Miren Garate
Zenbait jardueratan, ez da ohikoa herriko jendearekin lan egitea; esate baterako, hotel, landetxe, kanpin eta abarretan. Beste batzuetan, berriz, erosleak erosi aurretik herriko nahiz inguruko saltokietan ondo begiratu nahi izaten du, hala nola erosi behar duen horrek kostu handia duenean: altzari bat, auto bat, ordenagailu bat… Posible da herrian ere antzeko zerbait egotea, baina ezaugarri jakin batzuetako zerbait nahi izatea eta horretarako kanpoko saltoki batera joan behar izatea: marka jakin bateko arropa, sakelako telefonoren bat, bizikleta bat… Pandemia dela medio, lehengo astelehenetik legearen arabera ezinbesteko jardueretarako bakarrik mugi daiteke herri batetik bestera, baina lehentasunezkoa den horren definizioa lauso samarra izan daiteke. Udalerrien konfinamenduak zuzenean eragin dien zenbait negoziorekin hitz egin du Gipuzkoako Hitza-k.
Gorla Auto Groupeko gerentea
Ibilgailua erosteko asmoa duenak baimenduta al dauka beste herri bateko kontzesionario batera joatea? Galdera hori izan dezake buruan kapritxoz edo ezinbestean auto bat erosteko asmoa duenak. “Oraindik ez digute erantzun ofizialki”, esan du Javier Bagues Gorla Auto Groupeko gerente eta Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkarteko (AEGA) salmenta arloko arduradunak.
Koronabirusa dela eta, udalerrien arteko mugak itxita egon ziren aurreko aldian, Jaurlaritzak baimendu egiten zuen ondoko udalerrira joatea jarduera sozioekonomikoetara, eta kontzesionarioek ez zuten inolako arazorik izan bezeroak hartzeko. Oraingoan, ordea, ez dago halako salbuespenik, eta saltzaileek beraiek ere ez dute argi zer esan bezeroei. Agiriak egin ohi dizkiete hitzordua hartuta joaten zaizkienei. “Autoa hondatuta badugu eta behar baldin badugu, utzi behar ligukete, baina ez daukagu argi. Geratzen zaituenaren interpretazioaren mende dago pixka bat”.
Esposizioetan oso mugimendu gutxi dagoela kontatu du. “Egia da orain joaten direnak erostera joaten direla, ez begiratzera bakarrik”. 2020a urte txarra izan zen sektorearentzat. Gipuzkoan, %30 inguru jaitsi zirelako salmentak. “Eta urte hasiera hau ere izugarri gogorra ari da izaten. Tailer ofizialak eta abar ere sufritzen ari dira, baina salmentetan aritzen garenok, askoz gehiago”.
Indarrean dauden neurrien eraginez bezeroak asko gutxitu zaizkien arren, laguntza zuzenik ez dutela jasotzen azaldu du. “Tabernek-eta diru laguntzak jasoko dituzte itxiz gero, baina guri esaten digute irekitzeko baimena badugunez ez dagokigula laguntzarik, egiteko enplegua erregulatzeko espedienteak, horretarako daudelako”. Hain zuzen, sektoreko enpresa gehienak erregulazio espediente horiei esker daudela irekita adierazi du.
Laguntza zuzenak emateko modurik ez badago, bederen beste neurri bat indarrean jartzeko eskatu du Baguesek. “Ea, behintzat, herritarrei autoak erosteko diru laguntzak ematen dizkieten eta horrek pixka bat suspertzen dituen salmentak”. Gaur-gaurkoz, ez dago Renove planik Gipuzkoan, eta AEGAko kidearen hitzetan, ez dakite Jaurlaritzak datozen hilabeteetan halako programaren bat martxan jartzeko asmorik duen edo ez.
Basoko altzari dendako arduraduna
Astelehen goizean bertan deitu zuten Ertzaintzara Villabona-Amasako Basoko altzari enpresakoek, ea bezeroek beren dendara joateko aukerarik bazuten galdetzeko. Jaime Garces dendako arduradunak kontatu duenez, ondorengoa erantzun zieten: “Obra martxan badago, bezeroekin geratzen uzten digute, hitzorduarekin. Baina, adibidez, ezin omen da bururatu eta sofa bat erostera joan, ez delako lehentasunezkoa. Orain arte ez dugu arazorik izan, baina uste dut kontua geratzen zaituen ertzainaren esku dagoela pixka bat”.
Bi arloak lantzen dituzte Basokon: proiektuetan lan egiten dute gehienbat, baina altzariak ere saltzen dituzte. “Norbaitek telebistarako altzari bat behar badu, hori ere eskaintzen dugu, baina gure lana gehiago bideratu dugu altzari horren atzean zer paper jarri, zer lanpara eta halakoak aholkatzera. Eta horretarako ezinbestekoa dugu bezeroekin geratzea”. Horrez gain, sofak bakarrik saltzen dituen denda bat dute Donostian.
Proiektuetarako jendearekin elkartzeko baimena badutenez, Garcesen esanetan, herrien itxierak ez die hainbeste eragin, eta lanerako aukera izan dute orain arte, Aste Santuaren aurretik guztia itxita egon zen bi aste haietan salbu. Ez dute erregulazio espedienterik aplikatu beharrik ere izan. Donostiako dendan, ordea, igartzen dute salmenten jaitsiera. “Eta eskerrak Donostian dagoen, jende asko bizi den leku batean: Villabonan dagoena sofa denda bat balitz, itxi egin beharko genuke”. Errepide ondoan dagoen denda da Basoko. Herriko bezeroak ere badituzte, noski, baina eremu zabalagoa hartzen dute: “Batez ere Goierriko, Tolosaldeko, Lasarteko, Andoaingo eta Donostiako bezeroak ditugu”.
Lan egiteko moduan zenbait aldaketa egin dituzte azkenaldian. Adibidez, Interneteko beren atarian sartu orduko, hitzordua eskatzeko aukera ageri da. “Gazteak ia beti hitzorduarekin etortzen dira. Horrela antolatuago gaude, eta jendeari arreta hobeto emateko aukera izaten dugu”. Izan ere, lanez gainezka dabiltza Basokon, eta, oro har, sektorean ere bai, tartean, baita erreformetan aritzen diren gremioetan eta hornitzaileetan ere. “Lehen, erosketa egin eta hilabeterako etxean muntatuta izaten zen altzaria; orain, hiru hilabeteko epeekin gabiltza”.
Konfinamenduan jendeak ordu asko pasatu zituen etxean, eta gabezia ugari ikusi zituen. Beste konfinamendu bat etortzeko beldurra ere hor dago. “Suedian, Norvegian eta Europa iparraldeko herrialdeetan diru pila bat gastatzen dute dekorazioan, denbora asko pasatzen dutelako etxean. Estilo nordikoa hortik dator. Gero eta gehiago ari ginen iparraldeko estilo horretan sartzen, eta honek dena azkartu du”.
Faro de Higuer kanpineko langilea
Noiz edo noiz baten bat joaten zaie, baina ez da ohikoena herrikoak joatea kanpinera gaua pasatzera. Horregatik, udalerrien arteko joan-etorriak debekatzeak eragin zuzena izan du Gipuzkoako kanpinetan. “Momentuz, irekita jarraitzen dugu, baina oso aste gogorrak datozkigu”, esan du Darius Ursu Hondarribiko Faro de Higuer kanpineko langileak.
Martxoari begira jarrita daudela onartu du, bestela ere “sasoi baxua” izaten delako otsaila. “Ea martxotik aurrera gauza gehiagotarako baimena ematen diguten, orduan hasten baikara ondo samar lanean”. Argi du gauza bat: “Oraingo neurri hauek martxoan hartuko balira, hondamendia izango litzateke. Begira iaz zer gertatu zen”.
Iaz, martxotik ekainera bitartean itxita egon ziren, eta udan irekitzeko modua izan zuten arren, ez zen izan beste urteetan bezain ona. “Distantziak mantendu ahal izateko, ezin izan genituen sartu dendak, eta lan egin genuen arren, ez ginen iritsi erdira ere”. Urtean zehar, “gertuagoko bisitariekin” lan egiten dute; udan, berriz, atzerritarren ehunekoa igo egiten da. “Publiko frantsesarekin lan asko egiten dugu, eta ingelesak, alemanak eta abar ere etortzen dira”. Urrunagokoak ere bai, esate baterako, sanferminetara etortzen ziren amerikarrak. “Jaietara etortzen ziren, eta hemen hartzen zuten bungalow bat edo mobil home bat”. Sanferminak bertan behera geratzearekin batera, bisitari horiek ere galdu zituzten joan den urtean, eta uste du aurten ere zaila izango dela berreskuratzea.
Eibarko merkatarien elkarteko koordinatzailea
Merkataritzak pisu handia duen herria da Eibar. Ermua, Elgoibar, Soraluze, Mallabia, Elgeta, Mutriku, Deba, Ondarroa, Bergara, Antzuola eta beste hainbat herritako bezeroak hartzeko dago pentsatuta hango saltokien ehuna. Horregatik, herrien arteko mugikortasuna galarazteak “izugarri” eragiten diela esan du Vanessa Torre Eibarko merkatarien elkarteko koordinatzaileak: “100.000 biztanleko eremua hartzeko dago pentsatuta gure merkataritza ehuna. Itxita, Eibarko 27.400ekin geratu gara. %25 da hori”. Gertu dute Bizkaia, eta hango muga itxi zieten aurrena. Orain, berriz, herrien arteko joan-etorri guztiak daude debekatuta. “Aurreko aldian, ondoko herrira joateko baimena, behintzat, bazegoen. Orduan ere igarri genuen jaitsiera, baina oraingo honetan, izugarrizko kaltea ari gara jasaten”.
Pentsa daiteke herrietako konfinamendua onerako ere izan daitekeela tokian tokiko merkataritzarentzat, hirietara edo merkataritza gune handietara joaterik ez dutelako gehienek, baina Eibarren, behintzat, ez dela hala nabarmendu du Torrek. “Noski, hemendik ere joaten da jendea Bilbora, baina hori ez da arazo izan guretzat, joaten direnak baino gehiago etortzen direlako; jendea erakartzeko gaitasuna dugu guk”. Kontatu du arropa dendak ari direla gehien sufritzen. Merkatarien elkarteak dituen datuen arabera, Eibarrera erosketak egitera joaten direnen %90 arropa erostera joaten dira.
Neurri berriek merkealdi garai betean harrapatu dituzte. “Aste hauek funtsezkoak izaten dira dendentzat, neguko sasoiari errematea ematen dietelako eta arropa berriarekin hasten direlako”. Pandemia guztientzat luze baldin badoa, are gehiago Eibarko saltokientzat. “Urte osoa egitera goaz gu. Zaldibarko zabortegiaren kontuarekin, airearen kalitateagatik eta abar etxetik ez ateratzeko esan ziguten, eta ez genuen inauteririk ere izan iaz. Otsailaren 14an itxi behar izan genituen dendak, gainerakoek baino hilabete lehenago”.
Aurtengo otsailaren 1etik aurrera, jarduera eteteagatik diru laguntzak jasotzeko aukera izango dutela esan diete, baina laguntza horiek ez direla aski izan ohi nabarmendu du Torrek. “Oso gutxi kobratzen da jarduera eteteagatik, eta dendek berdin-berdin jarraitu behar dute ura, argia, alokairua, telefonoa eta alarma ordaintzen, baita generoa ere”. Egoera den bezalakoa izanik, saltzaileak “ahal duten bezala eusten” ari direla nabarmendu du.
Leave a Reply