanak bertan behera uzteko eskatzen jarraitzen du Satorralaia herritarren plataformak.

N.
NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA
Zahar etxeak eta beste

Zahar etxeetakoa izan da Gipuzkoako lan gatazka garrantzitsuenetako bat azken urteotan. Ia lau urte dira gatazka hasi zenetik, eta, ELAk deituta, 245 greba egun ere izan dira ordutik. Oraindik akordiorik ez dute lortu. Garbiketako sektorean ere lanuzte bat baino gehiago izan da azken urteotan, eta aurten ere jarraituko dute protestek. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek grebara deituak dituzte eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten langileak, urtarrilaren 21erako eta 22rako. Hitzarmen horrek 5.000 langileri eragiten die, eta %80 emakumeak dira. Sindikatuek emandako datuen arabera, eraikinak eta lokalak garbitzen dituztenek %28ko soldata arrakala daukate kale garbiketan aritzen diren langileekin alderatuta.

O.
OLINPIAR JOKOAK
Tokiorako prestatzen

Iaz ziren jokatzekoak Olinpiar Jokoak, Tokion, baina atzeratu egin behar izan zituzten. Ondo bidean, aurtengo udan egingo dira. Kirol batzuetan, oraindik, amaitu gabe daude sailkapen probak, eta ezin da jakin zenbat gipuzkoar lehiatuko diren. Alabaina, batzuek, dagoeneko, poltsikoan dute txartela; esate baterako, Maialen Chourraut, Ander Elosegi eta Iñigo Peña piraguistek.

P.
PENTSIOAK
Gehiago kotizatu behar

Urte berriak berrikuntzak dakartza pentsioetan: bertan behera gelditu da Mariano Rajoyren (PP) Espainako Gobernuak ezarritako kalkulua —%0,25eko igoera defizita dagoen urteetan—, eta KPIaren araberakoa ezarri da. Horrela, kotizaziopeko pentsioak %0,9 igo dira. Hego Euskal Herrian 1.245,52 eurokoa da batez besteko pentsioa: beraz, 11,2 euro gehiago hilean. Erretiroa hartzeko baldintzak gogortu egin dituzte, ordea: 2011ko erreforman ezarri bezala, 65 urterekin hartu ahal izango da, baina 37 urte eta hiru hilabete baino gehiago kotizatu dutenek. Iristen ez direnek, 66 bete arte itxaron beharko dute.

R.
REALA
Finala, ziurrenik apirilean

Zaleen aurrean nahi zuten jokatu Espainiako Kopako finala Realak eta Athleticek iaz, eta horregatik erabaki zuten atzeratzea apirilean. Espainiako Futbol Federazioak esan du aurtengo finala (apirilak 18) baino lehen jokatu behar dela iazkoa. Hala, apirilaren 4a da gehien aipatzen den data, eta Sevillan (Espainia) jokatzea da asmoa. Ikuslerik izango den ez dago argi gaur-gaurkoz.

S.
SELEKZIOA
Ofizialtasunaren bidean

Euskal selekzioa FIFAko eta UEFAko kide izateko eskaria erregistratu zuen Euskadiko Futbol Federazioak abenduan. Urrats horrek beste fase batean jarri du ofizialtasunaren gaia, eta urte erabakigarria izango da 2021a. Besteak beste, Espainiako Futbol Federazioarekin akordioa lortzea izango da erronketako bat; izan ere, FIFAren estatutuetako puntuetako batean jasotzen da federazio eskatzaileak kide den estatuko federazioaren baimena behar duela. Gai horren inguruan akordio batera iristeko negoziazio aldi bat irekitzeko eskaria jada egin dio EAEko federazioak Espainiako Estatukoari.

T.
TXAPELKETA
Lehiarik ez, baina bertsoak bai

Egoera arrunta balitz, urteko kultur ekitaldi nagusietako bat Bertsolari Txapelketa Nagusia litzateke aurten. Bertsozale Elkarteak, ordea, atzeratzea erabaki du, ez direlako betetzen txapelketa behar bezala gauzatzeko baldintzak. Baina, txapelketarik egin ez arren, elkarteak hainbat jarduera prestatu ditu datozen hilabeteetarako; besteak beste, hiru Bertso Egun antolatuko ditu. Horietako bat Gipuzkoan izango da, Getarian, martxoaren 17an. Beste biak, berriz, Hazparnen (Lapurdi) eta Iruñean izango dira, hurrenez hurren, urtarrilaren 30ean eta otsailaren 13an.

U.
MARTIN UGALDE
100 urte jaio zenetik

Azaroan ehun urte beteko dira Martin Ugalde kazetari, idazle eta politikari andoaindarra jaio zenetik. 70 liburutik gora idatzi zituen, eta kazetari gisa lan mardula egin zuen. Euskaldunon Egunkaria-ko sustatzaileetako bat izan zen, eta, 1990ean, berripaper haren Administrazio Kontseiluko lehendakari postua bete zuen. Lan horretan jardun zuen 1998ra arte; ohorezko lehendakari izan zen gero. 2004an zendu zen, 84 urterekin. Bi urte lehenago, haren izena jarria zioten BERRIAren erredakzio nagusia eta beste hainbat kultur eta gizarte ekimen hartzen duen Andoaingo parkeari.

X.
HAMAR URTE
ETAren erabakia

Urriaren 20an hamar urte beteko dira ETAk jarduera armatua uzteko behin betiko erabakia iragarri zuenetik. Alabaina, oraindik ere hainbat korapilo geratzen dira askatzeko. Euskal presoena da horietako bat. Azken bizpahiru urteetan hainbat urrats egin dira, baina Espainiako administraziopean dauden presoen erdiak 400 kilometro baino urrunago daude gaur egun; Frantziaren administraziopean daudenei dagokienez, %77 daude gertuko kartzeletan, eta gainerakoak, laurden bat, 600 eta 1.100 kilometro artean. Memoriarena da aurrera egin ezinik dagoen beste kontuetako bat. Izen desberdinekin aurreko legealdietan osatu diren bake eta memoria lantaldeak dira blokeo horren adibide garbienak.

Y.
EUSKAL Y-A
Amaiera datarik gabe

Europako Batasuneko Kontu Auzitegiak iazko ekainean plazaratutako txostenaren arabera, Euskal Y-a amaituta egongo da 2030erako edo lehenago —epe ofiziala 2023 da—, baina hura Ipar Euskal Herriarekin lotzeko konexioaren lanek atzerapen handiagoa dute: “2037 baino lehen ez da planifikatuta ere egongo”. Horrek esan nahi du Euskal Y-aren funtzionamenduak, bere gaitasun osoarekin, gutxienez 29 urteko atzerapena izango duela. 2009-2012 tartean ere Jaurlaritzako Garraio sailburua izan zen Iñaki Arriola, eta orduan ere behin baino gehiagotan galdetu zioten noizko egongo zen amaituta azpiegitura. Zortzi urte geroago, galdera berari erantzun beharrean jarraitzen du. Espainiako Garraio Ministerioarekin eta Adif konpainiarekin batera lantalde bat osatu du Jaurlaritzak eta txosten bat prestatzekotan da aurtengo urte hasieran, epeak zehazteko.

Z.
ZUBIETA
Erraustegia, martxan

Abenduaren 11n, Zubietako erraustegia erakusteko agerraldia egin zuten Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko ordezkariek. Bertan Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jose Ignazio Asensio Ingurumen diputatuak jakinarazi zuten erraustegiak baimen eta lizentzia guztiak zituela. Era horretan, GuraSOS plataformak egun batzuk lehenago leporatutakoari erantzun zioten. Izan ere, erraustegia legeztatzeko prozesuan “irregulartasunak” atzeman dituztela esan zuen hark. Plataformak irregulartasun horiek jarraitu egiten dutela dio oraindik ere. Haren arabera, Nortegasek esan dio jarraitzen duela erraustegia gasez hornitzen, probako aldian bezala. Egoera hori legezkoa dela dio, baina GuraSOS elkarteak beste interpretazio bat egin du: uste du Nortegasek gas hornikuntzarekin jarraitzeak adierazten duela azpiegiturak ez duela bukatu probaldia, eta homologatu gabe jarraitzen duela oraindik. Plataformak dio egoera horrek ingurumen baimen integratuari eragiten diola.

Leave a Reply

Your email address will not be published.