Jose Antonio Azpiazu: “Edozein tokitatik etortzen zen jendea, baita Ameriketatik ere”

Jose Antonio Azpiazu: “Edozein tokitatik etortzen zen jendea, baita Ameriketatik ere”

Miren Garate

Rodrigo Mercado de Zuazola gotzainak aginduta eraiki zuten Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea, eta 1542tik 1901era egon zen martxan. Herriko bizimoduan nolako eragina izan zuen ikertu du Jose Antonio Azpiazu historiagileak (Legazpi, 1944) Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatearen historia soziala liburuan. Ikasleek herriko gazteekin harreman estua zutela kontatu du, asko ibiltzen zirela elkarrekin. Horrez gain, herriko ekonomiarentzat ere garrantzi handia izan zuela dio: “Ke gabeko lantegi bat zen unibertsitatea”.

Sancti Spiritus unibertsitatearen historia kontatzen duzu liburuan, baina haren alde sozialean zentratu zara. Zergatik?

Alde akademikoa ikertuta zegoen: 1930ean frantziskotar batek liburu bat egin zuen, eta Iñaki Zumalde, Juan Antonio Morales, Rosa Aierbe, nire liburuaren aurkezpena egin duena, eta beste historialari batzuk ere ibili dira unibertsitatea ikertzen. Baina ez zegoen ikertuta unibertsitateak nolako eragina izan zuen Oñatiko eguneroko bizimoduan, eta, oro har, Euskal Herrian eta Iberiar penintsularen iparraldean. Eguneroko bizimodua nolakoa zen, zer jende etortzen zen, zer ikasten zuten eta horrelakoak landu nahi izan ditut.

1542an ireki zuten unibertsitatea. Nolatan jarri zuten Oñatin?

Fundatzailea, Rodrigo Mercado de Zuazola gotzaina, oñatiarra zen, oso pertsonaia inportantea: Errenazimentuko gizon bat, oso buru aberatsa zuena, liburu pila bat irakurritakoa… Diru asko egin zuen, eta nahi izan zuen diru hori guztia unibertsitate bat egiteko erabiltzea. Pentsa, garai hartan, unibertsitatea egiteko eta haren gastuei aurre egiteko 50.000 dukat eman zituen, izugarrizko dirutza. Esaten zuen Oñatin eta inguruan gazte abilak zeudela eta ikasteko aukera eman behar zitzaiela. Horrelaxe sortu zen XX. mendera arte hemen egon zen unibertsitate bakarra.

5.000 biztanle inguruko herria zen Oñati, eta ikasle asko hartzen zituen urtero. Nola aldatu zuen horrek herriko eguneroko bizitza?

Mercado de Zuazola ziur zegoen oñatiarrek ondo onartuko zutela unibertsitatea eraikitzea, eta hala izan zen. Ikasleek oso harreman estua zuten herriko gazteekin. Izaten ziren, noski, borrokak eta liskarrak ere, baina asko ibiltzen ziren elkarrekin: ehizara joaten ziren, jokoetan aritzen ziren… Jende asko etortzen zenez kanpotik, Oñatirentzat ere diru iturri inportantea izan zen unibertsitatea. Askok zituzten hotel txikiak, baserriak eta abar ikasleei ostatu emateko. Hainbeste urtean krisialdi asko etorri ziren, eta alkateak eta herria gertu egoten ziren katedrei eusteko eta unibertsitateko gastuei aurre egiteko dirua emateko. Ke gabeko lantegi bat zen unibertsitatea; emankorra, gainera.

Garai hartan ez zen gaur egun bezain ohikoa unibertsitatera joatea, eta estatus bat emango zuen. Horrek ez zuen arrakalarik sortzen herriko gazteen eta ikasleen artean?

Edozein familiak ez zuen ahalmena semea unibertsitatera bidaltzeko, eta egia da ikasle gehienak aberaskiloen semeak zirela. Baina oñatiarrek eta ingurukoek abantaila bat zuten: gotzainak esan zuen jende xumeak ere aukera izan behar zuela unibertsitatean ikasteko. Dirurik ez zuten ikasleek goizean hango lanetan laguntzen zuten, eta arratsaldean, ikasi. Hau da, aberatsak ziren ikasle gehienak, baina pobreek ere izan zuten ikasteko aukera. Arrasate inguruan kooperatibek aukera ematen dute goizetan lan egiteko eta arratsaldetan ikasteko; bada, Oñatiko unibertsitatea aitzindaria izan zen horretan.

Zer ikasten zen Oñatin?

Legeak, zuzenbide zibila; kanonak, elizako zuzenbidea; eta teologia. Eta oso gutxi ikertu izan den beste gauza bat ere bai: sendagile eta mediku asko atera ziren Oñatitik.

Ikasketak amaitutakoan herrian geratzen al ziren kanpotik etorritako ikasleak?

Batzuk bertako irakasle gisa geratzen ziren, baina unibertsitatean ezin ziren zortzi urte baino gehiago egin irakasle, eta, orduan, beste unibertsitate batzuetara joaten ziren, edo administrazioan edo gorteetan goiko postuak lortzen zituzten. Espainian ere izaten zituzten goiko postuak, baina, batez ere, Ameriketan: euskaldunak izanda, jauntxoen semeak izanda, eta Oñatiko titulua izanda, kristoren arrakasta izaten zuten Ameriketan. Anekdota batzuk ere badaude horri lotuta. Adibidez, herriko neskek ikusten zuten tituludunak ateratzen zirela unibertsitatetik, eta baziren haien atzetik joaten zirenak ere. Zerbait gertatu, eta auzitan ere amaitzen zuten batzuek.

Ikusi duzu gutxienez emakume batek ere ikasi zuela Oñatiko Sancti Spiritusen.

Liburua ia amaitua nuenean, ikasleen zerrendari begira hasi nintzen, eta izena baino lehen dn agertzen zen, don, baina halako batean da ikusi nuen, doña-rena, eta ondoan, Antonia Maria Cortazar. 1806koa zen, eta garai hartan Espainiako unibertsitateetan ez zegoen ikasle emakumerik, Oxforden [Erresuma Batua] bertan ere, XIX. mendean oso aurrera joan arte ez zen egon emakumerik. Horrek esan nahi du nahiko aurrerakoiak zirela Oñatin; beharbada, Ilustrazio garaiko Frantziako eragina izango zen. Hala ere, harrigarria da familiari eta herriari aurre egitea eta unibertsitateak ere onartzea.

Gainerakoan, zerk harritu zaitu gehien?

Kanpotik ere hainbeste jende etortzeak. Ez zen izan herriko eta inguruko jendearentzat bakarrik: beste unibertsitateak bezalakoa izan zen, eta edozein tokitatik etortzen zen jendea, baita Ameriketatik ere. Kuriosoa da Ameriketatik etorritako batzuek izen euskaldunak zituztela. Seguru asko hara joan eta dirua egindako langile euskaldunen semeak edo ilobak izango ziren, eta Oñatiko unibertsitatea ezagutzen zutelako bidaliko zituzten hona. Gainera, Salamancakoa [Espainia] baino merkeagoa zen Oñatikoa, eta errektore jaunak kontrolatu egiten zituen ikasleak: erronda egiten zuen gauetan ikasleak etxera joateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.