Asier Zaldua
Goierri Garaian industriak indar handia izan zuen garai batean, eta horren erakusle ziren Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako sarrerak. Legazpikoak nola hala eusten dio —Patricio Echeverria itxi egin zuten, baina Bellota, CIE eta GKN enpresek jarraitu egiten dute—, baina Zumarragako eta Urretxuko sarrerek itxura okerragoa dute. Zumarragako Arcelor Mittal duela bost urte itxi zuten; Urretxuko Irimo eta Sarralde, berriz, lehenago itxi zituzten.
Urretxuko sarrera berpizten ari da, ordea. Telleria enpresak Irimo zenaren lursaila erosi du, eta han pabiloi berriak eraikitzeko asmoa du. Sarralderi dagokionez, Urretxuko Udalak lursaila Sprilur elkarte publikoari saldu dio, eta hark orube bat behar duten enpresei eskainiko die. Udala “itxaropentsu” da, herriko sarrera oso ondo komunikatuta baitago: ondoan du Beasain-Bergara autobidearen sarrera, eta N-1 eta AP-1ekin lotura du autobide horrek.
Irimo erreminta enpresa oso ospetsua izan zen garai batean. 2003an itxi zuten, eta degradatu egin da ingurua. Han hipermerkatu bat irekitzekoak ziren hasieran, baina merkatariak proiektu horren aurka azaldu ziren, eta egitasmoak ez zuen aurrera egin. Telleriak beste lursail bat behar zuen enpresa hazteko, eta, udalaren bitartekaritzarekin, Irimoren lursaila erosi zuen. Dagoeneko bota ditu Irimoren eraikinak, eta, pabiloi berriak eraiki ondoren, Zumarragako industrialdetik Urretxuko sarrerara lekualdatuko da.
Piezak mekanizatzen ditu Telleriak, eta hidroelektriko eta aeronautika alorretarakoak egiten ditu. Hainbat pabiloitan sakabanatua dago, eta instalazioak bateratu nahi ditu orain. Helburu hori buruan, egokia iruditu zaio Irimoren lursaila. Aurten, urte amaieran hasi nahi dituzte eraikin berriaren obrak, eta 2023an Argixaotik Urretxura jaistea espero dute.
Urretxuko enpresa indartsuenetako bat izan zen Irimo. Mundu osoan ezagun egin ziren urretxuarren mendi kutunaren izena daukaten erremintak, eta ezagunak dira oraindik ere. 1927an sortu zuten enpresa, Iñurritegi eta Larreategi izenarekin. 1930ean, Jose Luis Aparicio sartu zen enpresan, eta 1939an, Jose Luis Aparicio y Cía. S.L. izena hartu zuen. Ondoren, enpresak Aparicio Hermanos S.A. eta Irimo S.A. izenak izan zituen. Enpresa horretako langileentzat eraiki zuten Aparizio auzoa.
Arazoak pixkanaka
1977-1978an hasi ziren enpresaren arazoak: ordainketak etetea, lanorduak doitzea, kontratuak moztea… Lan sozietate izatera pasatu zen. Inguruko lehen lan sozietatea izan zen. 750 langile ziren, eta bideragarritasun planak zioen 500 langilek bakarrik jarrai zezaketela lanean. Hala, 250 langilek kalteordaina jaso zuten, eta 500ekin jarraitu zuten lanean.
Enpresa langileen eskuetara pasatzeak, ordea, ez zituen guztiz konpondu Irimoren arazoak. Txarra zen sektorearen egoera, eta beste enpresa batzuekin elkartzea erabaki zuten: Gasteizko Acesarekin eta Irungo Palmerarekin, hain zuzen ere. Hala, Favahe sortu zuten. 1990eko hamarkada hasieran, Irimoko langileek ia hutsaren truke saldu zituzten euren akzioak, eta sozietate anonimoa izatera pasatu zen Favahe. Momentu hartan, banandu egin zituzten forja eta erreminta sailak. Forja SFP taldean sartu zen, eta erreminta sailekoek Favahen jarraitu zuten. 1995aren hasieran Eurotools izena hartu zuen Favahek, eta urte amaieran Snap-on AEBetako multinazionalak erosi zuen, Europako merkatuan sartzeko. Snap-on multinazionalak milaka langile eta marka ugari ditu mundu osoan.
Eurotoolsen lantokirik txikiena zen Urretxukoa, eta ixtea erabaki zuen Snap-on multinazionalak. Irimo markako erremintak ekoizten ditu oraindik, baina ez dira Urretxun ekoizten eta dagoeneko ez dago lantegiaren aztarnarik. Toki berean, etorkizun oparoa izan dezakeen enpresa bat ezarriko dute, behintzat.
Sarralde enpresa
Irimorenak ziren pabiloien ondoan daude Sarralde enpresarenak. Kalitate handiko altzairuak egiten zituen, baina porrot egin zuen. 2007-2011ko legealdian, udalak lursaila erosi zuen —10.000 metro koadro—, eta iaz, urte amaieran, Sprilurri saldu zion, 1,7 milioi eurotan. Sprilurrek sail hori eskainiko die lursailak behar dituzten enpresei. Enpresa bakar bat hartzea da bi aldeen asmoa, 60-70 pertsonari lana emango diena.
Pozik dago Jon Luqui Urretxuko alkatea. “Bost urte eta erdi daramatzagu udalean, eta ez genuen uste Urretxuko sarrera egungo moduan ikusiko genuenik. Aldundiak biribilgune bat egingo du hor, eta enpresen aurreko espaloia zabaltzeko asmoa dugu. Asko aldatuko da herriko sarrera”.
Udalak Kaminpen, Arcelor Mittalen galdategian eman nahi du hurrengo pausoa. Zumarragan daude pabiloi gehienak, baina Urretxun dago Kaminpe. “Orain arte bezala, erabilera ekonomiko-industriala izatea da gure asmoa. Hainbat alorretako enpresak etorri dira galdezka, eta Arcelor Mittalekin ere elkartu gara”.
Leave a Reply