Miren Garate
Astelehenetan eta ostegunetan, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen datuei adi-adi egoten dira herri txikietan ere. Gipuzkoan, 5.000 biztanle baino gutxiagoko 54 herri daude, eta hiru baldintza hartzen dira kontuan haien perimetroa itxi edo ez erabakitzeko: azkeneko zazpi egunetan herrian bi positibo baino gehiago izatea, azkeneko hamalautan positiboen intzidentzia tasa metatua 500 edo handiagoa izatea 100.000 biztanleko, eta, herriak ez ezik, osasun eskualdeak ere intzidentzia tasa hori izatea. Baldintza horiek guztiak betetzen dituztenez, konfinatuta daude Aizarnazabal, Ibarra, Irura, Leaburu eta Zestoa.
Aurreko egunetako datuak eta inguruko herrien egoera ikusita, Irurako Udala ez zuen ezustean harrapatu eremu gorrian sartu izanak —Villabonako osasun eremuan dago—. Asteartetik dago itxita, baina egun batzuk lehenago ere zenbait erabaki hartu zituzten: besteak beste, eskola kirolari ez berrekitea. Azkeneko hamalau egunetan, hemezortzi positibo izan dituzte. “Joera orokorra da, baina tasa goraka doala ikusteak beti kezkatzen zaitu. Hasieran, gainera, guri asko eragin zigun pandemiak, eta, luze doanez, neke puntu bat igartzen zaie herritarrei”, esan du Gorka Murua alkateak. Egunotan, ostalariekin hitz egitea izan da udaleko ordezkarien zereginetako bat. “Berriz ere diru laguntzen deialdi bat egitekotan gara, oso egoera zailean baitaude”.
Ez da gauza bera halako egoera batean zerbitzuei edo aisialdiari lotutako eskaintza handia duen herri batetik atera ezinda egotea edo herri txiki batean egotea. Baina Muruak nabarmendu du herri txikiek ere badituztela beren abantailak, besteak beste, elkar ezagutzen dutelako, eta laguntza ematea ere errazagoa izan ohi delako: esaterako, familiak konfinatzen dituztenean. “Pandemiaren hasieran, erosketa zerbitzua jarri genuen martxan, eta orain ere badago horretan laguntzen duen boluntario talde bat. Herri txikiok hiri batek baino gaitasun handiagoa edo baldintza hobeak ditugu azkar erantzuteko”.
Harategirik eta arrandegirik ez dutenez, baimena dute erosketak egitera ondoko herrira joateko; gainerakoan, lanerako edo ezinbesteko jardueretarako bakarrik atera daitezke herritik. Hurrengo egunei begira, Muruak uste du “pixkanaka” joango dela jaisten intzidentzia. Noiz atera ahal izango diren jakiteko, herriko egoerari bezainbeste, eskualdekoari begiratu beharko diotelakoan dago.
Herriko etxeekiko interesa
Irurako Udala ez bezala, Berastegikoa “ezustean” harrapatu zuen ixteko aginduak. “Bai, zeren momentu horretan ez geunden hain gaizki; datu okerragoak ere izan ditugu”, esan du Amaia Azkue alkateak. Lau egunean egon da itxita herria, aurreko ostiraletik astearte honetara. Ixteko agindua etorri zenean, 855,51ko intzidentzia tasa zuen herriak. “Baina etxe bereko zortzi pertsona ziren, eta hortik ez da atera broterik”. 1.100 biztanle inguru ditu herriak, eta sei pertsonak positibo ematen badute, gainditu egiten dute 500eko tasa.
Hasieran, herri txikiei esan zieten herri bakoitzaren egoera aztertuko zutela, eta hori litzateke egokiena, Azkueren ustez, ez bakarrik itxi edo ez itxi erabakitzeko. “Ulertzen dugu neurri batzuk hartu behar direla; herrian bertan ere zerbait erabakitzen dugunean, badakigu denei ez diela berdin eragiten. Baina ondo legoke pixka bat gehiago aztertzea herri bakoitzaren egoera, edo baremo ezberdinak hartzea kontuan”. Esate baterako, eskola kirolaz edo aisialdi ekitaldiak antolatzeko aukerez ari da: “Guk hasieratik egin dugu lanketa bat: talde txikiak izatea, burbuilak… Baina zaku berean sartzen gaituzte herri guztiak. Hala ere, ahal den heinean, ari gara gauzak antolatzen”.
Eskola, janari denda, harategia, farmazia eta oinarrizko zerbitzu gehienak badituzte herrian, eta, hasieran sustoa hartu zuten arren, itxita egondako egunak “lasai” joan zirela nabarmendu du. Uste du herriak ematen dituen aukerez gehiago ari direla gozatzen pandemia garaiotan. Bada beste kontu aipagarri bat ere: azken hilabeteotan, herriko etxe hutsekiko interesa handitu egin dela nabaritu dute. Gora egin dute salmentek, eta erroldan ere 1.100 biztanleko langa gainditu dute. “Lehen, herri txikietako lasaitasun hori gehiago lotzen zen aisialdiarekin, baina orain jendea konturatu da herri txikietan ere ondo bizi garela, zerbitzuen aldetik-eta esan nahi dut”.
Aisialdirako ere jendeak gehiago jotzen du orain herri txikietara, eta, horri lotuta, badu kexa bat alkateak: “Ez dakit herri txikietan bizi ez den jendeak zer kontzeptu duen herri txikien gainean”. Elurra egin zuen egunetan, jendetza joan zen Berastegira, eta “errespetu falta ikaragarria” egon zela esan du Azkue alkateak: autoak edozein tokitan, jendea jabetza pribatuko eremuetan, eta abar. “Inoiz baino gehiago sentitu dugu pentsatzen dutela hemen ez dagoela araurik, dena libre dela”.
Berastegiren bereizgarrietako bat da oso gertu dutela Nafarroa. Itxita jarraitzen du hango mugak. “Horrek asko eragiten digu, jendeak senide asko dituelako han. Gasolina botatzeko ere, gertuen Leitzakoa [Nafarroa] izan arren, Tolosara edo Andoainera joan behar izaten dugu. Beti jarri behar dira muga batzuk, baina batzuetan ez dakit oso logikoak diren”.
Leave a Reply