Asier Imaz-Rebeka Calvo
Azaroan piztu ziren gerra hotsak Mendebaldeko Saharan, eta ez dira isildu. Ez da gatazka berria; 160.000 saharar daude Aljeriako Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan duela 45 urtetik —saharar iheslarien kanpalekua da Tinduf—.
Mendebaldeko Saharan giza eskubideen urraketa “sistematikoa” dela dio Fatimetu Zenanek, Ikaztegietan bizi den errefuxiatuak (Tinduf, 1999). Saharako errefuxiatuen kanpaleku batean jaio zen, eta haurra zela iritsi zen Euskal Herrira; Bermeora lehenik, eta Ikaztegietara gero. Gogoratu du “oso latza” dela Tindufen errefuxiatu gisa bizi diren sahararren egoera. “1975etik daude han, baldintza ankerretan eta jaioterrira itzuli ezinik”. Zenanek berak ez du ezagutzen bere herria: “Ez dut inoiz zapaldu Mendebaldeko Sahara. Ez dut han egoteko eskubiderik, eta hor daudenak zapalduta daude… Marokotik Mendebaldeko Saharara sartzeko, muga bat dago, check point moduko bat, eta marokoarrak ez direnak ezin dira pasatu bertatik. Ez dugu horretarako eskubiderik”. Han sartuz gero “oinarrizko giza eskubideen zapalkuntza” ikusteko aukera izango luketela dio. “Eta, beraz, Marokok ez digu uzten pasatzen”.
Bake akordioa
Marokok eta Fronte Polisarioak 1991n sinatu zuten bake akordioa, hamasei urteko gerrari amaiera emanez, baina egoera ez zen aldatu: bi aldeek erreferenduma egiteko konpromisoa adostu zuten, baina ez da gauzatu. Joan den azaroan, Fronte Polisarioak hautsitzat jo zuen 1991ko su-etena, eta gerra egoera ezarri zuen. “Gerra armatua ez da hasi Marokok su-etena hautsi zuen arte. Maroko militarki sartu zen Saharako zibilen aurka, eta Gergerateko eremuan modu baketsuan manifestazioa egiten ari ziren Saharako zibilen kontra egin zuen”. Zenanek adierazi du Fronte Polisarioak erantzun bat eman ziola horri. “Erantzun egin beharra zeukan, zibil horiek defendatzeko, eta Fronte Polisarioak orduan ezarri zuen gerra egoera”. Zenanek argi utzi du militarren arteko gerra egiten ari direla eta Gergeraten zeuden zibilak errefuxiatuen kanpalekuetara bueltatu zirela gerra piztu zen egunean bertan. Egun, gerra ez da amaitu, eta Fronte Polisarioak gerra parteak ematen segitzen du.
“Su-etena bortxatzeagatik” jo zuen gerrara Fronte Polisarioak, baina ez da lehen aldia Marokok su-etena bortxatzen duela: “1991ko akordioak dio Marokok ez duela subiranotasunik Mendebaldeko Saharan. Izan ere, deskolonizatzeke dagoen lurralde ez-autonomo bat da. Are gehiago, argi eta garbi dio ezin dituela ustiatu gure baliabide naturalak, baina ez du betetzen hitza”.
Nazioartera begira
Urteak dira, beraz, Marokok saharar herriarekin hitzartutakoa ez duela betetzen, baina nazioartean egoera behin ere ez dela auzitan jarri salatu du Zenanek. “Nazioarteak ez du ezer esan orain arte, gerra piztu den arte, tamalez. Hasieran gerra ukatu ere egin zuen, egoera Fronte Polisarioak sortu zuela esanda”.
29 urtez ez dituztela armak hartu esan du Zenanek, “isildu” egin direla eta nazioarteko herrialdeen laguntza jaso zain egon direla. Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak errespetatuko zirela uste zuten sahararrek, baina ez dute babesik jaso, eta, bake planaren alde badaude ere, armak hartu beharrean izan direla gaineratu du. “Autodeterminazio erreferenduma egiteko negoziazioak hasten badira, prest azalduko gara, noski; Fronte Polisarioak horretan sinesten du”. Baina armak hartu behar izan dituztela zehaztu du. “Eta, tristea bada ere, eskerrak armei, gure gatazkari oihartzuna eman baitiote nazioartean; bestela ez ginatekeen lerroburu izango. Maroko ere beldurtu da; pentsa, [Donald] Trumpen txio bidezko babesa jaso behar izan du”. AEBetako presidenteak idatzitako mezu bati buruz ari da Zenan. Txio horretan, AEBek Marokoren subiranotasuna onartzen zuten Mendebaldeko Saharan. Baina zer helbururekin? “Marokok Israel jarri du mahai gainean, monarkiaren babeserako ondo datorkiolako. Barne gatazka asko daude Marokon; Rif dago iparraldean, hegoaldean ere tentsioa dago, pobrezia handia dago…, eta horri gehitu behar zaio Israelgo auzia”.
Marokok berak Palestinaren aldeko hainbat akordio sinatu dituela adierazi du Zenanek. “Eta erregea da Palestinaren aldeko hainbat elkarteren lehendakaria. Kaosa sortzen ari da; barne gatazka asko ditu. Potentzien arteko liskarra dago: herria bost axola zaie eurei”.
Maroko eta Israelen arteko jokoak Aljeria presionatzeko helburua ere baduela dio. “Akordio horrekin, mahai gainean jartzen duzu Afrika iparralde guztia, Israel Marokon sartzen bada arlo guztietan sartuko baita, eta Aljeriak ez baitu onartuko Israel Afrika iparraldean sartzea”. Horrek gatazka bortitz samarrak sor ditzakeela dio. “Israel herrialde batean sartzen denean, txikitu egiten du dena, eta horrela egin nahi du Afrika iparraldeko herrialdeekin ere”.
Saharar Gazte Aktiboak
Bertara joaterik ez duen arren, Fatimetu Zenanek Euskal Herritik Sahara Mendebaldea laguntzen jarraitzeko asmoa du, eta, bide horretan, udan Saharar Gazte Aktiboak taldea sortzen lagundu zuen, oso argi baitu taldean lan egin beharra daukatela eragiteko. “Udan sortu genuen taldea, diasporan gauden gazteok behar bat eta hutsune bat dagoela ikusten dugulako. Euskal Herrian hasi genuen borroka hau, baina Espainiako komunitateko kide asko batu zaizkigu jada”. Talde horretako kideek argi utzi nahi dute Saharako gazteen eginkizuna. “Eta sentsibilizazio borroka horretan ari gara. Ekintzak antolatzen ditugu, hitzaldiak… Ezin gara geratu; betebehar hori dugu gazte gisa. Gure guraso eta aitona-amonek hasitako borrokari eutsi behar diogu”. Eurek lekukoa hartu dutela azpimarratu du Zenanek. “Eta borrokan jarraitzen dugu. Gazte saharar gehienak diasporan ari dira lanean, edo frontean daude bestela, lehen lerroan. Gazte asko armadan sartu dira euren errealitatea ikusita. Borrokarako jaio gara, eta presioa egiten jarraitu nahi dugu: ezin dugu utzi gatazka hau ahazten”.
Erabat sinetsita daude herria sentsibilizatzen badute politikoki zerbait lortuko dutela, “herriak bozkatzen baitu. Baditugu behar humanitarioak, bai, baina gurea ez da gatazka humanitario bat, gatazka politiko bat baizik, eta, horregatik, erantzun politiko bat behar dugu”.
Leave a Reply